Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Jon Juarez. Marrazkilaria

«Irudia ez dago hitzaren menpe; asmatutakoa da hierarkia hori»

Eskaladatik marrazkilaritzara egin zuen jauzia Juarezek, eta jauzi horri egindako keinu bat da ondu duen erakusketaren izena: 'Harri orri har'. Mundu bat da harena, ezaguna bezain arrotza.

GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2021eko abenduak 22 - Donostia

Marrazkilari autodidakta eta mundu berezi baten jabea da Jon Juarez (Iruñea, 1983). Egin ditu komikiak, egin ditu hainbat marka ezagunentzako enkarguak, Angry Birds Toons marrazki bizidunetarako lanak, Kapucinskiri buruzko Another Day of Life dokumentalerako piezak, eta HBO plataformaren serie baterako worldbuilding-a ere bai. Harri orri har izeneko erakusketan bildu ditu bere piezarik kutunenak. Zumarragan (Gipuzkoa) egon da ikusgai.

 

Zer jolas da Harri orri har?

Bada, bai, jolas baten izena, baina nire kasuan beste zentzu bat dauka. Hamabost urte pasatu nituen eskalada munduan: harri. Marrazkilaritzara egin nuen gero: orri. Aukera bat egin nuen: har(tu).

Eskalatu eta marraztu... atzamarrak ongi dituzu?

Ez dira oso bateragarriak, egia esan. Arazoa daukat lotailu batean. Marraztea oso mugimendu errepikakorra da, eskalatzeko ez dit minik ematen, baina zaindu egin behar ditut eskuak ongi marraztu ahal izateko.

Marrazkilaria, ilustratzailea, animaziogilea, komikilaria, eskalatzailea... Zer jarriko dugu?

Marraztea ideia bat adieraztea da. Askotan, ideia bat daukat, eta bilatzen dudan tresna da ideia horri ongien datorkiona. Izan daiteke marrazkia, edo izan daiteke hitza. Azkenenean, bilaketa lan bat da: zein den ideia horri balioa emango dion hizkuntza egokiena.

Quentin Tarantino, Kill Bill filma eta Katsuhito Ishiiren animazioa.

Animazio txiki hura ikusi nuen, eta zerbait sentiarazi zidan. Ohartu nintzen balio zuela animazio modu hark zerbait adierazteko. Marrazki estilo narras hura kopiatzeari ekin nion, eta handik sortu zen nire estiloa, nire aukera.

Artista eta bere barne mundua. Zein da zurea?

Zaila da definitzea. Askotan, enkarguz egiten ditut lanak, eta enkargu horiek nire estiloa baldintzatu dute. Ez dakit nire unibertsoa zenbateraino den nirea edo beste horiena. Nire narrazioak eta nire komikiak egiten ditudanean, sentitzen dut hori dela benetan nire lekua.

Adituek diote zureak toki ezagunak direla, baina, aldi berean, arrotzak.

Pentsatu behar dut hala ote den [barrez]. Kontua da nire argazkiak erabiltzen ditudala askotan: Madrilgoak, Islandiakoak... Eta horiek hackeatu egiten ditut, nolabait. Lekuz kanpo dauden ideiak eta elementuak sartzen dizkiet.

Marrazkiak behar du testua, ala testuak behar du marrazkia?

Ez dago ordena bat, ez dago hierarkia bat. Balioa daukana ideia da. Eta ideia hori jaio daiteke iruditik, edo jaio daiteke hitzetik. Egiten dugun hierarkia hori asmatutakoa da. Esaten dugu hitzaren menpe dagoela irudia, batez ere hitza delako denok erabiltzen dugun tresna. Denok hitz egiten dugu, baina denok marraztea arraroagoa da.

Zer da worlbuilding-a?

Proiektu bat oraindik oso berde edo garatu gabe dagoenean egiten dugun deskribapen, ikerketa edo aurreikuspen bat da.

Adibidez?

Pandemia garaian supermerkatuetan komuneko papera faltako dela aurreikustea worlbuilding-aren barruan egon daiteke. Concept-a horren hurbiltze estetiko bat litzateke: supermerkatu hori edo pertsonaien jarrera marraztea. Bata sakonagoa da; bestea, estetikoagoa.

Eta zuk horrelakoak egin dituzu HBOrentzat?

Bazuten kapitulu pilotu bat, eta bi grabazio. Horiek hartuta, nire lana izan zen ondoren etor zitekeen mundua diseinatzea.

Eta zein da etorkizuneko munduaren diseinu horretan falta ez den elementua?

Baikortasuna.

Freelance ilustratzailea zara. Nola dago merkatua?

Hamabi urte daramatzat honetan, eta esan dezaket bizi daitekeela oso ongi eta oso gaizki. Eta batzuetan, biak batera.

Noizko zure komikia?

Herbehereetako Dupuis argitaletxearekin argitaratuko dut. 2023an lehen liburua, eta 2024an bigarrena.

Aurreratu dezakezu zerbait?

Ezin dut. Baina western bat dago tartean; Euskal Herria ere agertzen da, eta etorkizuna.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Migel Joakin Eleizegiren hezurren arrastoak itzultzeko ekitaldia, atzo. ©

Berriz ere Altzoazpiko hilerrian dira Altzoko Handiaren hezurren arrastoak

Nagore Arin

Bi urtez Aranzadiko instalazioetan egon ondoren, berriz ere Altzoazpiko hilerrira itzuli dituzte Migel Joakin Eleizegi Arteagaren hezurren arrastoak.

Itziar Ituño aktoreak Malen Zubiri politikariarena egiten du <em>Intimidad</em> telesailean. ©DAVID HERRANZ / NETFLIX

'Intimidad', Netflixen gehien ikusi den telesaila, ingelesez bestekoetan

Urtzi Urkizu

Txintxua Filmsen fikzioa 58 herrialdetan sartu da Top10ean. IMDB-ko lehen 50etan kokatu da

Eneko Orozek 'Zer ikusi euskaraz' egitasmoa jarri du martxan
Edorta Agirre. / ©Gorka Rubio, Foku

«Janari pista galduz gero, nahi duena salduko digu sistemak»

Miren Garate, Gipuzkoako Hitza

Janaren inguruan «gero eta desinteres handiagoa» ikusten du Edorta Agirrek, Amantala ta mantela liburuaren egileak. Dioenez, «zelofanez ontziratutako produktuek» hartu dute lehengaien tokia. «Horiek zer duten? Sinetsi egin behar, ez baitugu kriteriorik».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...