OROITARRITIK. Zoe Martikorena. Herri Sanferminak egitasmoko kidea

«Gure jaiak errespetatzen dituen gune bat dago hemen»

Herri Sanferminak egitasmoak antolatzen dituen txosnak sanferminetako «arnasgune» direla azaldu du Martikorenak.
IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2018ko uztailak 12

Herri Sanferminak egitasmoko lantaldean ari da Zoe Martikorena (Donostia, 1995), komunikazio arduradun. Gipuzkoako hiriburuan sortu bazen ere, iruindar «peto-petoa» dela argitu du. Txosnak muntatu dituzte O eta Errekoleten plazetan, eta bigarrenean izan da hitzordua, kafea eskuan, baina aurpegi onarekin. Jaso du debarren aholkua: kanpokoek hiriko mapa eskertuko lukete txosnak aurkitzeko.

Non zinen 1978ko uztailaren 8an?

Ez nengoen.

Noiz izan zenuen sanfermin haietan gertatutakoaren berri?

Beti hitz egin dugu etxean.

Aurten joan zinen hura gogoratzeko ekitaldietara?

Bai, noski. Aurten saiatu nintzen Udaletxe plazara sartzen, baina ezinezkoa izan zen, jende pila bat zegoen. Arratsaldean ere joan ginen, eta berdin, lepo bete zen. Hunkigarria izan zen.

Sanferminak zuentzat ez ziren uztailaren 6an hasi, ezta?

Duela hilabete asko hasi ginen pentsatzen aurtengo irudian. Sanferminen aurretik, margotzen eta muntatzen aritu gara. Orain, txandak ditut, izena eman nuelako, eta argazkiak ateratzen eta sare sozialetan informazioa zabaltzen ari gara.

Besta egun anitz pasatu dira. Zer moduz?

Sumatzen da nekea, baina oraindik ere badut indarra amaitzeko.

Atsedenik egin duzu?

Bai, bai, pare bat egunetan. Eta bihar [gaur] agian ere eginen dut, 13 eta 14rako indarrak hartzeko.

Jaien hatsa, oihaneko dantza! leloa hautatu duzue. Plazak oihan bihurtu dituzue?

Beti sanferminei buruzko leloak egiten genituen, eta aurten zerbait ezberdina egin nahi genuen, arreta erakartzeko. Dena zuri-gorria den garai honetan, guk beste kolore bat bilatu genuen. Bi plaza hauek arnasguneak dira hiriarentzat, eta hortik atera da leloa.

Hirugarren urtea da txosnak Alde Zaharrean direla. Erroturik dira gune hauek?

Bai, uste dut aurten jende gehiago etorri dela. Jendea hasia da proiektua ezagutzen. Dena den, oraindik badugu bide pixka bat egiteko.

Beharrezkoak dira arnasguneak?

Bai. Sanferminak kontsumo erraldoian sartu dira, eta ez dira gure jaiak. Ni ez naiz eroso sentitzen. Hemen bai, hau eremu feminista da, eta emakume gisa libre sentitu naiteke. Zerbait gertatzen bada, badakit barrara joan naitekeela babes eske. Hemen, gure jaiak errespetatzen dituen gune bat dago. Bestalde, guk asko lantzen dugu ekologismoaren gaia, eta hor bide luzea dago egiteko. 04:00etan, Udaletxe plaza plastikoz josia dago.

Azkenean txanda guziak bete dituzue?

Bai, bai, baina SOS deia eginda. Azkenean jendeak erantzuten du.

Zergatik azken momentuan?

Ea aurten libratzerik duten, baina gero ikusten dute zein den egoera, eta izena ematen dute. Batzuek bi txanda ere egiten dituzte.

Jarduera dibertigarriena?

Okojoko olinpiadak. Iaz hasi ginen horrekin, eta taldeek probak egiten dituzte. Probetako bat da lelo bat asmatzea, pankarta egin, eta ea zenbat jende biltzen duzun zure leloaren atzean.

Hemen inguruan gauza surrealistak ere gertatuko dira batzuetan.

Iaz, komunak O eta Errekoleten plazen artean zeuden, baina aurten bi plazetan jarri dituzte. Hala ere, jendeak txiza egiten du kale horretan, eta esaten diegu komunak non dauden eta hiria errespetatzeko. Aurreko egunean tipo bati kargu hartu nion, eta hasi zen nirekin eztabaidan, niri begira, baina txiza egiten zuen bitartean. Surrealista izan zen. Denek besta nahi dugu, baina komunak daude, eta pena da jendeak kalean txiza egitea.

Plaza hauetatik kanpo ere bada bestarik. Erraldoiak maite dituzu?

Txikitan asko maite nituen. Orain, San Jose plazan egiten duten dantza gustatzen zait; oso polita da, iturriari buelta emanez dantzatzen dute. Egun hori ederra da. Jende gutxik ezagutzen du, gainera.

Zein duzu sanferminetako unetxorik gogokoena?

6ko bazkaria. Ez dugu hamaiketako handirik egiten, baina bazkaria bai, kuadrillarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Zientziarekiko interesa pizten lagun dezake Twitterrek»

Uxue Rey Gorraiz

74 ikertzailek hartu dute parte bosgarren Txiotesia lehiaketan. Ohi denez, erronka nork bere tesia sei txiotan azaltzea izan da. Gonzalez eta Urkola izendatu dituzte lehiaketako garaile.
Errinozeroaren hortza, gainean espeleotemarekin. Espeleotema aztertuta jakin dute duela 220.000 urtekoa dela gutxienez. ©VIRGINIA MARTINEZ PILLADO / EZEZAGUNA

Sakanako errinozeroa

Jakes Goikoetxea

EHUko ikertzaileek osatutako talde batek ondorioztatu du 1940an Olaztiko Koskobilo aztarnategian aurkitutako errinozero baten arrastoak duela 220.000 urtekoak direla: Erdi Pleistozenokoak. Garai hartako arrasto gehiago daude.
Irune Goñi bakarlari gasteiztarra kantatzen, oraindik eman ez duten <em>Oskola-</em>ren web saio batean. ©OSKOLA

Arrautza atzean uzteko oholtza bat

Iker Tubia

'Oskola' web telebista saioak hain ezagunak ez diren Gasteizko lau musika talderi emanen die ahotsa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Tubia

Informazio osagarria