Connor Surgenor. Skaterra

«Olatuaren sentsazioa imitatzen du taulak pistan»

1996an, bi skaterrek Carver izeneko ardatza jarri zioten taula bati, eta skatea eraldatu. Asfaltoan surf egiteko modua eman zuen horrek, eta, egun, estalpean aritzeko Europako lekurik handiena Sopelan dago.

BERRIA.
Naroa Torralba Rodriguez.
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Aurtengo irailarekin batera zabaldu zituen ateak Drop Indoor surf-skate pista estaliak Sopelan (Bizkaia). Europan dagoen handiena da, eta jada asko dira bertara probatzera hurbildu direnak. Connor Surgenor izan da bultzatzaileetako bat. Guneak izan duen arrakasta «surfa egiteko baliabide berri bat» izatea dela uste du, eta «aliatu» zein «etsairik» handiena «denbora» izango dela aitortu du. Haren iritziz, usmaka hurbildu zaizkien horien fidelizazioak ekarriko baitio proiektuari egonkortasuna.

Zein da abiapuntua estalpeko skate parke bat sortzeko?

Gure bazkideak Gorka Yarritu eta La Salvaje surf eskoletako jabeak dira. Udan ez ezik, urte osoan ematen dituzte eskolak. Uda garaian oso ondo, baina, neguan, baldintzak korapilatu egiten dira: argi ordu gutxiago dago, eta itsasoak berezkoak dituen aldagai asko guk ezin ditugu kontrolatu eta egokitu.

Hori dela eta, beharrezkoa iruditu zitzaigun neguan ere entrenatzen duen jendeak urte osoan zehar baldintza egokiak edukitzea. Entrenamendu zentro bat da, nahi duenak neguan ere tokia izan dezan.

Skatearen egokitzapen bat da surf-skatea, ezta?

Skate tradizionala du oinarri, baina skate egokitua da. Desberdintasun handiena oholaren aurreko ardatza da. Ohikoak ez bezala, ardatz honek kulunkatzeko malguki bat dauka. Pistaren ertz batetik bestera errazago joateko aukera ematen du. Gainera, taulak handixeagoak eta zabalagoak dira, eta gurpilak ere, handiagoak ez ezik, bigunagoak ere dira. Horrek hodei baten gainean irristatzen ari den sentsazioa ematen dio dabilenari, itsasoaren jarioaren sentsazioa imitatuz, olatuan legez, nolabait esateko.

Uribe Kostan badago barruko skatea lantzeko hainbat gune; honen berezitasuna zein da zehazki?

Badaude batzuk, bai; guk, ordea, surf skatean sakondu nahi izan dugu. Dena den, gure egiturek skate tradizionalaren beharrak ere asetzen dituzte. Instalazioak bi diziplinez gozatzeko egokituta daude.

Zer motatako jendea bertaratu da lehenbiziko hilabeteetan?

Gezurra badirudi ere, gure bezeroen ia erdiak helduak dira. Adin guztietarako egokia den produktu bat eskaintzeko egin dugu lan; eta, batez ere, maila guztietarako izatea nahi dugu. Guraso asko hasi ziren seme-alabak skate eskoletara ekartzen, eta surf-skatea deskubritu zuten. Probatu, eta gelditu egin dira.

Surf-skatea, a priori, ez da horren kaltebera, eta gorputz osoa lantzen da energia eta mugimendua sortzeko. Dibertigarria izateaz gain, irudi lezake ohiko skatea baino errazagoa dela ikasteko, beldurrak sor ditzakeen oztopoengatik, begi hutsez ikusita behintzat.

Nolakoa da entrenamendua?

Hasteko, diziplina bat aukeratu behar da, aldea baitute irakaskuntza metodologian. Beti beroketarekin hasten gara, gero segurtasun neurriak berrikusten ditugu, eta horiek erabiltzen irakatsi. Pistako babesekin arrastaka ibiliz, alde guztietatik botaz, gihar oroimeneko ariketak egiteko. Ondoren, bost minutu libre, adrenalina aska dezaten. Gero, mailaka banatzen gara, ariketa zehatzak egiteko. Beti leku lauan lehenengo. Konoekin, skatearen mugimendua garatzeko zirkuituekin. Hori eginda, ikasitakoa aplikatzen dugu, arrapala makurtuan, esaterako. Guztira bi orduko saioak dira.

Euskal Herriak skatearekin duen lotura zerekin lotzen duzu?

Surfak azaleratu du. Eskutik doaz. Sopela, adibidez, itsasora oso zabalik dagoenez, hondartzek duten orientazioa oso ona da. Horregatik izaten ditugu olatuak urte osoan. Hori Iberiar penintsula gehienean ez dago; zorte handia daukagu. Itsasora gehien zabaltzen diren hondartzak izaki, mundu osotik surflari asko etortzen da Sopelara. Horrek dakar kultura honen sorrera eta bariazioak agertzea, skatea kasurako.

Maiz, estereotipoek bultzatuta, skatearekin kaletik dabilen jende helduari txarto begiratzen zaio. Zuei gertatu izan zaizue?

Skatea gozatzeko eta kirola egiteko modua da. Surflariei buruz ez genuke hori esango, ezta? Hori pentsatzen duena gugana etor liteke bere adimena eta begirada aldatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.