ATZEKOZ AURRERA. Carlos Rivero. Astondoako kudeatzailea

«Batera doaz Astondoa eta Bilboko Aste Nagusia»

Astondoa su etxeak Bilboko zeruak argiztatuko ditu aurten ere. Erakustaldia izango da, ez baitute lehiaketan parte hartuko. Horrek presioa kentzeko eta sormena erabiltzeko aukera ematen die.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
amaia igartua aristondo
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Itsasadarraren ertzak zerura so dagoen jendez lepo, su festa hasteko zain. Urtero errepikatzen da irudi bera Bilboko Aste Nagusian. Ikusleak ez ezik, ekoizleak ere momentua noiz helduko egoten dira: jaiak urteko «garai gorena» direla azpimarratu du Carlos Rivero (Bilbo, 1966) Astondoa pirotekniako kudeatzaileak. Larunbatean edukiko dute euren lana erakusteko aukera.

Noiz hasten zarete Aste Nagusiko ikuskizuna prestatzen?

Hainbat hilabete aurretik. Ikuskizuna ez denean oso konplexua, hilabete batekin edo hirurekin nahikoa da. Konplexuagoa denean, joan den urteko suak bezalakoa, hiru hilabete baino gehiago ematen ditugu pentsatzen eta analizatzen.

Sua eman aurreko momentuak nolakoak izaten dira?

Urduri egoten gara. Dena bere tokian dagoela kontrolatzen dugu, egindako konexio guztiak jaurtiketarako dugun ordenagailu sistemarekin ondo lotuta daudela egiaztatzen dugu. Ondoren, dena ondo atera dadin, hatzak gurutzatzen ditugu.

Zer da Astondoa Aste Nagusiarentzat?

Lehiaketan eta erakustaldietan hainbeste urtetan parte hartu eta gero, batera doaz Astondoa eta Aste Nagusia. Joan den urtean jaien 40. urteurrena ospatu genuen, eta gauza guztiz ezberdin bat egiten utzi ziguten: musikarekin sinkronizatutako su ikuskizuna eman genuen itsasadarretik. Jendeak badaki hor gaudela edo egongo garela. Ikusten eta sentitzen dutenaren inguruko feedbacka ematen digute, zer iruditu zaien ondo eta zer gaizki, etxekoak bagina bezala; eta bagara. Guk ikuskizunak egiten ditugu, eta hori asko eskertzen dute sare sozialetan; batzuetan pirotekniara ere etorri izan dira.

Eta Astondoarentzat zer da Aste Nagusia?

Ardura bat izateaz gain, poz handia ere bada. Bizkaitarrak gara; beti egon gara Aste Nagusitik gertu. Ikuskizun piroteknikoa osorik promozionatzen dugu. Uste daitekeen baino ardura gehiago dugu: nazioarteko epaimahaikideak eta pirotekniak ekartzen ditugu, eta lehiaketa pixka bat prestatzen dugu. Guretzat, urteko garai gorena da.

Zer berezitasun dute Bilboko ikuskizunek?

Diseinua eta ikuskizunaren erritmoa nagusitzen dira, ez dagoelako baloratu daitekeen beste parametrorik; uretako isla, esaterako. Gainera, Bilbon asko gustatzen zaie zarata; ez dakit beste tokietan ere hala gertatuko den. Hona datozen pirotekniek duten onena eman ezean, ez dute zereginik. Ikuskizun oso harrigarriak ikusten ditugu erritmoari, koloreari eta bukaerei dagokienez. Bilbokoak bezalako bukaerak ez dira erraz ikusten.

Azken urteetan berrikuntzarik sartu al duzue?

Urtero daude berrikuntzak. Moden araberakoa da. Batzuetan suziriak abaniko formari jarraituz jaurtitzen dira, edo makurtuta... beti daude efektu berriak. Baina, nire ustez, garrantzitsuena haien arteko konbinazioa da, eta egiten den ekarpena. Guri, adibidez, gustatzen zaigu keinu bat egitea ikuskizuna egiten ari garen lekuari, nahiz eta ikusleek ez harrapatu.

Erakustaldia azken egunean duzue, gainontzeko guztiak aritu eta gero. Horrek presiorik eragiten dizue?

Lehiaketan parte hartzen ez dugunez, ez daukagu hainbesteko presiorik, eta sormen handiagoa erabil dezakegu. Ez gaude hain mugatuta. Lehiaketan zaudenean, egokitu egin behar duzu arau batzuetara, denbora tarte batera, materialen pisu batera... Erakustaldian, programa motzagoa baina biziagoa egin daiteke, beste leku batetik jaurti, iaz egin genuen bezala... Erakustaldiak uzten dizu pentsatzen zer ekarpen egin nahi duzun.

Aste Nagusia bukatutakoan, zer?

Jaietarako ikuskizunak diseinatzen eta prestatzen segituko dugu. Suarekin egindako ospakizunak oso hedatuta daude. Ikuskizun asko ditugu hiri eta herrietan; Euskadin, irailera edo urrira arte ditugu. Hortik aurrera, Gabonetako ekoizpena eta kanpaina prestatzen hasiko gara. Garai hori enpresaren beste mugarrietako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.