ATZEKOZ AURRERA

Memoriaren frontean

Lehen Karlistaldiko Andoaingo guduari buruzko erakusketa bat zabaldu dute Bastero kulturgunean, emakumeek gerretan jasaten dituzten ondorioetan oinarrituta.

Herri kondairan oinarrituta sortutako Atanaxi pertsonaia, atzoko aurkezpenean, Basteron. JON URBE / FOKU.
Jakes Goikoexea
Andoain
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Lehen Karlistaldia Andoainen (Gipuzkoa). 1833-1840 urteak. Gizonak gerrako frontean. Emakumeak baserrien, baserriko lanen eta baserrietan geratutako edadetuen eta umeen kargu. Emakumeak alde batekoen eta bestekoen erasoen eta lapurreten mende. Emakumeak izututa. Emakumeak ondasunak babesten. Emakumeak seinalatu eta, kasu batzuetan, erbesteratu, gizonen hautu politikoaren arabera. Emakumeak soldaduen erizain, garbitzaile, prostituta... Zelatari ere bai. Emakume bortxatuak. Bortxatzaileen seme-alaben ama.

Lehen Karlistaldiak Andoaingo emakumeengan izandako ondorioetako batzuk dira. XIX. mendeko gerretako jokabideak eta ondorioak, ordea, gaur egungo gerretan ere errepikatzen dira, eta emakumeek jasaten dituzte.

Ariketa bat proposatu zien atzo Ane Jalonek aurrean zituen entzuleei: galdetu zien ea umetako gerretako iruditerian ba ote zegoen emakumerik. Nekez.

Gerra gizonen arteko kontua izan da historian eta iruditerian. «Emakumeak desagertu egin zaizkigu, baina gerra guztietan egon dira emakumeak», nabarmendu nahi izan zuen Jalonek. «Zehar kalte deitu izan zaigu, baina zuzeneko kalteak gara».

Andoaingo Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko presidentea da Jalon, eta herriko Bastero kulturguneko erakusketa aretoan hitz egin zuen atzo arratsaldean. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak erakusketa bat zabaldu duLehen Karlistaldiko Andoaingo guduari eta gudu hartan emakumeek jasandako erasoei, kalteei eta ondorioei buruz: Ahaztuak. Emakumeak bertan ziren eta bertan dira.

Irailaren 25era arte egongo da zabalik: astegunetan arratsaldez, eta asteburuetan goizez eta arratsaldez. Bisita gidatuak egingo dituzte hilaren 18an eta 25ean, euskaraz eta gaztelaniaz. Izena eman behar da.

Gudu ezezaguna

Gudu ezezagun bezain gordina izan zen Andoaingoa, 1837ko irailaren 14koa. Karlisten eta liberalen artekoa. Karlistak gutxiago ziren, 3.500 soldadu inguru; baina irabazi egin zieten liberalen gudarosteetako 7.000 soldaduei. 600-800 hildako inguru eragin zituen guduak. Sarraskia izan zen herrian. Liberalek —Erresuma Batutik joandako legioko soldaduek batez ere—, Hernanitik Andoainera bidean, Urnieta suntsitu zuten, eta Andoaingo 50 baserri erre eta txikitu zituzten.

Gudua eta guduaren gordintasuna ezezagunak ziren andoaindar gehienentzat. Karmele Otaegi udal artxiboko arduradunak azterketa bat argitaratu zuen arte1990ean Lehen Karlistaldiak Andoainen izan zuen eraginari buruz.

Azterketa hartatik abiatuta, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak guduaren zabalkundeari ekin zion, eta gaur egun guduaren herri antzerkiak ere egiten dira. 2013an, 2015ean ea 2017an egin dute, 200 bat parte hartzailerekin. 2020an egin beharrekoa bertan behera utzi zuten COVID-19agatik; 2021ean ere ezingo dute egin, eta, etena erabatekoa ez izateko, erakusketa antolatu dute.

Erakusketaren izenburuak ez ditu aipatzen garai bateko emakumeak bakarrik, baita gaur egungoak ere. «Emakumeak dira hau guztia aurrera ateratzeko lan handien egiten ari direnak», nabarmendu zuen Jon Unanue Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko eta antzerkiko zuzendariak.

Karmele Otaegi izan zen gudua itzaletik argitara atera zuena; emakumeak dira antolaketa taldeko kide gehienak; eta emakumeak dira duela hamar urtetik soldaduen uniformeak josten dituztenak ere.

Irekiera ekitaldian izan zen Otaegi, eta zehaztu zuen «oso deigarria» zela, gerra bukatu zenean, «zenbat ume utzi ziren ongintzan edo inklusetan».

Erakusketa oso didaktikoa da Basterokoa. Atalka banatua. Uniformeak alde batean, fusilak pilatuta bestean, jostunen lantegia harago, herri antzerkietako argazkiak hormetan, bideoa telebistan...Informazio taulak dira oinarria, testu argiez osatuak. Gertatutakoaren oinarrizko informazioa jasotzeko modukoak, eta irudiekin oso ondo uztartuta.Garbiñe Ubedak egin ditu emakumeek jasaten dituzten ondorioei buruzko ataleko ilustrazioak. Soilak eta sarkorrak.

Juan Luis Landarenak dira Andoaingo guduari buruzko ilustrazioak. Guztien artean, bat nabarmen: bi adarreko kapela bat odolak hartutako kale batean behera. «Herri kondairak esaten du egun horretan Goiko Plazan hainbeste odol isuri zela, ezen Leopoldo O'Donnell jeneral liberalak galdutako bi adarreko kapela Kaletxikiraino eraman zuela», azaldu zuen Unanuek.

Goiko Plazan isuritako odol asko Erresuma Batuko legioko soldaduena izan zen. Ihesean, elizan babestu ziren, horrela hilko ez zituztela pentsatuta. Baina herritarrek mendekua nahi zuten, liberalek baserriak erre zituztelako, eta elizatik aterarazi, eta hil egin zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.