ATZEKOZ AURRERA. Tristtan Murgi. Kantagilea

«Esperimentala da egiten dudana: ez dut aterik hesten»

Murgiren musikak aire zirimola beroetan gaindi eramateko gaitasuna du. Ez du bere burua inolako estilotan mugatzen; barneak manatzen dionari kasu egiten dio. Laugarren diskoa bidean du.

BOB EDME.
Ainize Madariaga
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Tristtan Murgiren (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1982) obrak musikan osorik troxatzen du entzulearen gorputza. Batere ukiturik gabe, boza, sorkuntza eta bizia heldu zaizkion bezala hartzen ditu: biluzik. Laugarren diskoa larrazkenean atera nahiko luke. Gaur emanen du kontzertua, 18:30etik 21:30era, Donibane Lohizuneko La Reserve hotelean.

Zer behar da musikaria izateko?

Kantagilea naiz, ez dut ene burua kontsideratzen musikaria edo instrumentista, ez baitut sekulan musika kurtsorik hartu. Solfeoa ttipitan ikasiagatik, ez dut behin ere sakonki erabili konposatzeko. Ene kantuak egiten ditut, ene gisan: autodidakta naiz. Beraz, idazle eta kantagile-kantari gisa definitzen dut ene burua. Gauzak bilatzen ditut ene barnetik; horregatik, kantuak nahiko pertsonalak dira. Denak eneak dira, Xumai Muruaren eta Xabi Bizkairen hitzak salbu.

Zaletasuna etxetik dakarzu?

Abantzu denak musikariak dira, baina kontserbatoriokoak. Ama idazlea dut, eta aita musikaria. Ttipitik ari naiz pianoan eta kantuan.

Gitarra duzu bidelagun.

Gitarrak gehiago deitu nau, beharbada bere jestu eta sonoritateagatik; maite dudan musika gitarrak ematen dit: bossa nova edo flamenkoa... Egiaz, nahiko naturalki deliberatu nintzen gitarrarendako.

Etiketan euskal folk-rock elektro-esperimentala onartzen duzu?

Ez dut mugarik. Artista anitzek haiek finkatu duten espazio horretan egoten dira; ni ez. Ez diot behin ere uzten konposatzeari. Bada pixka bat denetarik, eta ez dut nehoiz pentsatzen non zer sartu, disko baten ateratzeko salbu: kasurako, ildo bat bilatzen dut testuekin, baina aitzinetik definitu gabe. Konposatu eta gero galdetzen diot nire buruari horrekin zer egin. Horregatik, aski esperimentala da; emaitza bainoago, ene egiteko manera: uzten baitiot esperientziari bere bidea egiten. Ez dut estilo, lege edo errezetarik bilatzen disko bati begira, hartzen dut heldu den bezala... Batzuetan, lehenik doinua konposatzetik hasten naiz, eta, gero, hitzak idazten ditut; bertze batzuetan, alderantziz; edo biak batera. Aldi guziez desberdina da, uzten dut naturalki joan dadin.

Iturri anitzetatik edan duzu.

Eraginak bai, baina ezer kopiatu gabe. Norberak musika entzuten du dituen kultura eta erreferentziekin.

Horeba kolektiboko kide zara.

Bakarka hasi nintzen, gero anai-arrebekin taldea naturalki osatu den arte: zortzi izan gara. Bizia, musika bezala, utzi behar da iragaten jin arau. Orain, hiru gaude; sekulako plazera hartzen dugu: Cedric Lepine baterian eta Greg Juvin baxuan. Laugarren diskoa prestatzen ari gara. Baliteke bertze batzuk berriz sartzea. Izena hartu dugu Sarako lagunekin elkar agurtzeko maneratik: «ongi?», «Ba, hor e ba?».

Musika terapia baten gisakoa dela aipatu izan duzu.

Kur-kur-kur. Ez badut musikarik egiten, lau egunez biziki triste edo gaizki ikusten dut ene burua; beti aritu behar dut konposatzen, kantatzen, lantzen... Beraz, nire oreka horretan aurkitu dut.

Euskaratik bizi zara.

Bistan da militantismoa dela hautatzea euskaraz sortzea, baina ez dut hautu politiko gisa egiten; gehien hunkitzen nauen hizkuntza da, kantatzeko hala behar baitu: %100 sentitu behar duzu. Frantsesa, espainola eta portugesa ere maite ditut, baina ez naute berdin eramaten.

Zure boza arras biluzia da.

Ez dut sobera autoanalisirik egiten. Konpositore gisa behar da anitz pentsatu bere buruaz, karreraz,musikaz... Egia erran, ez ditut inoiz ene diskoak entzuten. Entzuleek erran behar dute nola sentitzen duten bilakaera. Garai batean, doinu pixka bat lasaiagoak egiten nituen, gitarra klasikoarekin; orain, gehiago elektrikoa jotzen dut. Esperimentala da egiten dudana: ez dut aterik hesten. Hori bai, abiatu nintzenetik 300 kontzertu inguru eman ditudanez, presiorik gabe, gehiago laxatzen naiz orain. Ahotsa landu dut, eta teknikoki haboro dakit; ondorioz, gehiago ausartzen naiz. Biluzik izatearena, bai: nire boza ez dut trafikatzen, batzuek egiten duten bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.