MAITE DUT MAITE... MALKORRA. Nerea Urbizu. Musikaria

«Malkorrari Lekunberriko balkoia esaten diot nik»

Bizitzako etapa guzietan jo du Malkorrara: egotera, lasaitzera, kantatzera, parranda egitera edo alabekin ibiltzera. Urbizuk maite du Lekunberri, eta maite du kantua. Bere pasioez mintzatu da.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Lekunberri
2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Lekunberriko balkoia: hala deitzen dio Nerea Urbizu musikariak (Lekunberri, Nafarroa, 1980) bere txoko maiteari. Malkorrako begiratokitik, Lekunberri osoa ikusten da, atzean Aralar mendilerroa duela. Gazteagoa zenean, anitz kantatu izan du han. Orain, bere kantak erruz zabaltzen ari dira Ene Kantak proiektuaren bidez.

Zergatik aukeratu duzu Malkorra?

Txiki-txikitatik ezagutzen dut, eta gogoratzen dut nire amona nola etortzen zen eguzkia hartzera udako arratsaldeetan. Gu egotera igotzen ginen. Garai batean, zirkuitu txiki bat jarri zuten kirola egiteko, eta gehiago etortzen hasi ginen. Nerabezaroan, askotan etortzen ginen: parrandak egiten genituen, asko kantatzen genuen... Udako gau asko gogoratzen ditut hemen.

Orain, beste zentzu bat du tokiak?

Alabekin igotzen naiz. Oso bista polita dauka, eta bake handia dago. Lekunberriko balkoia esaten diot nik.

Herria begiratzea maite duzu, herria maite duzulako?

Bai, maite dut. Nire gurasoak ez dira Lekunberrin jaio, eta pena ematen dit hemen erro sendorik ez izateak. Konplexu txiki bat dut. Ez dut jaso hemengo gauza asko: bizitza, euskalkia, baserrietako istorioak...

Hala ere, lekunberriarra zara.

Bai, bai. Batzuek alde egiten dute sorterritik; ni gustura nago hemen.

Nolatan hasi zinen musikan?

Aitak behartuta. Esan zuen: «Gorka, akordeoia joko duzu, eta, Nerea, zuk pianoa». Baina ez zegoen aukera handirik. Herriko ia denek ikasten zuten musika.

Musika eskolak eragina izan du herrian?

Bai, arrastoa utzi du. Hemengo jendeak badaki abesten, badu oinarrizko formakuntza bat: batzuek txistua jotzen dute, trikitia...

Ez dago arazorik bestetan musikariak lortzeko.

Ez dugu, ez. Afizio dezente egon da. Orain, agian, ez hainbeste, baina, gu gazteak ginenean, bai.

Orain gauza gehiago daudelako?

Bai: kiroldegia, ingelesa...

Kirolak dimentsio handiegia hartuta, musika bazter geratu da?

Agian bai. Gainera, musika akademikoki ikastea sakrifizio handia da. Kirola asko lausengatzen dute hedabideek, eta ume askok ikusten dute bizibide izan daitekeela. Baina hori ez da beti horrela, are gutxiago emakumeen kasuan.

Zuk bai, zuk lortu duzu musika bizibide izatea.

Musika irakaslea naiz, berez, baina, duela bi urte, ETBren eskaintza onartu nuen. Irla bat topatu dut nire bizitzan; botatzen banaute, beste irla bat bilatuko dut. Bai, musikaz bizi naiz, abestiak sortzetik. Uau.

Ene Kantak proiektuari esker. Nolatan sortu zenuten?

Urko aita izan berri zen, eta esaten zuen ez zegoela umeentzako euskal musikarik, bideoak eta horrelako materialak. Pailazoen musika bai, baina zulo bat ikusten zuen. Zirikatu ninduen, eta horrela hasi ginen.

Oso ezberdina da haurrendako musika sortzea?

Haien mundua ongi ezagutu behar duzu: haien arazoak, gaiak, hizkuntza... Umeekin egon behar da umeen musika egiteko. Are, ama izan naizenetik, errazagoa egin zait.

Izan dira lehenago ere: Xixupika eta abar. Bidea markatu dizuete?

Bai, bai. Nik, txikitan, Xixupika pila bat entzun dut, eskolan ere bai. Imanol Urbietak sekulako altxorra utzi du, baina berritzea tokatzen da.

Garai bateko haur kantak aditzen dira parranda giroan ere. Hemendik urte batzuetara, Ene Kantak?

Astronauta tronpeta flauta hasi da entzuten parrandatan, edo Perez sagutxoa eta Erraldoien kanta.

Haurren musikak ez du bakarrik haurrekin funtzionatzen?

Ez, ez. Agian, haurtzarora bueltatzeko modu bat da. Puntu dibertigarri bat dute; helduen kanta alaiak ere badaude, baina serioagoak dira.

Zer kanta sortu nahiko zenuke?

Nafarroan euskara sustatzeko sortu genuen Ene Kantak. Pozik eta gustura egiten dugu, baina nahiko nuke euskarak halakorik behar ez duen garai batean sorkuntzan aritu.

Musikak balio dezake euskara sustatzeko, beraz?

Xaxatzeko, edo euskararekin oroitzapen on bat izan dezaten. Eta heldu batzuek ikasi dute euskara pixka bat Ene Kantak-i esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.