TXAPELA BURUAN. Ianire Renobales. Irlandan bizi den santurtziarra

«Irlandan erlijioak pisu handia dauka oraindik ere»

Renobalesk dio Euskal Herriarekin alderatuta «oso ezberdina» dela Irlanda, batez ere erlijioari dagokionez.

BERRIA.
amaia igartua aristondo
2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Ianire Renobales (Santurtzi, Bizkaia, 1986) sei hilabeterako joan zen Irlandara, baina bost urte beteko ditu aurten Letterkenny-n, Donegaleko konderrian (Irlanda) bizitzen hasi zenetik. Azentura ohitzea egin zitzaion zailen, baina, hala ere, hasieratik ondo moldatu da hango bizitzara. «Gustura» dago, baina etorkizunean Euskal Herrira bueltatzeko asmoa dauka.

Noiztik daramazu Irlandan bizitzen?

2015eko azaroan heldu nintzen hona, beraz, lau urte eta erdi daramatzat jada. Eusko Jaurlaritzak ematen duen Global Training beka batekin heldu nintzen. Sei hilabeterako etorri nintzen, baina bekaren epea amaitutakoan, enpresa berean lana eskaini zidaten, eta hemen geratzeko erabakia hartu nuen.

Nolakoa da Irlandako bizitza? Alde handia du Euskal Herrikoarekin?

Oso ezberdina da. Igual, Irlanda aipatzen dugunean, Dublin, Galway, Cork... horrelakoak etortzen zaizkigu burura. Baina Donegal, turismoaren aldetik begiratuta, oso ezezaguna da. Hemen bizi garenok ez dugu ulertzen, oso leku ederra delako; hemengo itsaslabarrak, parke naturalak, hondartzak... oso politak dira, eta egun ez daude batere ustiatuta. Bizitza ezberdina da zentzu askotan. Gastronomiak ez dauka zerikusirik; Euskal Herritik etorrita, zer esango dugu. Aisialdia ere oso ezberdina da: adibidez, lanetik irten eta etxera joateko ohitura dago, batzuetan tabernetara, baina ez dago Euskal Herrian dagoen giroa.

Ohitzea asko kosta zaizu?

Ez. Egia esateko, oso gustura nabil. Lanean gustura egoteak eta hemen lagunak eta ezagunak izateak asko laguntzen du. Ez dut arazo handirik izan.

Zer egin zaizu zailen?

Hasieran, hizkuntza. Hemen, irlandar azentua oso gogorra da, oso azkar hitz egiten dute, eta hitz berezi asko dauzkate Irlandan baino erabiltzen ez direnak. Heldu nintzenean, pixka bat kosta zitzaidan azentura ohitzera, eta nire atzetik etorri diren bekadun guztietan nabaritu izan dut gauza bera gertatu izan zaiela.

Zer egin zaizu deigarrien?

Beharbada, erlijioak oraindik erezer pisu daukan. Adibidez, iaz, abortuaren legearen kontua zoramena izan zen; ikus dezakezu oraindik erlijioak gizartea gidatu egiten duela neurri batean.

Kanpotik ere herrialde oso erlijiosoaren irudia dauka. Baina momentu jakin batzuetako gauza da, edo egunerokoan oztopoa izan daiteke?

Ez, oztopoa, ez. Badakigu non bizi garen, baina noizean behin praktika batzuek harritu egiten zaituzte. Adibidez, pertsona bat hiltzen denean, etxean eduki ohi dute hiru egunez. Gorpua ohe gainean jartzen da eta senideak, lagunak, auzokoak... bisitan etortzen dira, janariak eta edariak eskaintzen dizkizute eta sekulako giroa egoten da etxean gaueko bederatziak arte. Ordu horretan, apaiza sartzen da, jendea isildu egiten da, eta arrosarioa 50 aldiz errepikatzen dute.

Zer eragin izan du koronabirusak?

Unibertsitateak eta eskolak itxi zituzten egun berean etxera bidali gintuzten. Berrogeialdian gaude; maiatzaren 5era arte, behintzat. Hemen, ordea, etxetik irten gaitezke kirola egiteko, baldin eta bakarrik bagoaz eta ez bagara bi kilometro baino gehiago urruntzen.

Etorkizunean, zer? Irlandan jarraituko duzu edo Euskal Herrira itzultzeko asmoa duzu?

Hemen oso gustura nago, lanarekin pozik nago eta pila bat ikasten ari naiz. Hala ere, bizitzak gidatzen zaitu; Euskal Herrira itzultzeko asmoa badaukat, baina noiz bueltatuko naizen galdetzen didatenean erantzuna berdina izan ohi da: «Ez dakit, ikusiko dugu».

Lana izan daiteke, agian, erabakia ez hartzeko arrazoia? Alegia, alde horretatik Irlandan aukera gehiago aurki daitezkeela?

Hemen, egoera askoz hobea da, lan baldintzak bikainak dira, soldatak askoz handiagoak, eta lan kontratuak fidagarriagoak. Hemen, egonkortasun askoz handiagoa dagoela esango nuke, bai orokorrean eta baita nire lan arloan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.