ATZEKOZ AURRERA

Mundu bat putzu eginda

Eskoletako Urmaelen Sareak lehen topaketa egin du Ataunen. Urmael bat sortzeak eta kudeatzeak dituen onurez eta proiektuak saretzeko beharraz aritu dira. «Laborategi natural batzuk dira».
Eskoletako Urmaelen Sareko kideak, Ataungo Joxemiel Barandiaran herri eskolako urmaelean, atzo.
Eskoletako Urmaelen Sareko kideak, Ataungo Joxemiel Barandiaran herri eskolako urmaelean, atzo. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2020ko urriak 31

Burruntzi bat besteari lotuta. Dantza eder bat urmaelean. Arra da emeari erantsita dagoena. Eta ez du arrautzak errun artean askatuko. Burruntziak, sorgin orratzak, baso igel gorriak, uhandre palmatuak, uhandre marmolaireak, txantxikuak eta arrabioak. Odonatoak, lepidopteroak eta anfibioak. Natural darabiltzate hitzak Aranzadi zientzia elkarteko herpetologia eta entomologia sailekoek, baita haien eskoletan urmaela jarrita ikasketa prozesua egiten ari direnek ere. Mundu bat kabitzen baita putzu batean. Areago, pentsaezina da zenbat mundu kabitu daitezkeen urmael batean.

Ura putzua baita, eta urmaela hura eta ingurua. Lezioak bata bestearen atzetik eman dituzte Ataungo (Gipuzkoa) Joxemiel Barandiaran herri eskolako urmaelaren inguruan. «Begira, begira... burruntzi guztiak putzuaren albo berean daude. Zergatik? Hortxe topatu dutelako denek tenperatura egokia arrautzak jartzeko. Eta begira ar handi hori. Ez dio inork kasurik egiten, etsi du, eta bakarrik dabil. Ar sateliteak deitzen diegu horrelakoei», moztu du urmaelaren inguruko azalpenen joana Iñaki Mesquita entomologoak, pasioz.

Eskoletako Urmaelen Sareak aurreneko topaketa egin du. Han izan dira jada urmaela eginda duten eskoletako ordezkariak, egiteko asmoa dutenak, eta proiektua ezagutu nahi dutenak. Segurtasun arrazoiengatik, bi zatitan banatuta egin dute bisita; bata, urmaelera egindakoa izan da, eta bestea, proiektuari buruzkoak ezagutzeko ikastetxe barruan egindako jarduna.

Alemaniatik ekarritakoa da ideia. Ikastetxe bateko haurrek kudeatutako urmael baten berri izan zuten han. «Baina hangoa gehiago zen esperientzia bera. Ez zegoen beste asmorik. Hura ez zegoen eskolako ikasketekin lotuta. Gure helburua, ordea, horren erabilera didaktikoa egitea da. Urmaelak dituzten eskolen sarea osatzea,; egitasmo berritzailea da, aurretik antzekorik ez duena», nabarmendu du Iñaki Sanz-Azkue Aranzadi elkarteko kideak.

Sare baten garrantzia aipatu du Sanz-Azkuek, hezkuntzan askotan «irla batean» bezala aritzen direlako, «bakoitza bere kabuz». Horregatik dio «saretzea» dela helburua: «Eskola inguruan urmaela edo putzua duten, eta eremu hori erabilera didaktikorako erabiltzen duten Euskal Herriko ikastetxeen sarea osatzea; eta, era berean, eskola horien arteko lotura sustatzea eta esperientziak partekatzeko aukera ematea».

Onuren zerrenda luzea da. Auzolanean egiten dituzte putzuak askotan: ikasleak, gurasoak, herrikideak... «Parte hartze horrek sortzen du ikaslearengan halako ondasun sentimendu bat, ardura bat», azaldu du Ion Garin Aranzadiko herpetologoak. Ez da onura bakarra: «Ikasle batek ez du sekula baso baten eboluzioa ikusiko; putzu batena, bai».

Metodologia zientifikoa txikitatik aplikatzen hasteko modua, ikerketan trebatzeko bidea, alor artistikoa... hainbat onura aipatu ditu Albert Montorik ere. Bartzelonako Unibertsitatako irakaslea da Montori, herpetologo ezaguna, eta Prat de Llobregateko (Herrialde Katalanak) Salvador Dali institutuan 1996tik abian duten proiektuari buruz aritu zen, bideo bidez. «Putzua, putzua baino zerbait gehiago da. Natur ingurune baten erreprodukzioa da, eskala txikian. Espezieen zikloa ezagutu daiteke; batxilergoan agindutako lehen ikerketa lanak putzuaren inguruan egiten dituzte askok, plastikako lanak ere bai marrazkien eta koloreen azterketaren bidez, espezieen izenen jatorria ikertu daiteke katalanez, gazteleraz eta ingelesez. Eta entzuten ikasten da. 15 minutuz urmaelaren inguruan isilik jarrita egoten gara. Asko ikasten da». Sanz-Azkuek laburbildu du: «Laborategi natural batzuk dira».

Proiektu didaktikoak bide guztia egitea da Aranzadikoen helburua: haur hezkuntzatik unibertsitateraino. Ataunen izan dira, besteak beste, Azkoitiko, Hernaniko, Zarauzko eta Zaldibiako (Gipuzkoa) zenbait eskoletako ordezkariak, Berrizkoa (Bizkaia), Gasteizkoa... putzua eginda dute batzuk, eta egitear besteek. Bakoitzak bere esperientzia eta asmoen berri eman du urmaelaren bueltan jarrita. Burruntziei begira.

Zorrak kitatzea

Izan ere, batzuk jada egin dute bide bat, eta besteak orain ari dira egiten. Bidea egin duten horiek beste pauso bat nahi dute eman, eta pausu hori emateko jarduerak eta unitateak eman nahi dizkie Aranzadik. www.urmaelaeskolan.eus webgunea jarri dute abian. Proiektuari buruzko argibide guztiak ematen dituzte bertan, eta norberaren urmaelari buruzkoak partekatzeko aukera eskaini ere bai, besteak beste.

Ion Garinek azaldu duenez, urmaelak, putzuak, zingirak eta hezegune asko lehortu eta suntsitu dira XX. mendean. Horregatik, Iñaki Mesquita kidearen esaldi bat ekarri zuen gogora: «Putzuak eraikitzea, naturarekin dugun zor bat kitatzea da. Ingurumenarekin justizia egitea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Goizean goizetik jendea pilatzen da Bilboko komun publikoetan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Mapan jarri dituzte

Zihara Jainaga Larrinaga

Taberna eta jatetxeen itxieraren ondorioz, ilara luzeak egiten dira Bilbo erdiguneko komun publikoetan. Erabiltzaileek eskatu dute askoz gehiago behar direla .
 ©CC0

Pandemia urtearen osteko planak

Uxue Gutierrez Lorenzo

COVID-19aren pandemiak markatu du 2020a. Urte berria, baina, bide berriak arakatu edo erdibidean lagatako zenbait berriro hartzeko urtea izan daiteke. Kontzertuak, bertso saioak, bidaiak eta Olinpiar Jokoak dira hainbat arlotako profesionalek buruan dantzan dituzten nahietako zenbait.
 ©JON URBE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.