ATZEKOZ AURRERA

Xingar feriak aro berria

Pazkoz ireki beharrean atzo ireki ditu bortak Baionako 558. Xingar Feriak. Lau egunetik hirura laburtu dute, igandera arte, eta karpa erraldoi batean bildu. Ostatuak gauerdian hetsiko dira.

Bastidako (Nafarroa Beherea) Maddi Leglisek irabazi du aurtengo Baionako xingarraren feriako azpi lehiaketa. BOB EDME.
Ainize Madariaga
Baiona
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Xaho kaian ostatuen leihoskei kea eta lurruna darie goizeko freskurari gaina hartu nahian. Xingar usaina aitzinatu zaie oren batzuk geroago metatuko den jendetzari. Bi urteko barauaren ondotik, 558. xingar feria abiatu da Baionan. Usaiari muzin eginez: Pazkoz egin beharrean, osagarri krisiak orain egitera behartu du. Bestalde, lau egunetakoa hirura laburtu dute, eta ostatu guziek gauerdian hesteko manua dute.

«Xixkorra, gantxigorra, txantxiorra, txingorra, gantxirria edo txitxarra», den-denak gantxigorraren ahozko sinonimoak dira: «Urdea hil ondoan, urina urtarazirik, gelditzen diren puskak eta zokorrak erabiltzen dira gantxigorrak egiteko». Xarles Bidegain euskaltzain emerituak apailaturiko erakusketak egiten dio batzarri Xingar azokan sartu nahi duenari. Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren lan mardularen zati ñimiño bat baizik ez da hau, zeinean bildurik baita non nola erraten zaion gauza berari, mapan kokaturik.

Bozgorailuek Bidegainen azalpena hedatzen dute: «Ez dut erraten nola erran behar den, ene arrangura da euskaraz izatea».

Osagarri ziurtagiria erakutsi duenak libre du xingar ferian kurritzea. Aire agerian dago gertakaria, azokaren pindarra: xingar lehiaketa.

Horregatik, oraingoz, karpak bisitariez gabetuak dira, eta xingar ekoizleek egin ahala aitzinatzen dute lana, jende uholdeak ez itotzeko gisan: ogitartekoak ehunka metatuak dira; eta txorizoak, saltxitxoiak, azpiak, pateak, gaintxigorrak eta mota orotako zerrikiak zenbat nahi daude erakusmahai bederaren aitzindegietan.

Azpitik goiti

Segurtasun hesiek inguraturik, bi mahai lerro paralelotan paratu dituzte 29 azpiak. Hiru ahosabaien pertzepzioek emanen dute sententzia: zein izanen den haietako irabazlea.

Baionako xingarraren kofradiako kideek belusezko kapa gorriak beztitu dituzte, boneta buruan, uneari zeremonialtasun kolorea emate aldera.

Hiru epaile-dastatzaileek azpien jabeen so urdurien pean hautatu behar dute zeintzuk diren «baionagarriak», erran nahi baita, salgai ezartzen ahalko direnak. Horretarako, azpi bakoitzari zunda bat sartzen diote, barneek zer berri dakarten jakiteko. Arreta handiz segitzen ditu urrats guziak Laurent Pagadoi kofradiako presidenteak: «Zunda hau zaldi peronearen parte bat da. Horko horrek egiazkoa du: ez da biziki atzematen. Egiazko ofizialek atxikitzen dute hori urrea bezala, eta izugarriko inportantzia badu, ez baitu gusturik uzten azpi batetik bestera. Usainetik ohartzen dira baduenetz akatsik». Makurrik izan ezean, zigilua ezarriko diote,eta azpia saldu ahal izanen da. Heleta (Nafarroa Beherea) Landartekoaren azpia bai, markatu dute: «Eneak ukana du, bai. Betidanik egin izan dut xingarra. Ez dut salatuko nola dudan gazitzen, ez baitut ukanen xantzarik honat gehiago jiteko!», kur-kur-kur.

Tarnose (Landak) Gainekoetxerat ez da berri hain ona helduko, bigarren aldia da lehiaketan parte hartzen duela Paskalek: «Ez dakit ona denetz ala ez; arno gorri sorta bat behar litzateke beharbada. Ez da markaturik izan, berriz etxerat eramanen dut, eta etxean janen dugu. Mutur finak dira. Segitu behar da, ez da besterik egiteko».

Dastatzaile-epaileak azpiz azpi segitzen dute, 29etatik zazpi baztertuak dituzte. Haietatik lehena hautatzeko urratsetan, argazkilari eta kamaren begiek areagotu egiten dute suspensearen herstura.

Hasiak dira karpako karrikak jendez betetzen, besoen joan-jin mekanikoek mozkinen trukean hartzen dute ordaina.

Jean Battitta Loiatori hasi zaio bezero ilara luzatzen. Berak ez du eskubiderik xingar lehiaketan parte hartzeko, ekoizle profesionala den aldetik. Badira hogei urte parte hartzen duela. Alta, lehentze du Pazkoz egiten: «Bitxi da pixka bat sasoiaren kontra baita. Lehen urteko xingarraren jatera heldu zen jendea. Pazkoz urte bat bederen bazuen xingarrak hiru urte. Hiruko legeak balio zuen: zerriak behar zuen urtea, azpia urte batez utzi behar zen xukatzen, eta urte batez jateko balio zuen. Orain urte osoan jaten da xingarra».

Xehatu du Baionako xingarra deitu ahal izateko sor-markaren baldintzak bete behar direla; besteak beste, zerriak «Frantzia hegoaldean» hazia behar duela, eta Aturri inguruan prestatua.

Jeanne Marie Iturbide Bokaletik jin da. Xingar feriaren zale handia da, eta data aldaketa preziatu du: «Orain hobeki da, hemengo jendea baita; Pazkoz bazter orotako jendeak heldu baitziren, Frantziakoak. Ez dizute ber mentalitatea». Giro «ederraren» xerka jiten da, taloa jatera ta mutxikoak dantzatzera.

Gaiteroen eta txistularien aldizkako doinuen artetik behatu da Bastidako (Nafarroa Beherea) Maddi Leglise izan dela lehiaketako irabazlea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.