ATZEKOZ AURRERA

Arrantza horia Urumean

Arrauning enpresak antolatuta, edukiontzi horira botatzen diren hondakinak jaso dituzte ibaitik. Urumeako Aste Nagusiko egitarauaren barruan antolatu dute zabor bilketa.

Parte hartzaileek Urumea zeharkatu dute, plastikoak jasoz. GORKA RUBIO / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Goitik begiratuta, piraguak alokatu dituzten lagun talde eta familiak dirudite, baina ez daude hor aisialdi hutsagatik: Urumea ibaia garbitzeko asmoz baizik. Arrauning enpresak antolatu du ekintza, eta Arrantza Horia deitu diote, kolore horretako edukiontzira botatzen diren zaborrak biltzeko helburua baitu. Atzo egin zuten, Donostian, Urumea ibaian, bi ordu inguruz; Loiola parean hasi, eta Martutenen amaitu zuten.

Ez da enpresak gisa horretako ekimen bat antolatzen duen lehen aldia: Urumeako Aste Nagusiaren egitarauaren barruan, abuztuaren 8an ibaia garbitzeko beste deialdi bat egin zuten. Ordukoan, objektu handiak izan zituzten jomugan, eta, horregatik, adinez nagusiek soilik hartu ahal izan zuten parte. Atzo, ordea, ontzi arinak eta plastikozko zaborra biltzea zutenez xede, eta haurrek ere parte hartu ahal izan zuten.

Hamabost lagun inguru elkartu dira Loiolako Arrauningen egoitza parean; gehienak gurasoak dira, haurrekin, eta Donostia inguruko herrietakoak. Bost kanoatan antolatu dira, binaka edo hirunaka joateko. Hasierako azalpenak Unai Elizasu enpresako sortzaileak eman dizkie: «Zaborra bildu ahala, kanoetan gordeko dugu, eta gero, bukatutakoan, edukiontzi batera botako dugu». Kanoei buruzko xehetasunak ere eman ditu, lasaitze aldera: «Oso zaila da ontzia iraultzea, ia- ia nahita egin behar da».

Arrauning jartzen duen txaleko gorriak jantzi, eta kolore bereko ontziak ibaian sartu dituzte, banan-banan. Plastikozko eskularruak jantzi dituzte parte hartzaileek, zaborra jasotzeko, eta txandaka abiatu dira: Loiola parean hasi, eta Martutenerantz jo dute, inguruari so, zer-nolako ontziak arrantzatuko.

Norabide berean arraunean

Hasieran, kosta zaie parte hartzaile batzuei ontzia nahi zuten norabidera joateko koordinatzea: «Orain zuk ezkerrera, orain beste aldera; zuk eman orain!», entzuten zen ibaiaren ertzetik. Palakadak areagotu ahala, ordea, orekatu dituzte indarrak, eta nahi zuten lekura joan dira, «arraun, arraun» oihu artean, eta Bandiera rossa abestia abestuz.

Kanoa bat bestearen atzetik joan direnez, lehenengo zihoazenek ontziren bat hartzerakoan huts egiten badute, hurrengo ontzikoek bildu dute. Baina atzera itzuli direnak ere izan dira. Horien arriskua nabarmendu du Elizasuk amaieran: «Hasieran plastiko zati txikiak pasatzen uzten zituzten, baina gauza txiki horiek, ia ikusten ez direnak, dira arriskutsuenak».

Kanpoan ere izan dute laguntza, zaborrak non aurkitu seinalatzen ibili baita inguruan zebilen jendea. Entrenatzen zebiltzan piraguista gazteekin ere gurutzatu dira, eta ahateak ere ikusi dituzte, ibaiaren ertzetan zabor bila ari ziren bitartean. Uretan zeuden hondakinak hartzeaz gain, zuhaitzen adarretan ikusitakoak ere bildu dituzte, besteak beste.

Denetik bildu dute txangoan: plastikozko botilak, gozokien poltsak, sokak, maskarak... baita lokatz artean zapataren bat edo beste ere. Guztira lau bat poltsa bete dituzte, eta amaieran, gauzabakoitza zegokion edukiontzira bota dute, birziklatu ahal izateko bereizi ondoren.

Balorazio ona

«Gustura» gelditu dira bai antolatzaileak, bai parte hartzaileak. Uste baino gutxiago bildu dutela aitortu dute batzuek, baina Elizasuk berehala erantzun die: «Botila bat ateratze hutsa nahikoa da, ahateei janari hori kendu diegun seinale delako», azaldu du donostiarrak, ziurtasunez.

Hala ere, ulertu du objektu txikiak izanik jaso dutena hainbeste ez dela iruditzea: «Egia da aurreko garbiketa egin genuenean hain gauza handiak atera genituenez askoz ere ikusgarriagoa zela». Baina nabarmendu du objektu txikiak biltzea handiak biltzea bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa dela.

Txomiñenea parkearen inguruan ibili dira denbora gehien, jendea ibiltzen den tokia denez zabor gehien han egongo zelakoan. Bide bera atzerantz egin, eta Arrauningen egoitzan amaitu dute atzera ere. Lanerako toki duena garbi mantentzea gustatzen zaio Elizasuri, eta «pozik» amaitu du. Hain zuzen, Urumea ezagutarazteko lanean dihardu enpresa sortu zuenetik, 2010. urtetik. Hori du jomugan: arrauna eta aisia elkartuz, ibaia barru-barrutik ezagutaraztea.

Urumeako Aste Nagusia amaitu aurretik, bi ekintza egingo dituzte Arrauningekoek: gaur gauean, Urumeaz gauez gozatzeko aukera izango dute: Loiolan hasi, Lizeagako portuan sagardo pixka bat edan, eta ilunabarrez itzuliko dira Loiolara; bihar, berriz, kanoetan osteratxoa egingo dute, Urumean barrena. Lehenengoan parte hartu ahal izateko, hogei euro ordaindu behar da, eta bigarrenerako, berriz, hamalau euro. Horrela emango diote amaiera aurten lehen aldiz antolatu duten Urumeako Aste Nagusiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.