ATZEKOZ AURRERA

Hutsunea hiru segundoz

Bilbo jauzien hiriburu bihurtu da asteburu honetan. Red Bull Cliff Diving munduko txapelketa egiten ari dira egun hauetan, eta Salbeko zubitik jauzi ikusgarriak egiten ari dira.
ARITZ LOIOLA / @FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko ekainak 30
Bat, bi, hiru, eta uraren soinua. Uretara begiratu, uraren aparra desagertzen ikusi, eta hiru segundo lehenago 27 metro gorago zegoen jauzilariak burua atera du uretatik. Arnasa hartu, eta ikusleei keinu bat eginda abiatu da itsasadarretik ateratzera. Atzoz geroztik, Bilbo Red Bull Cliff Diving lehiaketarako prestatzen ari da jauzilaria. Izan ere, entrenamenduetarako tartea eduki zuten txapelketan parte hartuko duten hamalau jauzilariek, eta gaur lehian arituko dira. Atzo bezala, gaur ere ikusleek zirraraz begiratuko diote Salbeko zubian jarrita dagoen plataformari, hiru segundoko tarte motz batean espero ez dituzten akrobaziak ikusiko dituztela baitakite.

Proba saioak ziren atzokoak, baina ikusleen artean erabateko isiltasuna sortzen zen jauzilari bat plataformara gerturatzen zen aldiro. Errespetua sortzen zuen jauzi bakoitzak. «Ez dakit nola egin ditzaketen halako akrobaziak halako garaieratik; ikustekoa da, egia esan». Mikel Sierra Guggenheim museo alboan zegoen itsasadarrera begira. Beste jauzilari bat inguratu zen plataformara, jauzi egin zuen, eta airean hainbat bira eta keinu egin ostean zutik murgildu zen uretan: «Nahi dutena egiten dute, eta zutik murgiltzen dira beti». Zur eta lur zegoen ikuslea ikuskizunari begira.

Eta ez zen gutxiagorako, Salbeko zubitik itsasadarreraino 27 metro baitaude, eta tarte hori hiru segundoan egiten dute jauzilariek gainera. Orduko 85 kilometroko abiadura hartzen dute jauzi bakoitzean, eta, horregatik, hiru segundoko tartean egiten dituzten akrobaziak bezain garrantzitsua da uretara ondo iristea. Zutik. Bi segundoz egoten dira ur azpian, eta arnasa hartzeko burua ateratzen dutenean, dena ongi joan dela adierazten diete lehiakideek euren inguruan dauden urpekariei. «Ez nuke pentsatu nahi gaizki eroriz gero zer pasatuko zen», zioen Sierrak miresmen puntu batez.

Behin eta berriro errepikatu zen ikuskizuna atzo. Hamalau jauzilariek saio bat baino gehiago egin zuten gaurko lehiaketa prestatzeko. Baina ikusleen artean ere egon zen gaurko ikuskizunerako prestatzen aritu zenik ere. Hala zioen Maialen Martinezek: «Sekula ikusi gabe neukan era horretako ikuskizun bat, eta, honen ondoren, bihar [gaur] etortzeko gogoz geratu naiz. Gaurkoak [atzokoak] entrenamenduak bakarrik baldin baziren, ez dut pentsatu nahi lehian ari direnean zer egiteko gai diren jauzilari hauek». Gogobeteta eta gustura ikusi zituen jauziak.

Hamargarren aldia

Redbull edari markak antolatzen duen munduko txapelketak hamar urte bete ditu aurten, eta urteurrena ekainaren 2an abiatu zuen Texasen (AEB). Lau aste igaro ostean iritsi da Bilbora, eta Europako beste bost hiri bisitatuko dituzte jauzilariek ostera. Aurreko aldian ez ziren Europan izan, baina aurten berriz ere itzuli dira, Bilbo ere bisitatuz. Egunotako jauziekin hirugarren aldia izango da Bizkaiko hiriburua bisitatzen dutela.

«Egia esan, aurreko urteetan hedabideen bidez ikusi nituen jauzi hauek egiten zituztela, baina ez nintzen inoiz gerturatu», zioen Martinezek. Aurten ez du ikuskizuna galdu nahi izan, eta hasieratik gozatu nahi izan du 27 metroko jauzia. Bertatik bertara sentitu ditu salto bakoitzak sortzen dituen hiru segundoko isiltasunak, eta ikusi du mundu mailako txapelketa batek daukan maila.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna