ATZEKOZ AURRERA. Gexine Tikoipe. Sukaldaria

«Kalitatezkoa, tokikoa eta zaporetsua da ene kozina»

Esku ikusezinek ekar ditzakete pintxoak etxera. Edo Donapaleuko Gozo Gose jatetxean dasta daitezke. Mintzalasai pintxo tailerra eman du Tikoipek, bere artea eta euskara uztartuz.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Larzabale
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Mokofina sukaldari. Inguratzen duen lur emankorraren mozkinak platerera daramatza arte handiz Gexine Tikoipek (Amendüze-Unaso, Nafarroa Beherea, 1990): pintxoei so bat emate hutsarekin ahoa listuz betetzen da. Aitzinetik manatuz etxera eramaten du; bestela, ostiral eguerditan jatetxea zabaltzen du. Miarritze-Angelu-Baionako Mintzalasai egitasmoan eman zuen pintxo tailerra atzo; euskararen biziberritzea du helburu Mintzalasai egitasmoak.

Mintzalasain juntatzen dira zure bi osagaiak: kozina eta euskara.

Aurten hirugarren aldia dut, iaztik Miarritzeko arrantzaleen portu zaharrean. Orain arte irringarria izan da, jendea ontsa sartu baita jokoan. Dena euskaraz egitea bikaina da! Aurten, bi oreneko tailerraz gain, jendeari galdetzen diogu goizago jin dadin instalatzen laguntzeko gisan, une goxoa partekatzeko.

Zer bidek eraman zaitu tupinara?

Sukaldaritzara ez naiz ez bide errazenetik iritsi. Honekin zerikusirik ez duten ikasketak egin nituen Bordelen; alta, bukatutakoan Euskal Herrian aritu nahi nuen lanean. Hala, hemen lana errazki atzematen denez ostalaritzan, bost urtez aritu naiz horretan lanean.

Arituz egin zara aditu, nolaz ez eskolan?

Laborari etxean sortua naiz, gurasoak betidanik izan dira tokiko eta kalitatezko ekoizpenen zaintzaile. Azken finean, enetzat ere biziki garrantzitsua zen, ikusten bainuen ostatuetan hori ez zela baitezpada errespetatua; horregatik, ene gain abiatu naiz. Idoki eta bio ekoizpenak baliatzen ditut.

Mozkinek bide motza egiten dute.

Gehienik 50 kilometrokoa! Ongi inguratuak gara, denetarik dugu. Laborariekin dut zuzenean lan egiten.

Gozo Gosek Donapaleuko karrika nagusian hartu du egoitza.

Janari-prestatzaile hasi nintzen arrisku gutiagoren hartzeko, eskaerei erantzunez, etxetik. Biziki ongi abian zenez, Gazi Gozo jatetxea ireki dut: ikusgarritasuna lortzeko eta tokian berean jatera emanez. Horrek ekarri du janari prestatzeak ikaragarriko arrakasta bildu duela. Orain, bien kudeaketa konplikatu zaidanez, urte bukaera arte ez dut jatetxea ostiral eguerditanbaizik zabalduko, gauzak argitu bitartean.

Jatetxeaz harago, zer?

Baliatzen ditudan produktuak ere saltzen ditut bertan: tokikoak, biologikoak eta Idokikoak, Irulegiko arnoa...

Erreferentzia bilakatua da Donapaleuko kulturan.

Giro berria sortu dute gazteek; lokala dudanetik, animazioetan parte hartzen entseatzen naiz: bestetan pintxo-bertsoa, Santibate eta hilabeteko azken ostiraletako poteoan.

Gozo-gose: gazi-gozo ere bai?

Enetzat garrantzitsuena da gauza onak egitea, baina produktu onak baliatuz. Azken finean, prezio aldetik ez da hainbesteko saltorik. Tokikoa, kalitatezkoa eta zaporetsua da ene kozina.

Puntako pintxoetan nagusi zara.

Hasieran, nora jakin gabe, pintxo karta zabala eskaini nuen, eta ikusten dut prezatzen dela: gauza klasikoak, nahasketak, landuagoak... Nahi dut atxiki aniztasun hori.

Nondik arrantzatu duzu ideia?

Nihaurek maite dut adiskideekin naizelarik leku finko batean egon gabe afaltzea, mugituz. Anitz garelarik mahaian, domaia zait ez dugula elkar gehiago nahasten. Pintxoek sortzen duten giroa da jendetik jendera pasatzeko parada, sortzen duten giro hori dut maite.

Zure izerdia, besteen gozagarri.

Segur da pintxoek denbora gehiago eskatzen dutela, baina interesgarriagoa zaizkit. Maite dut gauzen borrokatzea, lantzea.

Gastronomia tradizio handiko herrian tokia nekez egin duzu?

Hasieran desafio bat izan da; horregatik, janari-prestatzaile abiatu nintzen. Iruditzen zait jendea geroz eta gehiago arduratzen dela jatekoaren kalitateaz. Publizitate bakarra ahoz ahokoa izan da.

Berritasunik badator?

Webgunea eginen dut urtea bukatu gabe, eskaerak errazteko. Eta baliatzen ditudan plastikozko basotxoak garbitzen direnekin ordezkatuko ditut, ekologiaren izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.