ATZEKOZ AURRERA

Udazkenarekin badoazenei so

Mendixurko Parke Ornitologikoan 200 espezietik gora beha daitezke. Udazkena heldutakoan, leku beroagoetara joaten dira batzuk, baina beste asko bertan geratzen dira.

Harrapakari baten erpea. E.P. / FOKU.
jone arruabarrena
Mendixur
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Zeru urdinean, txori bat orban bat legez pasatu da alderik alde. Goizeko hamarrak dira, eta lehen eguzki printzak hasiak dira Arabako lautadako udazkeneko giro hotza epeltzen. Nabari da urteko zer garai den: zeruko urdinak inguruaren kolore hori, laranja eta marroiekin kontrastatzen baitu. Haizearen xuxurla meheak soilik apurtzen du goizeko isiltasuna, eta belazeak ere horitzen hasiak dira. Sartu da udazkena Mendixurko Parke Ornitologikoan. Baina antza denez, bertan bizi diren 200 espezieetako batzuek ez dute atsegin ate joka dagoen negua.

Migrazio garaia hasi da hezegunean, eta txorien mugimendua nola, zuhaitzez inguratutako bidexka hori batean ibilian doaz bisita gidatuaren arduraduna eta ingurumenean aditu Mikel Elorza ere: «Azaro amaiera arte migratzen egongo dira hegaztiak, hegoaldera, bero handiagoa egiten duen lekuetara. Batzuk Saharara joaten dira, eta beste batzuk Senegaleraino ere heltzen dira. Hala ere, badago Madrilen geratzen denik, edo, besterik gabe, Arabako beste leku batzuetara migratzen duenik ere». Mendixur Uribarri-Ganboako (Araba) urtegiaren adarretako batean dago, urak sakonera txikia daukan tokian. Leku ezin hobea da hegazti askorentzat, eta, beraz, baita horiek behatzeko ere. Bisita gidatuak antolatzen dituzte horretarako, hain zuzen ere, eta gaur bezalako egunak egokiak izaten dira, mugimendu handia izaten baita inguruan.

Urtegiaren ertzetik doa bisita, eta aurrera egin ahala, bidexkaren ertzetako zuhaitzak tolesten hasten dira, pasabide bat sortuz. Eta horren amaieran, bisita gidatuaren helmuga: kaskabeltzen behatokia.

Egurrezko etxolan sartuta, argazki marko erraldoi bat dirudien leiho bat dago. Udazkenaren horiak zeruaren eta urtegiaren urdina mozten du, eta eguzkiaren printzak, noizbehinka keinuka, uretan islatzen dira. Dantzan dabiltzan belar horituen artetik hegazti andana ikus daiteke urtegian. Etxolako paretetan hegazti bakoitzaren irudiak eta izenak dituzten afixak erakutsiz, Mendixurren ikusi daitezkeen hegaztiei buruzko azalpenak eman ditu Elorzak: «Hemen, hiru hegazti mota aurki ditzakegu: lertxunak edo zikoinak bezalako zangaluzeak, ahateak bezalako anatidoak eta harrapakariak». Prismatikoekin begiratzen hasita, hainbat hegazti ikusten dira, baina batek pizten du arreta; adar baten gainean hegalak zabal zabalik baitago: «Ubarroi bat da, dinosauroen garaiko hegazti bat. Ohikoa da hegaztiek mintz koipetsu bat izatea, ura irristatzeko. Ubarroiek, ordea, ez dute mintz hori garatu, eta sikatzeko, hegoak zabalik jartzen dira ».

Plastikozko hankak eta mokoak atera ditu Elorzak. «Zangaluzeak ur ertzean ibiltzen dira intsektuak eta karramarroak ehizatzen, zutunik, eta horregatik, atzean beste behatz bat daukate, oreka mantentzeko», dio. Azaldu duenez, anatidoak beti uretan daudenez gero, ez dute horrelakorik behar: «Hanka zapalak dauzkate, igeri egiteko aproposak». Harrapakarien erpe zorrotza erakutsi du gero; ehizatzeko erabiltzen dute .

Mokoekin ere, antzera: ahora eramango dutenaren araberakoak dira. Elorzak dio zangaluzeek moko sentibera eta luzea dutela, moko bat eskuartean duela. «Gizakiontzat eskuak daukan funtzioa betetzen du». Anatidoek berriz, moko zapala daukate, «ura iragazteko». Azkenik, harrapakariek moko zorrotza daukate, ehizatzeko.

Aparkalekura bidean, kabi bat ageri da lurrean, udazkeneko hosto koloretsuen artean. «Arbolaren batetik eroriko zen, ziur aski», dio Elorzak. Autoak badoaz pixkanaka Mendixur atzean utziz, eta berriro isiltasunak hartzen du dena. Bertako hegaztiek ere laster utziko dute Arabako txoko hau, berotasun bila. Datorren urtean itzuliko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.