ATZEKOZ AURRERA. Arrate Fernandez. Zinema zuzendaria

«Saiatu gara beste andre batzuentzako ispilu izaten»

Fernandezek aln ezberdinetan aritu edo aritzen diren hamalau emakumeren ahotsak batu ditu 'Gure hots' dokumentalean. Uste du memoria historikoaren parte izan beharko luketela.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun

Itxaro Borda, Maite Ariztegi, Alaia Martin, Esti Besa, Josebe Iturrioz, Mati Iturralde, Isabel Elizalde, Irantzu Varela, Ane Ablanedo, Nekane Jurado, Alizia Aleman, Maddi Zubeldia, Arantza Urkaregi eta Caroline Philips. Hamalau ahots; 1980ko hamarkadatik 2020kora eremu ezberdinetan aritu diren andreen hotsak. Hain justu, horiek guztiak bildu ditu Gure hots dokumentalean Arrate Fernandez zinema zuzendari eta ekoizleak (Andoain, Gipuzkoa, 1973). Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztuko du gaur, 18:30ean.

Zergatik gu horien aldeko hautua?

Gu hori osatu dugu batik bat belaunaldi ezberdinetako emakumeok, eta Euskal Herriko lurralde ezberdinetakook. Era horretan, asmoa genuen ikustea zer gertatu den emakumearen lan merkatuan, eta hori aintzakotzat hartzen dugu bagenuelako tesi bat ea transmisioa egon ote den belaunaldien artean.

Horretarako, hamalau aukeratu dituzue.

Galdeketa antzeko bat egin dugu. Zerrenda luze bat geneukan, eta ohartu gara Euskal Herrian era honetako dokumental bat egiteko andre pila bat egongo litzatekeela.

Zerrenda luzea izanda, ezin denak ageri…

Hala da. Hirugarren adinean dauden zenbait andre, esate baterako. Gustuko dute dokumental bat egitearen ideia, baina beste batzuei eman nahi izan diete ahotsa.

Eta zerekin egin duzue topo?

Batetik, konturatu gara oso lan gutxi daudela emakumeen inguruan, bai beraien biografia aldetik, baita ekarpenetatik ere. Lan handia egin behar dugu oraindik gure liburutegietan eta gure ondare historikoan informazio hori guztia jasotzeko. Eta hau horretarako ere bada. Ahalegindu gara pixka bat irudi hori lantzen, eta beste andre batzuentzako ispilu izaten, besteengandik ikasteko.

Ondare historikoa aipatuta, lanak ere izango du zer memoria historikoaren garrantzian...

Bat egiten dut horrekin. Memoria historikotzat jo beharko litzateke, eta baita giza eskubideen aldeko lantzat ere. Oraindik baitirudi generoak arrakalak sortzen dituela, eta badirela hausturak, bai elkarkidetzan, bai zaintzan, bai kontziliazioetan.

Lan merkatuan?

Batik bat zaintzarekin lotutako lanetan, humanoagoak-edo direnetan. Emakumeen eskuetan daude oraindik ere, baina merkatuak ez du eskaintza berrietan begia jarri nahi. Badirudi legeak berdintasuna eta beste bermatu nahi dituela, baina teorian, errealitatean ez baita hori gertatzen.

Beraz, lanean, ikuspegi feminista funtsezkoa izan da?

Feminismoaren borroka ezinbestekoa da andreen lan munduaren ikerketan. Lehentasuna eman diogu lan munduari ikerketan, baina, paraleloki, funtsezkoa da kontuan hartzea feminismoak aldaketa oso sakonak eta beharrezkoak lortu dituela hainbat sektoretan. Eta gertatu da feminismotik borrokatzeak ere ekarri dituela hamarkada batzuetan ondorioak eta sufrimenduak andreentzat.

Landa lana ere egin duzu horretarako.

Dokumentazio askotan aritu naiz arakatzen: Emagin; Seaska; BERRIA; Aranzadi zientzia elkartea, SOS Arrazakeria... Testuinguruari lotzeko testigantzen bila, alegia. Horrela, ondo daude markatuta aldiak, batetik besterako pasabideak. Historikotzat jo daitezkeen frogagiriak dira hein batean.

Durangoko Azokan aurkeztu zenuen lana, baina orain Gasteizen izango zara, Nekane Juradorekin batera.

Dokumentalaren aurkezpena egiteko asmoa dugu lehenbizi, eta solasaldia ostean, Nekanerekin batera. Oro har, saio guztietan hartzen du parte dokumentaleko hizlariren batek. Gure asmoa da Euskal Herriko ahalik eta leku gehienetara iristea, baina baditugu zailtasunak txoko batzuetara ailegatzeko, hizkuntza dela, edo edukia dela. Beraz, norbaitek interesa edukiko balu, [email protected] helbidera mezu bat bidaltzea besterik ez du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.