ATZEKOZ AURRERA

Gozo eta gogo zaparrada

Hasi dira Iruñeko San Fermin Txiki bestak, karrikak hartzeko gogo handiz. Jendetza batu da txupinazoan: dantzan zaharrenak, eta goxokien ehizan gazteenak. Denak zeruari so.

Iruñeko Alde Zaharreko udalbatza txikiko kideak, atzo, goxokiak botatzen, San Fermin Txiki bestetan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Nafarroako artxiboaren aurrean dago Aldapako San Fermin eliza. Eraikinaren goiko aldean dagoen terrazatik ederki ikusten zen atzo mukuru bete zela aurrean duen belardia. Elizaren atarian, apaiza, sotana jantzi gabe, ingurua zaintzen edo. Lehenbiziko lerroetan, haurrak, ezker-eskuin: batzuk eskolako uniformea jantzita, besteak kalekoa, eskolara joan ohi diren gisan. Bozgorailuak ozen: Sarri, sarri. Zaharrenak dantzan: Amigos de los Castillos elkartekoek mandarra gorriak erantzi gabe mugitzen zituzten gerriak. Iruñeko San Fermin Txiki bestak hastear ziren, eta gogo handia sumatzen zen joan zirenen irrietan eta begietan. Luze egin zaie pandemia, baina besta itzuli zen, atzo. Etengabe goratzen zituzten begiradak denek; batzuk euri tanten beldur, besteak goxoki zaparradaren zain. Bozgorailuak ez ziren isildu: Kriston martxa dabil.

Erretiratuentzako bidaiak antolatzen dituen elkarte bat da Amigos de los Castillos. Ongi pasatzeko gogoz ziren, dantzan. Auzokoei txistorra prestatu zieten txupinazoaren aurretik, eta ez zuten denborarik galdu nahi izan mandarra eta eskularruak kentzen. Lana eta besta uztartzen baitira San Fermin Txikietan, eskuz esku antolatuta, auzolanean.

Dolores Lakarra zen boluntario horietako bat: «Bikain pasatzen ari naiz», ez zuen disimuluan aritzeko asmorik. «Uste dut giro ezin hobea izanen dugula, batez ere euririk egiten ez badu. Azken urteotan ezin izan dugu deusekin gozatu; beraz, gogo handia dugu». Txistorra egiten ez ezik, kantuan ere parte hartuko du San Fermin Txikin, Santa Mariako auroroen taldean aritzen baita. Gaurko mezan kantatuko dute. Txupinazoa bukatuta, txistorra banatzen segitu zuen.

Suziria eta goxokiak

Udalbatza txikia izaten da begirada gehienen jabe San Fermin Txiki besten hasieran. Alde Zaharreko eskoletako bost haurrek osatzen dute taldea. 12:30 pasa ziren elizaren aurrean paratutako oholtzara igo zirenean. Adiskideak agurtu, eta udalbatzako kideen kapela, zapia eta makila hartu zituzten.

Berehala sartu ziren plazan erraldoi txikiak, eder-eder, zaharberritu egin baitituzte. Hura zuten erraldoi berrituen lehenbiziko dantza. Aurkezpena bukatuta, elizaren goiko aldera igo ziren udalbatzako kideak. Goitik aurkeztu zuten beren burua, esaldi bana esanez, mikrofonoa lagun: «Egun on. Udalbatza txikia gara. Txupinazoa botatzera etorri gara. Ez atzendu litxarreriak». Denek batera bota zuten bozgorailutik distortsionaturik eta sobera ozen zabaldu zen azkenengo oihua: «Gora San Fermin Txiki!».

Zeruan zegoen arreta paratuta. Lainotutako ortzian egin zuen eztanda suziriak. Behekoek gora so jarraitzen zuten ondoren ere. Eskuetan plastikozko poltsak, hamaiketakoa eramateko poltsak edota ongi zabaldutako txaketak zituzten; denak ziren ehizarako prest. Helburua argi zuten: goxoki ahalik eta gehien biltzea. Hasi zen halako batean goxoki zaparrada, eta haurrak aztoraturik: lehenbizi, goxokiak airean hartzen saiatzen ziren. Ondoren, makurtuta, batetik bestera, lurrean gelditutakoak biltzeko.

Lanak bukatuta, udalbatza txikiko kideak gurasoengana jaitsi ziren. Bost kideetako bi ziren Jare Garralda eta Miles Mendoza. Biak pozarren. «Asko gustatu zait, eta ilusio handia egin dit. Goitik oso ongi ikusten duzu txupinazoa, eta jende guztia behean zain», kontatu zuen Mendozak. Garraldak argi zuen zer zen garrantzitsuena: «Gehien gustatzen zaidana litxarreriak dira». Haiek bota zituzten gozoak terrazatik behera, baina gorde zizkieten batzuk, noski. «Bost joko irabazi genituelako izendatu gintuzten udalbatzako kide», azaldu zuen Garraldak.

Mendoza gogotsu zegoen San Fermin Txikiez gozatzeko: «Korrika eginen dut zezenen aurrean, eta kilikiekin jolastuko naiz». Haiekin zeuden Aldezar elkarteko kideak. Besten antolakuntzan aritzen diren taldeetako bat da Aldezar, auzoko haurrekin egiten du lan, eta horregatik arduratzen da bestaren hasierako ekitaldiaz. Mirari Elizondo Aldezar elkarteko hezitzaileetako bat da: «Nabaritzen zen ilusio handiagoa dagoela: jendeak gogoa zuen parte hartzeko eta festaz gozatzeko». Hori dela eta, arazorik ez dute izan bestak antolatzekoan.

Elizondo bera ere gogotsu zen. Herenegun ireki zituzten txosnak, arratsean, eta momentu hartan «sabelean urduritasuna» sumatu zuela onartu zuen Aldezarreko kideak. Txandak eta besta uztartuko ditu egunotan: «Gogoa dut festetarako, giroan nabari delako ilusioa, eta bueltatu garelako. Auzokideak berriz ikusteko eta kaleak hartzeko gogoa dugu denok».

Zerua goibel eta eguraldi iragarpen ezkorrekin, baina abiatu dira San Fermin Txiki bestak. Auzokoek antolatutakoak, auzotarren neurrira eginak. Gaur kantuan ariko den Lakarrak aski ongi azaldu zuen egun hauetan izanen den giroa: «San Fermin Txiki bestak familiartekoak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.