ATZEKOZ AURRERA

Itzalean dagoen erakusleihoa

Eskuz eta mimo handiz egindako produktuak ikusi eta erosteko aukera dago Euskal Dendaren 23. edizioan. Bihar arte, guztira 52 postuz osatutako azoka bisita daiteke Durangon.
Bitxiak dituzten postuek erakartzen dute gehienbat jendearen arreta Euskal Dendan.
Bitxiak dituzten postuek erakartzen dute gehienbat jendearen arreta Euskal Dendan. JUAN CARLOS RUIZ /FOKU

Zihara Jainaga Larrinaga -

2018ko abenduak 8
Ai ama! Ezin dut sinetsi, belarritako hauen bila ibili naiz aspaldidanik», begietan emozioa nabari zaiola begiratu dio neskak mutilari. Tximeleta hegoekin egindako belarritakoei begira daude. Arrakasta izaten ari dira Elorrioko (Bizkaia) Anitha Mol dendatik ekarritako bitxiak. Durangoko merkatu zaharrean sartu, eta ezkerreko karrajotik ekin bezain laster, bi pauso egiterako, jendea metatzen da etengabe han. Liburu eta disko azokaren aitzakian, bestelako azokak ere antolatzen dira abenduko zubian Durangon (Bizkaia). Landako Gunetik ehun metro eskasera, esaterako, Euskal Herriko artisauen topagune bihurtzen da Euskal Denda. Kulturak eta tradizioak bat egiten dute han.

Hasieran, paperarekin, eta, ostean, hosto eta lore lehorrekin egiten zituzten bitxiak Anitha Mol dendako artisauek. Gaur egun, mundu osoko tximeleta haztegiekin elkarlanean aritzen dira. Zehazki, Gasteizko haztegi baten jabeen ideia izan zen tximeleta hegoak erabiltzea, hiltzen direnean, bizitza laburra baitute.

Belarritakoak erosi, eta aurrera jarraitu du bikoteak. Eta Euskal Dendan berrikuntzatik tradiziora jauzi egitea pauso bakarreko kontua dela konturatu dira. Horren adibide da zeramikazko pieza tradizionalak gertu egotea belarritako modernoetatik. Angela Azkona Bilboko Loitz tailerreko kideak hamar urtean etorri izan da Durangora, eta azoka berezitzat dauka: «Euskal Dendako publikoa leiala da, egiten duguna estimatzen du, eta hori ez da azoka askotan aurkitzen», esan du.

Merkatuaren atzeko aldean jendea pilatu da berriz. Karrajo batetik besterako pasabidea estua izateaz gain, hantxe jarri dute Euskal Dendako erakusmahairik gozoenetakoa, eta bisitariak begia ezin kenduta igarotzen dira handik. Tolosako Gorrotxategi gozotegia da ilara luzeen eragilea. Euskal Dendaren lehen ediziotik parte hartzen dute gipuzkoarrek azokan, eta, aurten, Sara Apalategi gazteari, Rafa Gorrotxategi gozogilearen ilobari, egokitu zaio postuan egotea. Bezeroei jaramon egiten dien bitartean esan du turroiak dituztela produktu izar: «Gabonak gertu daudela nabaritzen da; horregatik, turroirik klasikoenak eta azken urteotako berrikuntzak ekarri ditugu aurten ere».

Gorrotxategi familiaren postuaren parean dagoen Aurkene Rementeria bitxigilea ere azokako beteranoetakoa da. Ia ezinezkoa da haren postuan bi pieza berdin aurkitzea; pieza bakoitza bezeroaren arabera moldatzen du. «Sormenak mugak ditu, baina niri horrela lan egitea gustatzen zait», adierazi du. Bere bitxiak erakutsi eta saltzeko helburuarekin parte hartzen du horrelako azoketan, baina gaur egun artisautzatik bizitzea zaila dela ohartarazi du: «Krisiak eta Internetek oztopoak baino ez dizkiote jarri gure lanari».

Jende pilaketatik azkar ateratzea lortzen duenak, oraindik ere, azokaren erdia du aurretik. Beste hainbeste postu. Horien artean dago Etxarri Aranatzeko (Nafarroa) Alazne Juanizen mahaia. Kotoi organikoz egindako arropak ditu haurrentzat Juanizek, bai eta osagarri zenbait ere. Erabili izena du bere marka propioak, eta bost urtean etorri izan da Durangora. «Erabiltzen ditudan produktuak ez-transgenikoak dira, eta, horrez gain, iraunkorrak ere badira, oihalak egiten dituzten langileek baldintza onetan dihardutelako lanean», nabarmendu du. Prozesu osoari ematen dio garrantzia Juanizek, bezeroaren gertutasunari batez ere. Hori kontuan hartuta, Euskal Denda erakusleiho paregabea dela iruditzen zaio.

Ainhoatik (Lapurdi) heldutako Brigitte Ryckenbusch artisauak ere Euskal Dendan sortzen den giroa biziki maite duela esan du; azken hamabost urtean ez du inoiz hutsik egin Euskal Herriko osoko artisauen topagunera. Zurezko apaingarriak eta jokoak ditu bere espezialitatea, eta salmentak egitera etortzen da.

Irteeratik gertu duen erakusmahaiaren inguruan haurrak nagusitzen badira ere, jostailuek ez dute adinik Alberto Monroy Kromosoma tailerra elkarteko kidearentzat. Egurrezko jostailu eta jolasak diseinatzen dituzte mimo handiz: «Jostailu bakoitzak ikerketa lana du atzean; batzuk atzeragoko hamarkadetatik berreskuratzen ditugu, eta besteak hainbat herrialdetatik ekarriak dira», adierazi du. Euskal Dendan biltzen den jendetza eta, batik bat, azokaren sorkuntza maila nabarmendu nahi izan ditu Monroyk.

Bukaerara iritsi da belarritakoak erosi dituen bikotea: antolakuntzakoek informazio gunean jarritako bi ordenagailu dituzte parez pare, bisitariek posturik gogokoena zein duten bozkatzeko aukera dago han. Ezin bat aukeratu, eta zalantzati gelditu dira. Beste buelta bat edo bi egiteko gogoz. Euskal Dendaren ate parean dagoen talo postuko usainak azkar batean erakarri ditu, ordea, eta eguerdiko mokadua hartzea erabaki dute.