TXAPELA BURUAN. Sara Adrian. Campinasen bizi den lasartearra

«Brasilgo inauteririk politenak kalekoak dira»

Brasilgo Campinasko Unibertsitatean egiten du lan Adrianek. Hiri horretakoa du senarra, eta han jaio ziren haien hiru seme-alabak. Askotariko ikerketak egin ditu landareen nutrizioari buruz.

BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Brasildar batekin maitemindu, eta harekin Brasilera joan zen bizitzera duela 22 urte Sara Adrian (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1971). Pozik dago, «bizitza profesionala» eta «bizitza pertsonala» uztartzeko aukera izan duelako.

Biologia ikasketak egin zenituen Leioan (Bizkaia), EHUn. Zer bide hartu zenuen biologian?

1997an master bat egin nuen Campinasko Unibertsitatean, bizi garen hirian. Karrera akademikoan jarraitu nuen, doktoretzarekin, eta bekaz beka. Azkenean lanpostu bat eskuratu nuen unibertsitate berean. Landare Biologiako Saileko irakaslea naiz gaur egun. Campinasko Unibertsitatea Latinoamerikako onenetakotzat jotzen dute.

Ikerketari dagokionez, zer arlo zehatzetan aritu zara urteotan?

Landareen nutrizioan lan asko egin dut, hau da, nola xurgatzen dituzten landareek zoruan dauden gaiak. Zoruaren kutsaduraren inguruan ere dezente aritu naiz ikertzen, material astunekin lotuta bereziki. Gai garrantzitsua da, lur asko kutsatua baitaude. Material astunek sortutako estresa landareek nola gainditu dezaketen ikertzen aritu izan naiz. Gaur egun, eukaliptoarekin, fosforoarekin eta landareen sustraietako sinbiosi batzuekin egiten dut lan. Oso gogokoa dut nire lana: hori da nire bizitza.

Nolako tokia da Campinas?

Industria eta kultura gune garrantzitsua da, Sao Paulo estatuaren barnean. Baldintzak nahiko onak dira, eta ez dira Brasilen dagoen egoeraren isla. Osasun arloan ere baldintzak hobeak dira beste eskualde batzuetan baino.

Urte hauetan, bisitatu dituzu Brasilgo beste leku batzuk. Zer da herrialdeaz gehien nabarmenduko zenukeena?

Guztiz egokituta nago hemengora, kameleoi baten modura. Hasieran, denak harritzen ninduen: landarediak, esaterako. Hemengo berdea oso desberdina da Euskal Herriko berdearekin alderatuz. Jendea oso irekia eta alaia da; baikortasunez ikusten ditu gauzak. Urteak pasatu ahala, ezusteko berriak hartzen dituzu. Kontrasteen herrialdea da Brasil. Batzuk oso ondo bizi dira, eta beste batzuk, pobrezia gordinean.

Koronabirusa gogor astintzen ari da orain Brasil. Baliabide gutxien duten herritarrak nola daude?

Soldata finko bat dugunok etxean gaude, nahiko eroso. Baina egunez egunekoarekin bizi diren herritar asko daude, egun berean kalera atera eta orduan irabazten dutenak ogia. Ezin badute lanik egin, asko sufritzen dute. Horiek dira osasun zentroetara eta oinarrizko baliabideetara heltzeko aukerarik ez dutenak, gainera. Badira etxean ur txorrotarik ere ez dutenak, eskuak garbitzeko, adibidez.

Nolakoa izaten ari da krisiaren bilakaera?

Martxoaren erdialdean gelditu ziren eskolak eta unibertsitateak. Hasieran, zenbakiak mantso zihoazen, eta jendeak esaten zuen: «Ez da ezer gertatzen!». Gehiegizko konfiantza zegoen. Orain, ordea, gobernuaren erabaki tamalgarriak tarteko, datu oso txarrak iritsi dira. Egunean 600 hildako inguru daude. Estatu batzuetan, osasun sistema gainezka dute, egoera normal batean ere larri egoten baitira.

Zeren falta sumatzen duzu gehien Euskal Herritik?

Jendea, familia, paisaiak eta urtaroak. Lagunekin pote batzuk hartzera joatea ere bai. Brasilen bizitza soziala desberdina da, eta auzoetan bakartuago bizi gara. Hemen txurrasko bat egitea da ohitura politetako bat; lagun artean pasatzen duzu eguna, haragia jaten eta garagardoa edaten. Normalean, urtean behin joaten naiz Euskal Herrira, baina aurreko Gabonetan ezin izan nuen. Uztailean joatea zen asmoa, baina hori ere oso-oso zaila izango da. Ea abenduan...

Brasilgo inauteriei buruz zer kontatu dezakezu?

Brasildik kanpo, Rio de Janeirokoak eta sanba eskolakoak ezagutzen dira. Baina kaleko inauteriak daude, eta horiek politagoak dira. Campinasko zenbait auzotan inauteri tradizionalak daude, eta oso giro ona izaten da. Horiek Tolosakoekin [Gipuzkoa] parekatuko nituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.