ATZEKOZ AURRERA. Urtzi Leibar. Ingeniaritza agronomoan doktorea

«Katastrofisten aurrean, oinak lurrean jarri behar ditugu»

Ardogintzaren etorkizuna ikertzeko, mendearen bukaerara jo du Leibarrek: klima aldaketak zikloa aurreratuko du, baina neurriak har daitezke.

GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz.
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Etorkizunari begira jarri da ardogintza: zertan eragingo dio klima aldaketak? Cristina Enea fundazioak gaiaren inguruko hitzaldi bat antolatu zuen atzo, Donostiako San Telmo museoan, eta han aritu zen Urtzi Leibar (Donostia, 1984). Doktorea da ingeniaritza agronomoan, eta Errioxako (Espainia) tempranillo ardoaren bilakaera ikertu du.

Klimak eragin zuzena du ardoaren uztan. Zer ari da gertatzen?

Gaur egun, dagoeneko ikusten da klima aldaketak zer eragin duen ardoan. Klimak eragin zuzena du mahastian, eta beti ezagutu izan da, baina klima aldaketarekin guztia areagotzen da. Dena den, guk aztertu dugu 2070. eta 2100. urteen artean zer pasatuko litzatekeen.

Zer aztertu duzue zehazki?

Ikusi genuen zein diren mende bukaerarako klimaren parametro nagusiak: tenperatura lau gradu igoko da uda garaian, eta CO2 kontzentrazioa 700 ppm-ra igoko da. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren indar handiko bi berotegi erabili genituen ikerketarako: batean, klima aldaketaren parametroak simulatu genituen, eta, bestean, gaur egungo baldintzak jarri. Eragina konparatu genuen.

Zer ondorio atera zenuten?

Errazen ikusten dena da zikloa aurreratu egiten dela. Mahatsa biltzeko garaia aurreratu egiten da, eta horrek berak gero eragin zuzen handia dauka. Bukaerako prozesuetara azkarrago iristen da ardoa.

Zein dira beste eragin horiek?

Tenperatura altuagoak azidotasuna jaisten du, eta gehiago kostatzen da kolore eta aromak lortzea. Azukrea azkarrago metatzen denez gero, desfase moduko bat sortzen da: ezer egingo ez bagenu, gero alkohol bilakatuko den azukre asko beharko litzateke egungo kolore eta aroma lortzeko.

Egun, sektorean badago kezka?

Klima kezka bat da, beste kezka askoren artean. Haiek dira eragin hori ikusten dutenak urtez urte. Halere, normalean esaten dugu: «Joan den urtea oso beroa izan da», «aurtengoa hotza da»... Klima aztertzen denean, epe luzeago bati begiratu behar zaio, gutxienez 10, 20 edo 30 urte, ikusteko zein den joera. Urteak daramatzagu ikusten joera goranzkoa dela, eta ekoizle batzuk, kezkatuta, horri aurre egiteko gogoarekin daude.

Zer neurri hartu behar dute horretarako?

Neurri mota asko daude. Landarean bertan eragin dezakezu: hosto gutxiago jarri, zikloa atzeratzeko. Ureztatzeko sistemarekin ere neurriak har daitezke. Neurri asko daude, eta batzuk drastikoak dira. Errioxan, adibidez, tempranillo motako ardoa da nagusi. Nahiko azkarra da, izenak berak dioen moduan, eta, klimak zikloa aurreratzen badu, tempranillo ardoaren barruan azpimota batzuk sortuko dira, hobeto egokituko direnak tenperatura altuagoetara, eta zikloa pixka bat atzeratuko dutenak, egungo baldintzak simulatu nahian.

Oraingoz, kezka guztien artean bat gehiago da, beraz.

Ardoaren merkatua oso irekia da, eta saltzeko orduan dauzkaten eragozpenak edo kontsumoan dauzkaten beste kezka horiek ere badaude. Klimarena horietako bat da, eta interesgarria da aztertzen jarraitzea, baina ez da nagusia.

Zenbait herrialde berri hasi dira ardoa ekoizten.

Bai, eta kokapenak badu garrantzia. Esaten dutenez, klima berotzen ari den honetan, Ingalaterrako ardoak hobeto egokituko dira, eta upategi batzuek badute interesa han lurrak erosi eta mahatsak jartzeko. Hemengoek ere bai. Halere, uste dut hori urrutira begirako zerbait dela. Kezka hori badago, baina izan daiteke beste marketin estrategia bat, saltzeko «ni moldatzen ari naiz, eta begira zer gauza egiten ari naizen».

Ardo ona desagertu egingo da?

Jende katastrofista dago, eta, haien aurrean, guk oinak lurrean jarri behar ditugu. Merkatua asko aldatzen da: gustatuko litzaidake jakitea zerk definituko duen ardoaren kalitatea 2100. urtean. Agian egungoaren antzekoa izango da, edo ez. Ardoaren kalitatea aldatuko da, klima, gure gustuak eta merkatua aldatzen diren bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.