ATZEKOZ AURRERA

Kontsumo era berrien plaza

Biocultura azokak kontsumo arduratsuago baten aldeko proiektuak bilduko ditu igandera arte Barakaldoko BECen. Hala, mota askotako produktu ekologikoen plaza bilakatu da.

Hamaika motatako produktuak daude Biocultura azokan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Peru Azpillaga Diez.
Barakaldo
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Koloreak eta usainak. Begiak zabuka eta sudurra noraezean. Freskotasuna eta lurrina dira nagusi BarakaldokoBECen (Bizkaia) antolatutako Biocultura azokan. 263 postu, 150 jarduera eta 14.000 produktu baino gehiago. Batzuk barazkiz josita daude. Beste batzuei kea darie. Jana eta edana han; ukenduak, makillajea edota masajeak hemen. Hamaika aukera eskaintzen ditu produktu ekologikoen eta kontsumo arduratsuaren azokak. Bertan bildu dira igandera arte merkatu ekologikoa osatzen duten azpisektore guztiak.

«Saltzea baino gehiago, kontaktuak egitera eta akordioren bat edo beste egitera etorri gara», azaldu du Jon Bastante Ibarra baserriko nekazariak. Barazkiz lepo du postua, garai honetakoak denak. Bere produktuek osatutako harresiaren atzetik mintzatu da. Zornotzan (Bizkaia) dute baserria, eta eskualde horretan aritzen dira batik bat; «ez gara 30 kilometro baino gehiago mugitzen». Azaldu duenez, ostalaritza akordioren bat egitea edota haien produkzioan lagungarria izan daitekeen zerbait erostea du helburu, haziak adibidez. Hori bai, betiere haien filosofia errespetatuz. Asko errepikatzen da filosofia hitza postuz postuz. Izan ere, Biocultura azokak mota guztietako ekoizle eta enpresak biltzen ditu, eta, nazioartean dabilen baten bat egon arren, gehiengoak, produktuaren ekoizpenaz gain, beste kontsumo eredu baten aldeko apustua egiten du. «Gu zuzeneko salmenta egiten dugu: harremanetan gaude bezeroarekin edota kontsumo taldeekin», erantsi du.

Antzeko jarduna egiten du Ainara Baguerrek. Txaramela kooperatibako kidea da, eta pasta ekologikoa egiten du. Elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren aldeko apustua egiten dute. Marmelada eta pate artisauak ekoizten dituzten Olatxuko Laboreak-eko kideekin batera jarri dute postua. «Parte hartzen dugun bigarren aldia da; bi ekoizle txiki gara, eta, gure produktuak ezagutzera emateaz gain, kontaktuak egitea espero dugu, batik bat dendekin eta kontsumo taldeekin». Azokak lan handia eskatzen duela nabarmendu du, ordu «mordoa» eman behar dituztelako bertan, baina, hala ere, pozik dago: «Azokaz azoka ibiltzera ohituta gaude, eta pixkanaka gure produktua denda gehiagotan saltzen ari da».

Bat dator Txema Perez de Arriba. Hark produktu bakarra saltzen du: shitake motako perretxikoak. «Etortzen garen hirugarren aldia da, eta oso esperientzia baliagarria da guretzat». Shitake freskoak saltzeaz gain, etxean shitakeak hazteko kit moduko bat ere eskaintzen dute. «Produktu berezia denez, jende asko etortzen da, eta, beraz, ezagutzera emateko aukera bikaina da; jendeak gero bilatu egiten zaitu», azpimarratu du. Bestelako produktu bat lantzen du Amaia del Hierrok. Alga Artean du izena bere proiektuak, eta lehenengo aldia da azokan parte hartzen duela: «Orain dela gutxi hasi gara. Algen merkatua erabat ezezaguna da hemen, baina hazten ari da, eta probatzea erabaki nuen». Algekin egindako produktuak saltzen ditu, batez ere jatekoak, baina baita kosmetikoak ere. Internet bidez aritzen da, eta azaldu dudendetara salto egiteko «tranpolin» gisa erabili nahi duela azoka.

Biocultura azokan elikagaiak nagusi izan arren, bestelako produktuak saltzen dituzten postu andana dago. Horien artean, arroparekin eta kosmetikarekin lotutakoek gorakada nabarmena izan dute azkenaldian. Adibidez, Mari Luz Iñarrak adierazi du Bizkaian kosmetikako produktu ekologikoak saltzen dituen ekoizle bakarra dela. Orain dela lau urte hasi zen, eta, pixkanaka bada ere, aurrera ateratzen ari dela azaldu du. Getxon (Bizkaia) du egoitza, eta bere produktuak era artisauan sortzen ditu. Roberto Chamadoira, ordea, Errioxatik etorri da. Hura bezala, asko izan dira azoka galdu nahi ez eta Barakaldoraino etorri diren kanpoko ekoizleak. Chamadoirak zapatagintzan dihardu. Ekoalkesan deitzen da bere proiektua, eta zapata beganoak egiten ditu, mikrofibrak eta plastiko birziklatuak erabiliz: «30 urte daramatzat zapatak egiten, eta ekoizpen prozesua aldatu dut zapata jasangarriago bat sortzeko». Gainera, azaldu du salmenta sistema kolaboratiboaren alde egin duela: «Gure ideiekin bat egiten duten leku jakin batzuetan soilik saltzen da gure produktua». Adierazi du bere bizitzan enpresa multinazional askorentzat lan egin duela, eta nabarmendu du zenbat eta gehiago produzitu, baldintzak orduan eta txarragoak direla. «Hala pobrezia areagotu egiten da; guk, sistema kolaboratiboaren bidez, produktuarekin lortutako etekina banatu nahi dugu».

Eguerdi aldera, lanean dabiltza jana eskaintzen duten furgonetak. Goiz osoan zuzenean jo duten musikariek etenaldia egin dute. Azokan barreiatuta, beste hainbat postu geratzen dira ezagutzeko. Batzuetan, produktuen ordez kontsumo ereduaren inguruko alternatibak daude: esaterako, Goiener eta Fiare.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.