ATZEKOZ AURRERA. Edurne Arrizibita. Euskaltzalea

«Bigarren Zabalgunera gehiago joan behar dugu»

Euskaratik eta euskaraz. Hala aritzen da Arrizibita urte osoan, eta, noski, sanferminetan ere bai. Maite du bestetan feminismoan aurrera egindako urratsak. Aurten gogotsu hartu ditu sanferminak.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Euskaldunen topaleku izaten da Iruñeko Zaldiko Maldiko sanferminetan. Hitzordua han egin, eta gero bestan murgiltzen dira euskaltzale asko. Tartean, Edurne Arrizibita (Iruñea, 1973). Han izan da hitzordua, ezin bestela. Bere garaian lanean aritzen zen, beste batzuetan oporretara joaten zen lehen egunak pasata. Aurten, ez du egun bat bera ere galduko: «Bereziki gustura hartu ditut sanferminak».

Jaia bai, euskara ere bai?

Bai, jakina. Euskalduna naiz eguneko 24 orduetan eta urte osoan. Niretzat oso garrantzitsua da, ezinen nituzke sanferminak ulertu euskaraz bizi gabe.

Bestak euskaraz bizi daitezke?

Beti badituzu lagun edo senide erdaldunak, baina bada aukera bat, eta aprobetxatu behar da. Erakundeek ere bultzatu behar dute.

Alabaina, aurten alkatea ez da euskalduna.

Ez, pena handia da. Azkenengo lau urteetako giroa sekulakoa izan da. Ez bakarrik euskarari eta bestari dagokionez, baita beste alorretan ere: feminismoan eta memoria historikoan bultzada handia eman da, nahiz eta asko dagoen egiteko. Beraz, pena handia da, baina, orain, bestetan, bizipozez bizi behar dugu euskaldunok.

Zenbat ordu ematen dituzu Zaldiko Maldikon?

Askotxo. Euskaldunok hemen txoko polita dugu. Dena den, hau toki fisikoa da, baina euskaldunak han eta hemen barreiatzen gara: Nafarroa Oinez txokoa, Dugunak eta Karrikirik zenbait jarduera antolatzen dituzte... Elkar lagunduz sortzen da euskal giroa. Agian, Bigarren Zabalgunera gehiago joan beharko ginateke euskara zabaltzera, eta entzun dezaten Iruñea hori badela.

Kanpotik heldu direnentzat katedral gisakoa da Zaldiko Maldiko?

Bai, seguruenik bai. Erreferentzia puntu polita da: hemen elkartu, eta gero hirian barna barreiatu.

Txandarik izanen duzu egun hauetan, edo erabat libre zaude?

Egia esan, ez nuen aspaldi egiten,gauza bat edo bestea zela lanean tokatzen zitzaidalako, baina, aurten,Nafarroa Oinez-en txokoan izannintzen uztailaren 11n. Lehenbiziko txandan aritu naiz, 10:30ean hasi eta 18:30 arte.

Auzolanak garrantzi handia du egun hauetan?

Bai, garrantzia du urte osoan, eta sanferminetan ere bai. Topikoa da, baina egia da: sanferminetan gauzek funtziona dezaten, jende asko atzean dago lan pila bat egiten: kazetariak, tabernariak, gauzen antolatzaileak, etxeko lanak... Atzean lantalde dezentea behar dugu bestak bere bidea egin dezan.

Tarteka habitat naturaletik kanpo ateratzea gustatzen zaizu?

Saiatzen naiz. Garai batean, gazteago nintzela, beti toki beretara joaten nintzen, baina, gaur egun, gustatzen zait toki ezberdinetara joatea. Seguruenik, sanferminek duten dohaina da jende ezberdina elkartzeko aukera ematen dutela. Beste lagun batzuekin elkartzen zara, batetik bestera joaten zara, eta hori polita da.

Sanferminen behatoki bat balego, urteko txostenean zein lirateke puntu beltzak?

Lehenik eta behin, eraso matxistak. Hori da puntu beltzik handiena. Hortaz aparte, giro narrasa, Alde Zaharreko bizilagunek pairatu behar dutena. Gehiegizko zaborra, gehiegizko edatea... pasatu egin zaigu kontrol hori; ongi pasatzea, pasatu gabe.

Txalorik jotzekotan, nori, zeri?

Karriketan ibiltzen den jendeari, eta giro polita sortzen dutenei: musika joz, dantzatuz, ongi pasatuz... Asko gustatu zait lau urte hauetan eraso matxisten kontra udalak eta, batez ere, talde feministek aurrera eraman duten borroka hori. Zorionez, jendeak bere gain hartu du. Ez gaude atzerapausoak emateko.

Sanferminetan gertatu zaizun gauzarik harrigarriena?

Niri kanpoko herrialdeetako ahoskerak egitea gustatzen zait. Uztailaren 6 batez, duela urte dezente, Nabarreria plazan behera Mexikoko banderatzar bat ikusi nion tipo bati, eta erraietatik atera zitzaidan: «Que viva Mexico, cabrones!». [Gora Mexiko, kabroiak!]. Galdetu zidan mexikarra ote nintzen, eta nik ezetz. [Irri egin du].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.