Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Betiko azoka, ezohiko postala

Pandemia dela eta, geroago ireki ditu ateak Iruñeko Eguberrietako azokak, segurtasun neurriak baldintzatuta. Hala ere, saltzaileak kontent dira bezeroek ez baitute hutsik egin.
Artisau lanak salgai dituzte Iruñeko Eguberrietako azokan; irudian, Maria Esparzaren 3D postalak.
Artisau lanak salgai dituzte Iruñeko Eguberrietako azokan; irudian, Maria Esparzaren 3D postalak. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2020ko abenduak 12 - Iruñea

Postal ezberdin bat, ezohiko Eguberritarako. Eskuz idatzitako hizkiek hala diote Iruñeko Eguberrietako azokako postu batean dagoen kartelean. Ongi laburbiltzen du azokaren egoera: betikoa baita, baina ezohikoa aldi berean. Ezohikoa, sartzerakoan eskuak garbitu behar direlako, lurrean dauden seinaleei jarraitu behar zaielako, maskarak eta distantziak derrigorrezkoak direlako eta postu gutxiago ikusten direlako. Ezohikoa, karpa irekita dagoelako albo guztietatik. Baina betikoa, ohi bezala, zezen plazan muntatu dutelako, eta ez direlako falta galtzerdiak, txanoak, diru zorroak, belarritakoak, errotuladorez margotzeko belusezko koadro zuri-beltzak, buruari eragiteko egurrezko jokoak, gozoak eta haziz beteriko zakutxo goxoak.

Klak. Klak. Sarreran gizon batek eskuetan duen kontagailuari eragiten dio norbait sartu edo ateratzen den bakoitzean. Ohiko edukiera murriztu dute: kabitzen direnen %40 baino ezin dira sartu. Klak. Klak. Ostiral goiza da, kanpoan zaparrada, eta azokan tantaka sartu eta ateratzen da jendea. Postuak lasai ikusteko ordua da. Asteburuetan ilara luzeak daude, baina jendea prest dago euripean zain egoteko. Pandemiaren irakasgai nagusietako bat: ilaran zain egoten ikastea. Barruan, ez da jende pilaketarik asteburuetan ere, osasun neurriek hala agintzen baitute. «Ez dago jendetzarik; beraz, lasai ikus daitezke postuak. Jendea seguru sentitzen da hemen», esan du Maria Esparza eskulangileak.

Normalki azaroaren 29an irekitzen dute azoka, Iruñeko egunarekin batera, baina, aurten abenduaren 3an zabaldu dute, Nafarroako egunarekin batera. Ez zekiten irekitzerik izanen zuten ere. «Beldur handia nuen, azoka muntatzeak diru asko balio duelako, eta ez genekien jendea etorriko ote zen. Eta bai; kontent nago, etorri direlako», jakinarazi du Esparzak.

Bezeroei eskertuta

Antzekoak izaten dira urtero postuak, baina aurten batzuek huts egin dute. Urtero egoten direnetako bat da Antonio Peciña; 27 urtez paratu du galtzerdien erakusmahaia zezen plazan. Aurten ere bai. «Azoka da gure itxaropena. Azoketan aritzen garenontzat hau da urteko lehenbizikoa eta bakarra. Urte zaila izan da, egokitu behar izan dugu, aurrezkiekin aurrera egin, eta hau egiteko baimena izanda, ezin genuen hutsik egin». Egoera latza dela argi izanda, itxaropentsu mintzatu da, eta, batez ere, esker onez. «Jende gutxiago dago edukiera mugengatik, baina, hala ere, bezeroak itzultzen dira, leialak dira; beraz, kontent gaude».

Ikuspegi kontua da: botila erdi hutsik edo erdi beterik ikustea. «Ez dakit nolakoa izanen den aurtengoa, baina, edozein modutan, azoka ona izanen da. Beste aukera azokarik ez izatea baitzen». Egoeraren berri eman bitartean, bezero batzuk bildu dira galtzerdi eskaintza zabala begiratzera. Dena ongi begiratu arren, gehienek betikoak eramaten dituzte. «Ezagutzen gaituzte, eta ezagutzen dute produktua. Horregatik itzultzen dira».

Agertu diren bezero horien moduan, pandemia betean azokara joatea erabaki dutenentzat esker hitzak besterik ez du Peciñak: «Mila, mila, mila eta mila esker». Gertukoa da bezeroek eta saltzaileek duten harremana, eta, batzuetan, pasadizo bitxiak ere gertatzen dira; belarritakoen postuan bezala. Gazte bat agertu da: «Belarritako faltsurik baduzue?». Saltzaileak ezetz, ez duela deus faltsurik. «Zulorik gabe jartzekoak esan nahi nuen», argitu du bezeroak. Belarritakoak ongi begiratuta, saltzaileak zerbait erosteko gomendatu dio, jarriak dituenak dagoeneko «amortizatu» dituela. Baietz, erosiko diola esan dio: «Aurten, gainera, erosi beharko dugu zerbait ere». «Noski, utzi Interneten eta ostia-tan erosteari, eta erosi txikiei», aholkatu dio saltzaileak. Eta buruarekin baiezko keinua eginez, arrazoia eman dio gazteak.

Atentzioa gehien ematen duten postuetako bat Esparzarena da. Hiru dimentsioko postalak ditu erakusmahaian: Olentzero, Mari Domingi, katua, zuhaitzak, itsasontziak, bizikletak, trenak... «Iaz baten bat egin nuen, baina aurten erabaki nuen postal hauen alde egitea. Sanferminetarako entzierroarena prestatu nuen, baina...», azaldu du eskulangileak. Berak zeramikak eta belarritakoak egiten ditu normalki. «Zeramika gutxi egin nuen, beldurrez, eta, azkenean, oso ongi saltzen ari dira».

Mari Carmen Goñi da postalei begira liluraturik geratu direnetako bat. «Gaur begiratzera etorri naiz, eta beste egun batean erosiko dut», azaldu du. Urtero-urtero han izaten dela kontatu du: «Nola ez nintzen aurten etorriko?». Postutik postura ibili da, poliki ibili eta begiak zorrotz interesgarriak diren produktuak ehizatzeko gertu. Antzera dabiltza bezero guziak, bat eta gero beste bat, pasatu dira denak salmahaien aurretik, betiko moduan. Baina ezohikoa da postala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Baltsa piratak, portutik Kontxarako bidean. ©JON URBE / FOKU

Donostia abordatu dute piratek ia 200 ontzitan

Hodei Iruretagoiena - Mikel P. Ansa

Itzuli da Aste Nagusi Pirataren ikur bihurtu den ekitaldia, bi urteko etenaren ondoren. Ia berrehun ontzi abiatu dira, 17:00ak jo dutenean. Abordatzeak hogeigarren aldia du aurten.

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

«Ahituta amaitzen dugu, baina zoriontsu»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Klasikoetan klasikoena da Arnoldo izozkitegia Donostian. 1935ean hasi ziren, eta laugarren belaunaldiko kidea da Alustiza: «Hauxe da txikitatik edoski duguna; gure odola da, eta ezin genuen hiltzen utzi».
Mariana Etxegarairen hilobia, Hazparnen (Lapurdi). ©HAZPARNEKO HERRIKO ETXEA

«Kantuan hastean hein bat lotsatua nintzen, baina ahantzia nuen berehala»

Miel A. Elustondo

Julien Vinsoni zor bide zaio bertsolaritzari buruzko aipurik zaharrenetakoa, 1869ko irailean Saran egindako Lore Jokoetakoa. Hantxe dira ageri Jatsuko Piarres Ibarrart 'Bettiri', Azkaineko Mari Luixa Erdozio eta Joanes Etxeto 'Senpereko errienta' koplariak. Usteak ustel, Erdozio ez da salbuespen. Garaian, beste bi emakumezko ere nabarmendu ziren kantuan, Mariana Etxegarai 'Aña Debrua' eta Marie Hargain, bertsolari txapeldunak.
Uribarri Ganboako Garaioko hondartza. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Barnealdeko hondartzak

Eider Etxeberria Soria

Uribarri Ganboako urtegia urte osoan bisitatzeko leku aproposa da, uda sasoian batez ere. Garaioko eta Landako hondartzak daude han, eta bainua hartzea baimendurik dago

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...