ATZEKOZ AURRERA

Baluarten bildu da indarra

Azken filma eman berritan, hainbat lagun joan da 'Star Wars' filmei buruz Iruñean jarri duten erakusketara. Eskalan egindako irudiak eta filmei buruzko informazioa jaso dute han.

Lagun bat Darth Maulen bustoari argazkia ateratzen, Iruñeko Baluarten paratu duten erakusketan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Orain dela denbora asko oso urrun, urruneko galaxia batean...». Metalezko musika tresnak aditu dira, John Williamsen melodia ozen jotzen. Star Wars-eko film guziak hasi bezala hasten da Iruñeko Baluarten ireki duten Expo-Wars erakusketa. Baluarte jauregian sartu, eta beheko solairura jaitsi dira Javier eta Mikel Rada aita-semeak eskutik hartuta. Eskaileretan behera urruneko galaxian barneratu dira. Bidaia horretan galaxian bizi diren izakiak bertatik bertara ikusi eta George Lucas sagaren sortzaileari buruzko zenbait bitxikeria ezagutu dituzte.

«Hau erakusketa-museo bat da: nahi adina argazki egin ditzakezu, baina ezin da deus ukitu». Sarreran dagoen emakumeak emandako argibideak aditu, sarrera ordaindu, eta Star Wars filmen munduan barneratu dira aita-semeak. Lehenbizi argazkia atera dio aitak semeari bi soldadu inperialen artean, photocall-ik ez baita inoiz falta gisa horretako ekitaldietan. Goiz joan dira, eta erakustaretoa ia hutsik dute, haientzat. Sarreran esan dutenez, egunero joan da jendea, baina tantaka; beraz, erakusketa lasai ikusteko aukera dago. Batik bat 40 eta 60 urte bitarteko jendea agertu dela azaldu dute, baitaseme-alabekin joan diren gurasoak ere, ondorengoei zaletasuna pasatu nahian edo. Sarrerak 11 eta 9 euro artean balio du, eta horrek ere eraginik izanen zuen.

Rada aita-semeak filmaren zaleak direlako erabaki dute Star Wars-en erakusketara joatea. «Urtero, estreinaldiren bat dagoenean, zinemara joaten gara lagunekin. Nik beti ikusi izan ditut filmak», azaldu du aitak. Semeari laser ezpatak gustatu zaizkio gehien, baina adi-adi begiratu ditu txoko guziak, tarteka aitari galderak eginez. «Etxean Darth Vaderren kasko bat dut, benetako tamainakoa», azaldu du semeak, aita bezain zalea dela erakutsiz. Erakusketa gustatu zaie: «Sekulakoa da, oso polita da erakusketa, eta eskalan egindako irudiak ederrak dira», azaldu du aitak.

Denak ez dira zaleak

Reda Balli eta Nawfal Eljawahiry ere agertu dira Baluarten, adin txikiko zentroko beste kide batzuekin batera. Haiekin zen Gorka Lantziego begiralea: «Panpinak ikustera etorri gara. Askok ez dute Star Wars ezagutzen, baina irteera bat egiteko aitzakia ona da. Gero, filmak ikusiko ditugu zentroan». Erakusketa gustatu zaie: «Ongi dago, batez ere panpinak», esan du Ballik. «Nik ezagutzen nuen Star Wars, sakelakorako joko batengatik», gehitu du Eljawahiryk.

Panpina ikusgarriak dituzte han eta hemen. Hori da erakusketaren erakargarri nagusia. Aretoan sartuta, Yodaren irudi batek zaintzen du erakusketa. Han dira ere C3PO eta wookie bat, baita Chewbacca eta RD2D pertsonaien bustoak ere. Bigarren aretoaren erdi-erdian, Stormtrooper soldadu bat dago dewback musker handi baten gainean igota, eta hirugarren aretora sartu aurretik, urrutitik ikusten da Rancor munstro erraldoia.

Begirada eta kamera gehienen arreta bereganatu ditu Palpatin enperadoreak bere tronuan eserita. Argi gorri-urdinak ditu inguruan, eta irudiak proiektatzen dituen pantaila atzean. Eta nola ez, Darth Vaderren panpina ere badago, ikaztutako Han Soloren parean. Busto ilarak ixten du erakusketa, herrialde bateko presidenteak balira bezala. Baina ez dira inongo agintariak, sagako gaizto kuadrilla baizik: Palpatin enperadorea, Darth Vader —maskararik gabe—, Darth Maul, Grievous jenerala eta guardia gamorrearra.

Milurteko Belatza ontziaren maketa eta filmetako eszenak ere badaude, panpina txikiekin sortuak: Han Solok elurretan botata dagoen Luke Skywalker salbatzen duenekoa, Jabbak Leia printzesa gatibu duenekoa eta tronuaren aretoan Darth Vader eta Luke Skywalkerren arteko buruz buruko borroka agertzen duena, besteak beste. Egun hauetan erakusketaren sarreran lanean ari da Garazi Duzunariz Star Wars zale porrokatua. Eszena horiek aipatu ditu: «Oso ongi eginak daude. Txikiak badira ere, oso errealistak dira. Maitasunez eginak direla antzematen da».

Herenegun The Rise of Skywalker filma ikusi zuen, Star Wars-en azkena. Estreinaldia ez zuen galdu nahi izan. Bere zaletasunaren neurria hartzeko eman du datua. Filma ez ezik, erakusketa ere gustatu zaio: «Oso polita da, ezagutzen ez nuen informazio asko ematen baitu. Gauza oso bitxiak azaltzen dira, adibidez, George Lucasi nola bururatu zitzaion horrelako filmak egitea».

Izan ere, informazio taulak eta ikus-entzunezkoak ere badira Baluarten. Haietan esaten denez, auto istripu larri batek urrundu zuen Lucas auto lasterketetatik, eta ospitaleko irakurgaiek bultzatu zuten aurrerago galaxiako mundua sortzera. «Saga berriak istorio zahar bat kontatu zuen, baina inork egin ez zuen moduan», dio bideoak. Indartsu atera zen istriputik, eta Baluarten bildu den mundu oso hori sortu. Indarra izan zuen lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.