ATZEKOZ AURRERA. Cristina Sanchez. Eskulangilea

«Eutsi arren, ez dakite tradizioa nondik datorren»

Santa Ageda bezpera gerturatu ahala, lanez gainezka ibiltzen da urtero Sanchez: eskean ateratzeko makilak egiten ditu, enkarguz. Tradizioa nondik datorren azaltzeko beharra nabarmendu du.
MARISOL RAMIREZ / FOKU

Zihara Jainaga Larrinaga -

2019ko otsailak 5
Betidanik gustatu izan zaio marraztea Cristina Sanchez artisauari (Santurtzi, Bizkaia, 1981), eta kasualitatez hasi zen Santa Agedako makila pertsonalizatuak egiten. Gabon ingurua izaten bada ere garairik lanpetuena, urte guztian gero eta eskaera gehiago jasotzen ditu. Internetez ere saltzen ditu makilak, Artesania y Nostalgia webgunearen bitartez.

Semeek makilak eskolan ez galtzeko izendatzen hasi zinen, eta hiru urtean mila makila egin dituzu. Zein izan da arrakastaren gakoa?

Betidanik atsegin izan dut eskulanak egitea, eta, behin, semeen Santa Agedako makilei izena jartzea okurritu zitzaidan. Hurrengo egunean eskolako hainbat gurasok eskatu zidaten beraiei ere egiteko, eta horrela hasi nintzen. Ordura arte, askok izena boligrafoz idatzia eramaten zuten, eta pertsonalizatutako makila bat ikusi zuten lehen aldia zen.

Zer dute berezi makilek?

Azken finean, makila tradizional bat da, baina originaltasun ukitu bat du. Ez daude bi berdin.

Zein teknika erabiltzen duzu?

Pirograbatuak egiteko, hau da, egurra erretzeko erreminta bat erabiltzen dut. Erremintak hainbat punta ditu, eta, grabatuaren arabera, aldatuz joaten naiz.

Edozein egur motak balio du?

Nik gaztaina erabiltzen dut gehienbat, egur naturala. Pisu txikia du, eta haurrentzat oso erosoa da; Santa Agedan hotsa ateratzeko, gainera, nahikoa. Gainera, oso argia denez, zain asko ditu, eta erakargarria da.

Makilaren arabera, soinua aldatu egiten da?

Makilaren lodierak aldatzen du soinuaren intentsitatea.

Duela zenbait urte arraroa egingo zen egur zati batek Interneten arrakasta izatea.

Garai batean, Santa Agedan edozein makilak balioko zuen hotsa ateratzeko. Ez ziren konplikatuko izenak edo kaskabiloak jartzen.

Non ikasi dituzu makilak egiteko teknikak?

Neure kabuz aritzen naiz; pirograbatuak egiteko erreminta etxean nuen, beste hainbat erreminta ditudan bezala, eta probak egiten ibiltzen naiz.

Zenbat denbora behar duzu makila bat egiteko?

Grabatu behar denaren araberakoa izaten da denbora, baina, normalean, Santa Agedako makila bat egiteko 45 minutu behar izaten ditut. Hiruzpalau berdin eskatzen badizkidate, denak jarraian egiteko aprobetxatzen dut.

Izenez gain, zer beste grabatzen duzu makiletan?

Lauburuak, eguzki loreak eta armarriak egin izan ditut. Enpresa batek, behin, enpresako logotipoa zuten makilak eskatu zituen Gabonetan oparitzeko.

Santa Agedaz gain, orduan, erabilera asko izan ditzake makilak.

Hala da. Arrakasta handiena mendiko makilek izan dute; Santa Agedako makilen berdinak dira, baina metalezko puntarekin.

Zein da jaso duzun eskaerarik zailena?

Nafarroako dantza talde bati egindako makilek nahiko lan izan zuten; bi armarri zituzten, eta gogoan dut neketsua izan zela. Bestalde, guraso talde batek eskatu zidan ikasgelako 25 haurren izenak makilan grabatzeko ikasturte bukaeran irakasleari oparitzeko.

Teknologia berrien garaian, tradizioari eusten zaio?

Mantentzen da, eskoletan lantzen delako. Baina haur gehienek ez dakite tradizioa nondik datorren, ez dakite zergatik ateratzen diren kalera abestera, abestean erritmoari jarraitzeko erabiltzen dute makila, eta kito. Tradizioari eutsi arren, ez dakite zergatik egiten den.

Posible da artisautzatik bizitzea?

Hilabete denak Santa Agedakoak modukoak balira, bai [barreak].

Erraza da profesionala izatea?

Ez. Artisau batentzat oso zaila da. Dekorazio dendetan milaka produktu daude, gehienak ere makinaz eginak eta merkeak. Jendea horrekin konformatzen da.

Produkzio handien garaian, eskuz egindako lanak baloratzen dira?

Ez. Egiten ez dituenak ez daki zenbat denbora eta ahalegin eskatzen duen. Egin arte ez dugu baloratzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Zihara Jainaga Larrinaga

Informazio osagarria