ATZEKOZ AURRERA

Dantzaren aurreko uneak

Basauriko Mercabilbao elikagaien banaketa zentroan, salmentak asko handitzen dira urteko azken bi asteetan, batik bat itsasoko jakienak. Begetalentzat, ordea, garairik apalenetakoa da.

Behargin bat krustazeo bati heltzen, Basauriko Mercabilbaon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Basauri
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Soinu harmoniatsua da, oraingoz. Klak-klak apalak plastikozko kutxak metatzean, tarra-ta-ta-ta motelak produktuak garraiatzean. Basauriko (Bizkaia) Mercabilbao elikagaien banaketa zentroan, beharginen mugimenduak joriak dira, berba hotsa etengabea; baina patxadaz hartzen dituzte bezeroak, patxadaz solastatzen dira euren artean. Dantzaren atariko lasaitasuna da. Abenduan, urteko salmenten %10 egiten dira, Mercabilbaoren arabera, eta azken bi asteetan pilatzen dira batez ere zaratak, mugimendua eta larritasuna.

Itsasoko produktuak eskaintzen dituztenek bereziki igartzen dute urtearen hondarra. Pescados Trianako langile Santik ontzat eman du erakundearen kalkulua. «Lana asko handitzen da. Zoramena da». Ohiko egun batekin egin du alderaketa: ostiraletan saltzen dute gehien, eta 03:00etan sartzen dira pabiloira; jai bezperetan, ordea, lanaldia luzatu behar izaten dute nahitaez. 23an eta 30ean, 21:00etan edo 22:00etan hasten dira, eta hurrengo eguneko 16:00etan bukatu. «Eta, hala ere, denboraz oso larri ibiliko gara. Zerbait puntuala da, urtean bi aste; eta gorputzak jasaten du, momentuz».

Angulas Ibaialde enpresak ere azken hilabetea du begiko, denbora tarte laburragoa izaten baitute jakiak saltzeko, Paco Gallegok azaldu duenez: azarotik martxora artekoa izaten da kanpaina, eta, halaber, abenduan pilatzen zaizkie salmentak, nahiz eta egoera jada ez den aurreko urteetakoa bezalakoa, onartu duenez. Arrainko S.M.-ko Mikel Lekueren hitzetan, «lan gehiegi» egoten da, baina, haien kasuan, kontsumoa orekatuago dago. «Nik urte osoan saldu behar dut; ezin dut bizirik iraun soilik Gabonekin».

Gabonetan interes handiagoa izaten da elikagai bereziagoak erosteko, eta hori ere nabaritzen dute hornitzaileek. Angulak, adibidez, ehun euro merkeago daude aurten, Gallegok zehaztu duenez; mila euroko langaren azpitik, hain justu. Ugariagoa da Pescados Trianaren eskaintza. «Datorren astean eta hurrengoan, asteartean eta asteazkenean, jendeak arrainera joko du batez ere, eta ostegunetik aurrera bisigua, lupia eta legatza kontsumituko dira gehiago», azaldu du Santik.

Begetalak, ez hain gogoko

Patxadatsua da giroa arrainen pabiloian, eta are lasaiagoa fruten eta barazkien atalean. Zarratuagoa dirudi pabiloiak, begetalen kutxa andanek dorreak osatzen dituzte, eta etengabekoa da joan-etorria han ere, baina ia ez dago zaratarik. Eta, merkatarien hitzei erreparatuta, bere horretan jarraituko du giroak hurrengo egunetan ere.

Areago, garai apalagoa izango da, Frutas Ira enpresako buru Jose Antonio Corralesen hitzetan. «Duela hamar urte, salmentak asko handitzen ziren; baina jada ez. Urteko garairik okerrenetakoa izaten da, jendeak gero eta gehiago jaten baitu etxetik kanpo». Gutxi gorabehera, lehen baino %25 gutxiago saltzen dute, eta, produktu batzuetan, jaitsiera %50ekoa izan da. «Lehen, bazeuden produktu berezi batzuk data hauetan erosten zirenak batez ere. Anana, adibidez. Baina, orain, anana urte osoan dago».

Torres enpresako Mari Carmen Fernandezek ere Gabon diskretuak aurreikusi ditu. «Agian, asteazkenetik aurrera zertxobait animatuko da». Baina behialako garaiak igaroak dira. «Lehen, zalaparta handia egoten zen, enkargu mordoa; eskatzen ziguten gordetzeko ananak, mahatsak...». Uste du kontsumo ohituren aldaketa izan dela gakoetako bat. «Familia asko txikiagoak dira, eta unitateka erosten dute, ez kiloka. Gainera, saltoki handiek zati handi bat eramaten dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.