ATZEKOZ AURRERA. Irati Anda Solay. Margolaria

«Margotzeko inspirazio iturri da inguratzen gaituen guztia»

Bizitzako etapa ezberdinen bilakaera islatzea izan du helburu Andak bere azken lanean; horretarako, ura, argia eta loreak erabili ditu. Teknikak ezagutu eta esperimentatzeko fasean dago murgilduta egun.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2018ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Irati Anda Solay (Gasteiz, 1987) txikitatik ibili da pintzelak eskuan hartu eta orri zuriak koloreztatzen. «Gasteizen jaio, hazi eta hezi» arren, Iruñera joan zen arkitektura ikasketak egitera; hortik, Italiara eta Madrilera. Orain, erakusketa berri bat aurkeztu du: Irati Anda Solay. Gasteizko Luis Ajuria aretoan egongo da, azaroaren 16ra arte.

Zer da margotzea?

Margotzea adierazteko modu bat da. Txikitan, joko bat zen, baina, handitu ahala, unibertsitatean egin beharreko zerbait bilakatu zen. Teknika ezberdinak ikasi nituen, eta, gaur egun, esperimentazioarekin nabil lanean. Lana izateaz gain, margotzea gustatzen zaidan zerbait ere bada.

Txikitan hasi zinen margotzen; orain, zure bizitzaren bilakaera islatzen duen pintura bilduma bat aurkeztu duzu.

Pintura abstraktua egiten hasi naizenetik izan dudan bilakaera bat da. Txikitan eta unibertsitatean paisaiak eta hiriak margotzen nituen, hala teknika eta eskua hartuz. Lanean hasi naizenetik, baina, esperimentatzen hasi naiz: teknikak, materialak eta margotzeko beste era batzuk ezagutu ditut. Azken finean, hori litzateke erakusketa honetan ikusten den ibilbidea.

Ura, argia eta loreak dira erakusketako protagonista nagusiak.

Bai, naturako elementuak dira. Urarekin erlazioa duten koadro pila bat ikusteko aukera dago erakusketan, nahiz eta bakoitzak iruditzen zaiona ikusi. Hala ere, natura da margolan guztien gai komuna. Zenbait pintura sail daude; besteak beste, loreenak, lurrenak eta basoenak.

Erabilitako koloreak ere naturarekin erlazionatu al dituzu?

Bai. Esaterako, erabili ditudan kolore urdinak eta berdeak urarekin eta hostoekin lotu ditut. Koadro arrosak ere baditut, baita beste kolore batzuetakoak ere. Azken finean, barne diseinuarekin lotu, eta etxeak dekoratzeko koadroetan pentsatu nuen. Adibidez, bezeroei koadro espezializatuak egiten dizkiet gustatzen zaien estiloetatik, koloreetatik, eta neurrietatik abiatuta. Esandakoak oinarri hartuta, koadro pertsonalak egiten saiatzen naiz.

Askotan koloreak emozioekin lotzen direla esan ohi da. Kasu honetan horrela izan al da?

Bai; egia esan, uraren eta itsasoaren inguruan egiten ditudan koadroek lasaitasuna transmititzen didate, eta horregatik egiten ditut. Faltan sumatzen dudan elementu bat izango litzateke itsasoa, baita urak ematen didan lasaitasuna eta bakea ere.

Akrilikoa, akuarela eta teknika mistoa erabiliz osatu duzu hogei lanetan oinarritzen den bilduma.

Denetarik dago. Teknika mistoaz gain, badaude akrilikoarekin bakarrik egindako koadro batzuk ere; beste batzuk, berriz, tinta eta akuarela nahastuta egindako lanak dira.

Zer nabarmenduko zenuke erakusketan?

Batik bat, izan dudan ibilbidea nabarmenduko nuke, sail ezberdinetan banatuta. Badaude basoak eta loreak ikusten diren margolan batzuk, eta horietan hobeto ikusten da zer marraztu nahi izan dudan. Ez dira hain abstraktuak; finean, estilo inpresionista abstraktu batean egindako lanak dira, eta askoz ere errazago ikusten da gaia zein den.

Zure ibilbidean, leku askotan ibili zara.

Unibertsitate ikasketak Iruñean egin ostean, Italiara egin nuen salto. Arkitektura ikasi nuen. Han, marrazketarekin beste harreman bat izaten hasi nintzen, eta handik Madrilera joan nintzen. Han bizi izan nintzen urteetan, koadroen inguruko gaietan askoz ere gehiago sakontzeko aukera izan nuen, eta, esaterako, erakusketak egin nituen. Italian ere izan nuen erakusketaren bat edo beste egiteko aukera. Bizitza pertsonalean egin ditudan bidaietan ere erreferentziak hartu ditut. Margotzeko inspirazio iturri da inguratzen gaituen guztia.

Egunotan etxean zaude, Gasteizen. Zein sentipen sortzen dizu?

Egia esanda, babestuta sentitzen naiz. Etxean ingurukoekin daukazun maitasuna ez duzu inon aurkitzen. Hunkitu ere egiten naiz. Etxeko sentipenak beti dira etxekoak, eta oso pozik nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.