ATZEKOZ AURRERA

Hondartzarako liburuaren bila

Liburuak zer dira, udarako edo negurako? Ba al daude sasoirako egokiagoak diren liburuak? Donostiako Liburu Azokan erantzuna topa dezakete zaleek, uztailaren 7ra arte.

Idazleen mahai inguruak, hitzaldiak eta liburu aurkezpenak ere egingo dituzte azokaren harira. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Eraman al daiteke Korana hondartzara? Galdera hori airean dago Donostiako Gipuzkoa plazan zabaldu berri duten Liburu Azokaren 44. aldian. «Korana egokia da urtaro guztietarako», erantzun du pazientzia handiz Tariq Abdulqhalibek, erakusmahaiaren beste aldetik. Islamaren inguruko liburuak ditu mahai-apaletan. «Koranaren errezitazioek asko erlaxa dezakete, udako arratsalde batean».

Ireki berri dute azoka, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. «Ez dakigu nola joango den; orain hasi gara», esan du Ainhoa Zumalabek. Bilboko Ainhoa liburu dendaren erakusmahaian dago, eta antzinako arraza bateko liburu saltzailea da: negozioari bere izena jartzen dion horietakoa. Ezberdin irakurtzen da neguan eta udan? Zumalabe ezezkoan dago; berak, behintzat, ez du bereizten salgai jartzen duena urtaroaren arabera. Baina fenomeno bat nabaritu du: «Haurrentzako liburuetan, neguan eskoletan eskatzen dietena saltzen da, eta, udan, beraiek nahi dutena».

Hondartzara eramateko liburuak gomendatzeko prest dago profesionala. Jon Arretxeren Ez dago deus erakutsi du. «Gustuko dut, eta ez da oso trinkoa». Toti Martinez de Lezearen Malkoak lur antzuan hartu du gero. «Hondartzarako, lodiagoa da, baina beti dira gustagarriak nobela historikoak». Miren Amurizaren Basa oso ondo saltzen ari dela esan du gero: «Arinagoa da. Udan jendeak meheagoak eramaten ditu, motxilan sartzen direnak».

Irakurgailu elektroniko batean milaka liburu eraman daitezke, eta paperezko libururik finena bezain mehea da, baina beharbada ez da ideia ona elektronika eta itsasoko gatza nahastea. «Agian horregatik saltzen dira gehiago haurren liburuak, helduek elektronikoa dutelako». Baieztatzeko edo, garrasi bat entzun da: «Amona, liburu bat!». 10 bat urteko neskato batek bota du, baina amonak besotik tira egin dio, eta azkar urrundu du gastutik.

«Hondartzarako, Dario?»

Xabier Etxaniz Rojoren Denok gara Google bi istorioko liburua dago erakusmahaian. Gorago, Aritz Gorrotxategiren Ahazten diren gauzak narrazio liburua dago, eta baliteke hondartzarako liburu egokia izatea, azalean sandalia batzuk agertzen baitira hondarraren gainean.

«Nik denetik irakurtzen dut», esan du Amelia Garciak. Erakusmahai batean dago, begira. Irakurtzeko betaurrekoak behar dituenetik, ez du libururik eramaten hondartzara. «Orain, bainatzera joaten naiz. Irakurri, etxean».

Dario Malventi lasai dago Kaxilda liburu dendaren erakusmahaian, ez baita lapurren beldur. «Halako postu batek Italian ez luke egun erdia ere iraungo», esan du. Baina, zein da kontua: euskal herritarrak italiarrak baino zintzoagoak dira, edo liburuek gutxiago tentatzen dituzte? «Biak, ziurrenera», erantzun du Malventik. «Behin, Sacco eta Vanzettiren inguruko liburu bat lapurtu ziguten, eta poztu egin ginen». Hala ere, liburuak lapurtzera nazioarteko frankizietara joateko gomendatu du. Azokan «Nafarroako lubakian» dagoela esan du: Pamiela eta Txalaparta argitaletxeen artean. Kaxildak 80 argitaldarirekin egiten du lan, eta euren burua editatzen duten askorekin. «Liburu saltzailea alienatuta dago, eldarnio editorial honen erdian». Hau da, asko argitaratzen dela gaur, eta liburu saltzaileak ez duela astirik dena irakurtzeko, ezta hurrik eman ere. Gehiegikeria horretan, «feminismoa makina bat bihurtu da, zoritxarrez». Azaldu duenez, plataforma handiak ari dira liburu asko ateratzen feminismo hitzarekin, boladaz baliatuta. «Banalizazioa gertatzen ari da, eta kontu handiz ibili behar duzu, material asko argigarria beharrean nahasgarria baita».

Alkandora koloretsu bat du soinean liburu saltzaileak, udako estetikarekin bat. Mahaian, marxismoa, historia, saiakerak... Zer eramango luke berak hondartzara? Anselm Japperen La société autophage ari da irakurtzen. Kapitalismoak jendea nartzisismora nola eraman duen kontatzen du, liburu saltzaileak azaldu duenez. «Baina hori hondartzarako, Dario?», bota dio sinesgaitz Paolo aitak, espaloitik.

«Udan denbora gehiago dugu irakurtzeko; neguan, gauean bakarrik», adierazi du Magali Lacoste bisitariak. «Neguan, batez ere ikasketekin loturiko liburuak irakurtzen ditut», gaineratu du Lander Ilarrazek. Lidia Alvarez bizikletatik jaitsi gabe ari da liburuak begiratzen. Landareen inguruko bat du eskuetan. «Asko gustatzen zait natura, eta gidak erosten ditut», azaldu du. «Gustuko ditut liburu praktikoak, zerbait irakasten didatenak. Nobelek ez naute harrapatzen». Kostako landarediaren ingurukoak ditu bistan, eta arrainen gida ilustratuak, paper plastifikatuan. Azkenean, zalantzarik gabe, hondartzara eramateko liburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.