ATZEKOZ AURRERA

Beharrerako babesa

Beroa gorabehera, kalean lan egin behar dute askok, hala nola garbitzaileek eta kaleko saltzaileek. Arlo batzuetan, ez dago protokolorik; beste batzuetan, ez da betetzen.

Behargin bat ura edaten atzo goizean, Bilboko Plaza Eliptikoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Zerura begira dago emakume bat, mirari baten zain bezala. Goiz da, eta oraindik hodei zabal batzuk daude, tarteka eguzkia estali eta lasaitua ematen dietenak Bilboko kaleetan ari direnei. Baina mugitzen ari dira, desagertzen; eguzkia indarra hartzen ari da, baita hark dakarren mehatxua ere: aurreko egunetan bezala, baliteke arratsaldea are beroagoa izatea. Tenperatura ez da iritsi 30 gradura: haizeak freskatzen du giroa oraingoz. Baina ibiltariak erne daude. «Bero handiagoa egiten badu, sinkope bat izango dut», esan dio andreak lagunari.

Goiz da, eta oraindik badago non aterpe hartu, hala moduz. Hodeiek itxaropena ematen dute; zuhaitzek, gerizpe preziatua eraikin batean sartu ezin diren horiei. Eta, hala ere, Bilbo Garbiko behargin Francisco Javier Yebenes izerdi patsetan dago jada 11:00etarako minutu gutxi batzuk falta direla. Ez zaio nahiko Casilda Iturrizar parkeko arbolek osatzen duten sabai mardula. «Oso gaizki» pasatzen ari da egun hauetan, dioenez. «Hemen apur bat hobeto gaude, iturri asko daudelako. Baina behin eta berriro edan behar dugu ura».

Arratsaldea du hark ere jopuntuan. 08:00etatik 18:00etara bitartean lan egiten du. «Hobeto litzateke 06:00etatik 14:00etara lan egingo bagenu. Okerragoa baita egoera sabela beteta dagoenean». Ez dute protokolorik halako egunetarako, eta, hortaz, euren gain dago beren burua zaintzeko ardura. «Eguzkitako krema eman, eta ura edan eta edan».

Orobat, zuhaitz handi batek babesten ditu Agua eta haren lagunak, Areatzan. Askotariko orrazkerak erakusten dituen panel handi bat dute aurrean, arrosa koloreko txirikorda deigarri sorta alboan, eta kasik ematen du gotortuta daudela horien atzean. Egunok «oso zailak» izaten ari dira Aguarentzat, beroagatik. Orain ez du bezerorik, alboan dituen emakumeekin ari da solastatzen, baina hor jarraitu behar du nahitaez. «Ezin dugu etxean egon ezer egin gabe».

Eguerdia gerturatzen ari da; igaroa da 30 graduren langa. Gerizpeak giroa leuntzen du, baina behin-behinekoa da; itzalak beste ertzen bat estaliko du aurki, andreak dauden txoko horretatik aldenduko da. «Gerizpea pasatzen denean, eguzkitan geratzen gara, eta oso gogorra da», Aguaren hitzetan. Are gehiago arratsaldean. Batzuetan geratu egiten dira; besteetan, egitekoren bat dela medio, eguzkiari izkin egitea lortzen dute.

Ordu eta erdian zapuztu dira hasierako itxaropenak: eguerdirako, ia oskarbi dago zerua, eta 35 gradu edo gehiago ikus daitezke hiribilduko termometroetan; eguzkiak jotzen duen horietan, berrogeitik gorako markak daude. Eta, bitartean, arbolak ere desagertu dira. Guggenheim museoaren aldamenean, Louise Bourgeoisen armiarmarantz daraman zubitxoan, turistak ohi baino gutxiago gelditzen dira argazkiak ateratzeko. Biluzik dago eremua; eguzkiak bete-betean jotzen du; ahal bezain azkar zeharkatzen du jendeak.

Baina hura du lantoki Dam Diopek. Larruzko eskumuturrekoak eta bestelako apaingarriak paratuta dauzka oihal baten gainean, eta horien aurrean dago, lasai, nahiz eta ez zaion samurra egiten. Beroa gustuko duen arren, azken egunetakoa «gehiegizkoa» iruditzen zaio. «Arratsaldeko bostetatik aurrera, oso konplikatua da hemen geratzea». Beste kale saltzaile batzuk ere badaude zubian. «13:00etan edo 14:00etan, denek alde egiten dute jateko, ur freskoa edateko, itzalpean egoteko. Ni 13:00etan joango naiz».

Urte osoko arriskuak

Ez da tenperatura, ordea, Kalean behar egiten duten batzuei beldurrik handiena eragiten diena. Izan ere, beroa joango da, baina ugazabak ez. Obra batean dabilen langile batek uko egin dio hitz egiteari, adierazpenek nagusia asalda dezaketelakoan. «Ezin dizut erantzun, sentitzen dut. Nolako otsoa den... ikaragarria».

Beste obra batean, tentuz eman ditu azalpenak behargin batek, eta nahiago du bere izena ager ez dadin. Itaunei erantzuten die lan egiteari utzi gabe, bi metro inguru luze diren leihoak hara eta hona eramaten dituen bitartean.

Dioenez, ahalegintzen ari da ur asko edaten: «Ondo hidratatu behar dugu ezer gerta ez dakigun; bestela, bero kolpe bat izan dezakegu». Kasu horretan ere, beharginei dagokie segurtasun neurriak ezartzea. Protokoloa badago, baina «inork ez du betetzen», obrako langilearen arabera. «Tenperatura jakin batetik gora ezin da lanik egin, ordu bakoitzeko lan egiteari utzi behar diozu zenbait minutuz...». Nolanahi ere, irizpideak ez dira aplikatzen.

Beraz, beste baliabide batzuk bilatzen dituzte. «Ezkutuan, lan egiteari uzten diozu batzuetan; beharra aurreratzen duzu, eta denbora irabazi; gerizpean gelditzen zara...». Aste osoa soldatzen ibili behar izan dute, eta goizetan egiten saiatu dira. «Behin eguzkia bete-betean jotzen hasten denean, ezinezkoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.