OROITARRITIK. Elena Fraile. Konpartsako gaiteroa

«Festaren alde beltzetako bat da animalien sarraskia»

Goizero-goizero, dantzan jartzen du Frailek konpartsako erregina europarra, Alde Zaharrean. Ia hogei urte daramatza erraldoien atzetik gaita jotzen, baina hastapeneko ilusioari eusten dio.
LANDER ARROIABE OLAORTUA / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko uztailak 13
Ohitua dago goizean goiz jaikitzera. Sanferminetan, 09:30ean ateratzen da Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa egunero, baina ordurako zain egon ohi da Elena Fraile gaiteroa (Iruñea, 1966), instrumentua eskuan, zintzo demonio. Profesional peto-petoa da. Eta biziki maite ditu jaiak.

Non zinen 1978ko uztailaren 8an?

Haurra besterik ez nintzen, baina gogoan dut. Etxeko balkoian nintzen, zain, peñak zezen plazatik noiz aterako. Bat-batean, pilotakadak entzun genituen, ikusi genuen jendea korrika, izututa... Ez genekien zer zen hori guztia.

Gerora jakin zenuten...

Bai, irratia piztu eta orduantxe hasi ginen gertatutakoaz jabetzen. Eta hurrengo egunetan are gehiago. Gogoan dut gurasoak ikaratuta zeudela, baina nik ez nuela erabat ulertzen hori guztia. Hala ere, arrastoa utzi zidan. Egun hura bizi izan genuen guztiok ez ditugu sekula ahaztuko egun hartako beldurra eta ezinegona.

Noiz hasi zinen erraldoien konpartsan gaitero?

Ufa! Aspaldi... Hainbeste denbora joan da, ez bainaiz akordatzen noiz izan zen zehazki; 1979. urtean, gutxi gorabehera. Nire bi nebek jotzen zuten konpartsan, eta danbor bat egin zidaten, haiekin atera nendin. Eta ordutik ari naiz.

Zein da zure erraldoi kutuna?

Erregina europarra, noski! Haren atzetik ibiltzen naiz egunero, gaita jotzen. Hobe esanda: harentzat jotzen dut. Niretzat, politena da, eta maitasun handia diot. Oro har, erraldoiak ederrak iruditzen zaizkit oraindik orain.

Nolakoa da zuretzat sanferminetako egun arrunt bat?

Goizean goiz jaiki eta berehala ateratzen naiz kalera, konpartsarekin jotzera. Oso gustuko dut karriketan gora eta behera ibiltzea; maite dut giro hori.

Ba al duzu jaiegunik festetan?

Bai, atseden egunak hartzen ditut noizean behin, eta asko disfrutatzen ditut sanferminak [orduantxe azaldu dira erraldoiak eta kilikiak. Frailek haiekin dabiltzan gaiteroak agurtu ditu, elkarrizketari berriz heldu baino lehen]. Gaur, adibidez, egun horietako bat da. Sentimendu berezia da erraldoien konpartsa kanpotik ikustea. Polita.

Erraldoiez gain, ba al da sanferminik zuretzat?

Bai noski! Arratsaldez, dantza herrikoiak jotzen ditugu Gazteluko plazako kioskoan, eta oso unetxo polita da hori ere. Horrez gain, peñek sortzen duten giroa oso ederra iruditzen zait; ez, ordea, zezen plazan arratsaldero gertatzen dena.

Askok ez dakite antitaurino militantea zarela...

Festaren puntu beltzetako bat da animalien kontrako sarraskia. Iruindarra naizen aldetik, pena handia ematen dit. Indarkeria mota guztiei aurre egin nahi badiegu, ezin dugu salbuespenik egin. Jazarpena, sexu erasoak, animaliek pairatzen dituzten tratu txarrak... Garaia da hori guztia mahaigaineratzeko eta guztiondako errespetua bermatzeko.

Zezenketarik eta entzierrorik gabeko sanferminak noizko?

Entzierroena, gaur-gaurkoz, ez dut oso argi ikusten, baina, gutxienez, sarraski handiena eta sufrimendu handiena eragiten duena eten beharko genuke lehenbailehen: zezenketak. Hortik aurrera, tratu txar guztiak festetatik erauzten hasi.

Iaz, Brontze peñaren Festa saria jaso zenuen, sanferminetan kalera atera ziren lehen emakume musikarietako bat izan zinelako. Aitzindari sentitzen zara?

Gaita jotzen hasi nintzenean, nire asmoa ez zen ezer aldarrikatzea, ezta hurrik eman ere. Espazio hori historikoki gizonena zela planteatu ere ez nuen egiten. Orain bai, atzera begiratu, eta egindakoaz jabetzen naiz. Lehenak izan ginen, eta, garai hartan konturatu ez ginen arren, ate bat zabaldu genuen berdintasunaren alde.

Beharrezkoak iruditzen zaizkizu gisa horretako sariak eta omenaldiak?

Gaur egungo emakumeen lana ez da garai batean bezain ikusezina, baina beharrezkoa da aldarrikatzen segitzea. Hortaz, omenaldi guztiak ezinbestekoak dira, andreen garrantzia ikusarazteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ion Orzaiz

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna