ATZEKOZ AURRERA. Zigor Garcia. Zeramikaria

«Hizkuntza izugarria nuen, baina ez nuen ezer esateko»

Zigor Garciak jauzia eman du arte garaikidera, 'Kostako bidetik' erakusketarekin. Tolosako Aranburu jauregian dago ikusgai, ekainaren 3ra arte. Jaizkibel mendia izan du inspirazio iturri.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Tolosa
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Zigor Garcia artisauak (Pasaia, Gipuzkoa, 1973) urte mordoa darama buztina lantzen, eta ugariak dira egin dituen lanak ere. Ordea, oraingo erakusketa «beste ikuspuntu batetik» egina dagoela esan du. Kostako bidetik obra aurkeztu du Tolosako Aranburu jauregian (Gipuzkoa), eta ekainaren 3ra arte egongo da ikusgai.

Esan izan duzu buztina arte garaikidean erabiltzen ez jakitea hizkuntza bat jakin eta erabiltzen ez jakitea bezalakoa dela. Zer esan nahi duzu?

Egonezin bat nuen, ardura bat, kezka bat. Hizkuntza izugarria nuen, baina ez nuen ezer esateko. Eta horrek errudun sentiarazten ninduen. Buztinarekin, modelatzen, edozer egin dezaket, txikienetik hasi eta handieneraino.

Beldurra zenion arte garaikidean lanean hasteari?

Harrokeriagatik izan zen. Arte garaikideari nion ezjakintasunagatik muzin egin nien gauza askori. Ezjakintasuna zen guztiaren arrazoia.

Baina, era berean, buztina beti izan da zure hizkuntza.

Bai, haurtzarotik izan dut harremana buztinarekin. Beti sentitu naiz oso ondo, erlaxatua, ez dut beldurrik izan.

Giza gorputzarekin ere alderatu izan duzu material hori.

Lan figuratiboak egiten direnean, antzekotasun handiak dituzte: hezetasuna, izerdia, begirada... Horren inguruan mitologia asko dago. Erlijio askok dute jainkoaren eta gizakiaren arteko sorkuntza hori buztinaren bidetik zehaztuta.

Ez zara, beraz, alderaketa hori egin duen bakarra.

Ez, baina beti sentitu dut hala dela. Azken finean, zerbait figuratiboa egiten duzunean, gorputza hartzen du. Koloreak ere zerikusi handia du horretan; poliki-poliki sortzen duzu bizia hartzen duen zerbait.

Tailerrean egin dituzu lan horiek?

Beti ibili naiz tailerrean enkarguak egiten, baina ez arte garaikidearen munduan, baizik eta beste bide paralelo batetik: panpinak eta enkarguak egiten. Sasi-bide bat eginez artearen munduan, baina arte garaikidean busti gabe. Beti underground.

Zergatik diozu ikuslea baztertu egiten zenuela obra horietan?

Ez niolako ezertarako aukerarik ematen ikusleari. Modu horretan ematen diozun aukera bakarra da «ze polita», «zeinen ongi dagoen» eta halakoak esatea.

Eta orain, zein da aldaketa?

Jauzi asko daude. Baina ikuslearena zalantzazkoa da, zeren asko eskatzen baitiozu. Pentsamenduak misterio bihurtzeko aukera dauka, obraren inguruan oinez ari den bitartean bere imajinazioan murgil daiteke. Irakurketa ez dago itxia, erdizka irekia baizik. Ate bat irekita dute: ibili, eskua sartu, mugitu, paisaia batetik bestera joan... Gauza asko egin ditzakete.

Jaizkibel izan da zure inspirazioaren iturria. Zer aldetik?

Superportuaren proiektua abian jarri zutenean, zenbait mendi martxatan parte hartu nuen, eta hainbat paisaia aurkitu nituen. Plastikoki, Jaizkibelek eskaintzen zizkidan pizgarri pilo bat, estimulu moduan. Egin nuen masterrean bazegoen naturarekin harremana zuen irakasgai bat, eta gaur egun, arte garaikidean, bada naturarekin harremana duen esparru oso handi bat. Iruditu zitzaidan bide hori hartzea egokia izan zitekeela niretzat.

Jaizkibelen bertan egin dituzu lanak, ala tailerrera itzultzen zinen?

Artista batzuk mendiz mendi ibiltzen dira, eta han bertan sortzen dute lana. Beste batzuek oso gauza efimeroak egiten dituzte, eta hor bertan utzi. Eta beste batzuek lekua inbaditu, eta hor uzten dute obra. Niri ez zitzaidan hori interesatzen. Nik egin dudana zera da, mendian ibili, sentsazio batzuk bizi, marraztu, soinuak grabatu, marrazkiak egin... Eta, gero, tailerrean gogoetatu eta han bertan sortu ditut lanak.

Justifikazio ideologikoa gehitu diozu gai horri tiraka.

Paisaia baten aldarria, paisaia bati errespetua izatea. Proposamen suntsitzaile bat egon zen, eta amorrua sentitzen nuen horrekin.

Jaizkibelera itzuliko zara?

Bai. Oraingo lan hau sakondu egin nahi dut, hobetu. Beste testura batzuk erabili nahi ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.