ATZEKOZ AURRERA. Fernando Hualde. Idazle eta ikerlaria

«Pirinioak ez dira muga bat; alderantziz, batzen gaitu»

Erronkaribarretik Maulera espartinak egitera joaten ziren emakumeen memoria bildu nahian dabiltza haien ondorengoak: «Ahanzturatik atera behar ditugu, eta esan: eskerrik asko».
ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2020ko abenduak 4

Ainarak bezala: udazkenean etxetik alde egiten zuten espartinak egitera joateko, eta udaberrian itzuli. 1850. eta 1930. urteen artean Maulerako bidea hartzen zuten Erronkari ibarreko emakume askok, tartean, Fernando Hualderen (Iruñea, 1961) amatxik. Joseba Urretabizkaia argazkilariarekin batera espartin egileen memoria bildu du liburu batean: Erronkari Ibaxako ainariak (Xibarit, 2020). Gaur Iruñean aurkeztuko dute, 20:00etan, Nuevo Casinon. Bihar, Izabako herriko plazan (Nafarroa), 12:30ean.

Erronkaribarreko gaiak non, Fernando Hualde han.

Etnografiak eta antropologiak liluratzen naute, eta Nafarroa eta [Espainiako] estatu osorako lanak egiten ditut. Nola ez diot denborarik eskainiko nire lurrari? Hainbeste lekutako etnografia, antropologia eta ohiturak ezagututa, berehala ohartzen zara ibar hau bereziki aberatsa dela horretan. Europa mailako harribitxiak ditugu, hiru behien zerga bezala, edo hizkuntza.

Zure amatxi ainara izan zen. Gehiago lotu zaitu horrek gaiari?

Noski, horrek gehiago bultzatu nau, eta ohartu naiz zergatik jakin nuen horri buruz orain dela gutxi. Bizilagun askok orain jakin dute haien arbasoak espartin egileak izan zirela, gutxik kontatzen baitzuten. Ikusi zuten beste lanbide batzuk omentzen genituela, baina haiek isilik ziren. Eta isilaraziak.

Estigmaren bat zutelako?

Normalki familia soiletakoak joaten ziren: kanpora atera behar zuten etxera gauzak ekartzeko. Gainera, onura bikoitza zen, tarte horretan etxean ez zirelako gastu bat.

Zer ekartzen zuten Mauletik?

Diru gutxi irabazten zuten, baina ezin zuten dibisarik ekarri, debekaturik zegoen. Beraz, inbertitu egiten zuten: ekartzen zuten baxera, mahai tresnak, brodatuak, oihalak...

Lan gogorra zen?

Volkswagenen aritzea gogorra da? Lan mekanikoa zen. Lanaldiak hamabost ordutik gorakoak ziren, eta etxera lana eramaten zuten, pixka bat gehiago irabazteko. Denak pilatuta bizi ziren. Hori bai, haien artean batasun eta elkartasun handia zuten: bat erituz gero, besteen artean egiten zuten haren lana.

Joan-etorriko bide hori askotan aipatzen duzue. Gogorra zen?

Ainarez hitz egiten dugunean, espartinak egiteko lanean bainoago, giza esfortzuan jartzen dugu arreta. Zure 12-13 urteko alaba Maulera bidaltzeak esan nahi zuen ibarra oinez zeharkatu behar zuela euria, elurra, horma edo hotza egin arren, eta mendira igo, amildegi horiekin. Batzuetan, ez zekiten ailegatu ote ziren. Adibidez, Jaurrietako neska batzuk hotzez hil ziren bidean.

Nolakoa zen lanera joaten zirenek Maulerekin zuten harremana?

XVIII. mendean Maule erreferentzia zen Europako espartin ekoizpenean, eta 1850ean langile gehiago behar zituzten. Hemengo gehienak senideak ziren, eta denek egiten zuten euskaraz. Ez zen arazorik. 1920an ja migrazio bat da, lan harreman bat, eta euskararen erabilera galtzen da; beraz, batzuk frantsesak dira eta besteak espainiarrak. Lana kentzen zietelakoan, espainiarrak baztertzen hasi ziren.

Urretabizkaiaren argazkiek garrantzi handia dute liburuan. Ainaren ondorengoak agertuta, lekukoa pasatzen da, nolabait?

Bai, noski. Sekulako argazkiak egiten ditu, eta aukera eman digu aurten ere ainaren irteera antzezteko. [Koronabirusarengatik ezin izan zuten urteroko antzezpena egin]. Bestalde, omenaldi hori egiten ari garenak haien ondorengoak garela jakitea garrantzitsua da. Emakume horiek erreferenteak dira. Urteetako ahanzturatik atera behar ditugu eta esan: eskerrik asko.

Egun, zein harreman du Erronkaribarrek Maulerekin?

Mauleko biztanleen erdiak baino gehiago dira Zaraitzu, Erronkari eta Anso ibarretako ondorengoak. Zilbor heste batek lotzen gaitu Pirinioaren beste aldeari eta Nafarroaren hegoaldeari. Orain errepidea dugu, eta inguruko ibarren arteko nahasketa ohikoa da. Nire kuadrillan askok dute bikote frantsesa, baina guretzat ez dira kanpokoak. Erdian Pirinioak ditugu, baina ez da muga bat; alderantziz, batzen gaituzte erabat, elkarrekin bizi gara hor.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

San Sebastian egun «lasaia eta tristea» ospatzen ari dira Donostian

Enekoitz Telleria Sarriegi

Danbor soinu bakanen bat entzuten da Parte Zaharrean; bada okasiorako jantzi denik ere, baina ohiko jaiegun baten gisan dabil jendea pasieran.

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Handikeria anbizioa duenak asebete dezala kazetari hasi aurretik»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Kroniken kontrakronikekin, Merinok 'Lo que puedo contar' liburua ondu du, kontatu nahi bai baina premiek eta presek kamustu zizkiotenekin: 42 urteko eskarmentua, hainbat herrialde eta 'bacalao'-ren istorioa.
Euskal Sagardoa jatorri izeneko arduradunak eta sagardogileak, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Sagardo berria botila eta pitxer gardenetan zerbitzatuko dute sagardotegietan

Enekoitz Telleria Sarriegi

Otsailaren 5ean hasiko da ofizialki 2021eko sagardo denboraldia. Sagardo berria botila eta pitxer gardenetan zerbitzatuko dute mahaira; ez da zutik eta joan-etorrian txotx egiterik izango. Guztia atondu dute horrela, sagardotegiak segi dezan «sozializatzeko eta gustura egoteko leku bat» izaten.

Jorge Monje eta Barbara Rivas, <em>Altsasu</em> telesaileko aktoreak. ©ETB

Milioi bat herritarrek ikusi dute uneren batean 'Altsasu' TV3en

Urtzi Urkizu

Baleukok ekoitzitako fikzioaren lehen atalak %22,7ko ikusle kuota lortu zuen Katalunian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna