ATZEKOZ AURRERA

Inoiz baino zuzenago

Pandemiak ez die lekurik utzi Tolosako inauteriei, baina, txilabarekin edo hura gabe, kalera ateratzea erabaki dute zenbaitek. Udalak eta herritarrek neurriak errespetatzeko eskatu dute.

Tolosako Plaza Zaharra, atzo eguerdian. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Tolosa
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Tolosa (Gipuzkoa) eta inauteriak. Inauteriak eta Tolosa. Hautsi ezin zen bikotea zirudien, pandemia iritsi den arte. 12:00etarako, konfetiz, serpentinaz eta txilabadun herritarrez beteta behar zuen Plaza Zaharrak, baina ia hutsik zegoen atzo; Ertzaintzaren auto batek eta zerbait gertatuko zen esperantzaz-edo udaletxera begira zeuden lagun bakan batzuek iradokitzen zuten ez zela edozein egun; COVID-19rik ez balitz, ostegun gizena ospatzen ariko liratekeela.

Baina alkateak, udal taldeek eta ostalariek argi adierazi zuten elkarrekin egindako agerraldian: «Tolosan ez da aurten inauteririk ospatuko». «Zuhurtziaz eta elkartasunez» jokatzeko deia egin zieten herritarrei, baita neurriak errespetatzeko eskatu ere, «osasun egoerak okerrera egin ez dezan». «Oraindik ez dago lasaitzeko tarterik», ohartarazi zuten. Zaintza lanak indartuko dituztela ziurtatu zuten —nahiz eta eguerdi partean ez diren toki guztietan egongo—, eta eskatu zuten ez joateko Tolosara festara.

Horrenbestez, inauteriek berezko ezaugarri duten eromenik ez zen atzo eguerdian Tolosan. Errekaduak egiten zebiltzan zenbait herritar, eta terrazaren batean zerbait hartzen beste batzuk. Lau laguneko mahai batean eserita eta maskara jarrita: horrela zeuden Asteasuarra tabernaren atarian Itxaropena Elordi eta Miren Maite Arnaitz, zerbait hartu berritan. Tabernen irekierari buruz iritzi kontrajarriak ditu Arnaitzek: «Alde batetik, ondo, baina, beste aldetik, ez dakit». Halere, behin irekita, neurriak errespetatzearen alde egin zuten, eta gogoratu aurtengo inauteriak desberdinak izango direla.

Josune Otegi lanean ari zen barruan, eta baieztatu zuen neurriak betetzen ari zirela: «Oraingoz —oraindik arratsaldea ez zen ailegatu—, jendea oso lasai, zuzen eta txintxo dabil. Ni egun normal bat balitz bezala funtzionatzen ari naiz». Tabernak irekitzeko baimena eman berritan —Tolosak, atzoko datuen arabera, 100.000 biztanleko 536 kasu zituen azken hamalau egunetan—, aitortu du «nazka-nazka» eginda dagoela tabernak ireki eta itxi aritzeaz.

«Egun normal bat bezala»

Asteasuarra bezala, irekita daude inguruko taberna guztiak, hala nola Raku. Miriam Gimenez jabeak azaldu zuenez, «egun normal bat izango balitz bezala» hartu zuten atzokoa. Halere, aitortu zuen tabernak irekitzeko erabakiak bi sentsazio eragin zizkiola: «Alde batetik, oso pozik, lanerako gogoarekin eta bueltatzeko eta irekitzeko gogoarekin; beste aldetik, kasualitatez berezko inauterietako datekin tokatu zaigu, eta alde horretatik beldur pixka batekin ea jendeak nola erreakzionatuko duen eta zer pasatuko den, urduri». Normaltasun irudia zabaltze aldera, ostalariek erabaki zuten inauterietako musikarik ez jartzea eta txistorrik ez banatzea: «Pentsatu dugu ez dela garai egokia».

Etxe batetik zetozen inauteri doinuek eta balkoietan eskegitako zapi koloretsuek salatzen zuten tolosarren inauterizaletasuna. Tartean-tartean, haurren bat ere bai txilabarekin edo mozorrotuta. Aurten ez da festarik tokatzen, ordea. «Arraroa da; arraroa da aurten», zioen kalean paseoan zebilen emakume batek.

Inauterien falta nabaritu dute zenbait negoziok ere. Amiano jostailu denda da horietako bat. Mozorroentzako osagarriak saldu ohi dituzte, baina Juan Karlos Amianok penaz aitortu du aurten %90 gutxiago saldu dutela: «[Beste urteetan] denda beteta egongo litzateke, saltzen, eta orain zu eta ni bakarrik gaude». «Desastrea» izaten ari dela azpimarratu du: «Hemen egon behar duzu nola edo hala: poltsikoan lehendik zegoena gastatzen ari gara».

Txilabak ere bai

Euskal Herria plazan, ordea, beste giro bat suma zitekeen: terrazak mukuru beteta zeuden; hori bai, gehienak lauko taldeetan elkartuta eta maskararekin zeuden. Txilaba janztera animatu direnen bat ere ikus zitekeen: esaterako, Saioa Seara eta Ion Ander Sanchez. Beste lagun batekin batera, terraza batean eserita zeuden, maskara jarrita zutela: «Neurriak betez, baina ondo pasatu dezakegu, eta ostalaritzak aurrera egin», adierazi du Sanchezek. Searak aitortu du «oso pozik» hartu dutela tabernak irekitzeko albistea, baita Sanchezek ere: «Plan guztiak aldatzen azken orduan; 'azkenean, tabernetara joango gara' esaten». Aurrerantzean ere, «inauterien funtsa» mantendu nahi dute, baina Searak argi du neurriak beteko dituztela hemendik aurrera ere: «Gauza handirik ez dugu egingo: tabernetan egon, zerbait hartu, igandean mozorrotu bagaitezke mozorrotu, eta kito; ezer gehiago ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.