SAIOA ITXI

Hasiera / Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. Yolanda Arrieta. Idazlea

«Garrantzitsua da jakitea gauzak nork egiten dituen»

Gazte literaturan beste ale bat eskaini du Arrietak: 'Txokolãtegia'. Txokolatearen historian murgildu da liburu berrian, eta agerian utzi du historian zergatik ez den txokolate maistrarik aipatzen.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iker Tubia

2020ko azaroak 6
Liburu gozoa ondu du Yolanda Arrietak (Etxebarria, Bizkaia, 1963): Txokolãtegia (Denonartean). Iga etorkizuneko ikerlariak XIX. mendera eginen du jauzi, familia baten txokolategira, kakaoaren eta txokolatearen jatorria aztertzeko. Txokolate maistra izan nahi duen Dona eta haren ahizpa Lili ezagutuko ditu.

Zergatik ez da ageri txokolate maistrarik historian?

Hortik abiatu nintzen. Gustuko dut txokolatea, eta txokolatearen oinarrian kakaoa dago. Kakaoak ematen zidan historia, ekonomiaren nondik norakoak, gizarte eredua, espiritualitatea... Konturatu nintzen beti txokolate maisua agertzen zela; ez zegoen maistrarik. Hor, hirugarren zutabea aurkitu nuen. Aspalditik lantzen ditut historiako gizarte rolak. Askotan, emakumea bigarren edo hirugarren mailan geratu da, edo ezkutuan, edo ez dago.

Izan dira Dona bezalako maistra ezkutuak?

Bai, beti gertatzen da gauza bera emakumeekin. Txokolatea egin duten andrazkoak beti egon dira, baina txokolategiak gizonen izenean zeuden. Orduan, nahiz eta txokolategile izan, txokolate maisu batekin ezkondu behar izaten zuten. Titulua beharrezkoa zen, eta neskek ezin zuten atera.

Txokolategintzaz ari zara, baina izan zitekeen beste lan bat.

Berdin gertatzen zen XIX. mendeko idazle emakumeekin edo beste gauza batzuk egiten zituztenekin. Ikusgarritasuna da kontua. Autoretza inportantea da; ez egoa erakusteko moduan ulertuta, baizik eta jakiteko nork egiten dituen gauzak.

XXI. mende erdialdeko lagun bat XIX. mendean. Zergatik aukeratu zenuen bide hori?

Atãria liburuan egin nuen denbora jauzia, eta horrek jokoa ematen zidan kontrasteekin jokatzeko eta gaur egungo joera esajeratuagoak agertzeko. Hiru aldirekin jokatu nahi nuen, irakurle gazteari keinu bat eginez. Irakurle gaztea orainean dago, baina bere burua etorkizunera proiektatzen du. Nondik gatozen ere agertu nahi nuen. Nondik nator, non nago eta norantz joan nahi dut.

Bestelako gaiak ere badaude: belarren jakintza, hilekoa, familia harremanak... Transmisioaz eta ahalduntzeaz mintzo zara balio horiek bultzatu nahi dituzulako?

Idatzi ahala, idazlanak berak bizitza hartzen du: galderak egiten dizkizu, eta erantzun bat behar dute. Familiaren barruan gizon izateari buruzko hausnarketak ere badaude; hilekoa ateratzen da ez zen aipatu ere egiten. Urte askoan emakumeok borrokan lortu ditugun hainbat gauza, denak, braust jarri ditut.

Jatorrizko jakintza galtzeko kezka sumatzen da liburuan. Hala gertatzen ari dela uste duzu?

Ez dakit galduko ditugun edo ez. Nik barruan dauzkat hainbat gauza etxean jaso ditudanak: gauza asko bizi, kantatu, entzun eta partekatu ditut, baina jabetzen naiz hori nire barruan dagoela, ez gaur egungo bizimoduetan.

Igak lortzen du kakaoaren eta txokolatearen historian murgiltzea. Liburua memoria ariketa bat da?

Txokolateak sekulako tokia eta garrantzia izan du Euskal Herriko historian eta ekonomian. Askotan, txokolatean geratzen gara, baina atzean kakaoa dago. Ume askok ez dakite gauzak nondik datozen, eta interesgarria da gauzen jatorriari buruz galdetzea.

Euskal Herriko txokolategietara jo duzu liburua ontzeko. Nolako aho zaporea utzi dizu horrek?

Goxoa. Gainera, beti itzultzen nintzen txokolatearekin. Haien gauzak agertzen dira liburuan, eta txokolategia eraikitzeko, han ikusitakoak eta entzundakoak erabili ditut.

Zuri irakurria da: janak gorputza elikatzen duen moduan elikatzen dute kontuek arima. Nola?

Antropologia ikasten nuenean, entzun nuen hiru motatako elikagaiak behar genituela: ogia gorputza elikatzeko, lagunak bihotzerako eta kontuak arima elikatzeko. Neure lematzat hartu nuen. Hori, azkenean, barruko etxea da, ingelesezko home. Amesteko eta hegan egiteko premia ere badugu. Eskola askotan ibiltzen naiz, eta ahozabalik gelditzen dira gauzak kontatzerakoan. Eta tramankulurik gabe, gauzak a cappella kontatzea aldarrikatzen dut. Horrek oraindik liluratzen du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.