AEBetako hauteskundeak. NEW YORKETIK

Gutxietsitakoa, presidente

2016ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
«Ez dugu Jay Z, Beyonce, Bon Jovi edo Lady Gagarik behar». Bere estilo propioa eta mezua nahikoa izan ditu Trumpek estatu batuarren gehiengoarengana iristeko. Hasieratik ikusi zen hauteskunde hauek ez zetozela betiko itxuran: Sandersek bere ideia ezkertiarrekin ilusioa sortu zuen jende askoren artean (batez ere gazteen artean). Trump, berriz, ustez hautagai batek bete behar dituen arau guztiak hautsiz, eskuineko jendea bereganatzen hasi zen.

Clintonek hartu zion aurrea Sandersi. Baina ez du lortu Sandersek babestutako askoren ilusioari neurri handi batean eustea.

Trump, berriz, inor gutxik hartu zuen serio. Pausoz pauso, arerioak bide bazterrean utzi zituen arte.

Estatu Batuetako azken 30 urteetako politikagintzarekin, herrialdea eramateko moduarekin nazka-nazka egindako herritarrak bereganatu ditu Trumpek. Zerbait desberdina, ezezaguna, inoiz ikusi gabekoa eskaini die hautagai errepublikanoak: langabezia tasa handiak dauden herritarrengana iritsi da, lana aginduz. Etxeko ekonomiaren hobekuntza iragarri die. Herrialde seguruago batean bizitzeko promesa egin die. Justizia denentzako berdina izango dela, korrupzioaren aurka egingo duela.

Hori dena nola egingo duen, ez dago garbi! Horixe izan baita kanpaina honetan gutxiegi egin dena: politikaz hitz egin.

Trumpen kanpaina misoginoa, arrazista, baztertzailea, narzisista izan da. Baina, nahiz eta askori ez gustatu izan gauzak nola esaten dituen, egin dizkien promesa askotan fedea izan dute, eta babestea erabaki dute. Uste baino boto gehiago jaso du latinoengandik eta emakumeengandik. Nahiz eta babesik handiena, azal zuriko hiritarrek (asko gizonezkoek) eman dioten. Ezkutuan zegoen boto isila azaleratzea lortu du.

Hillary-k berriz, inoizko baliabiderik handienak izan arren, ez du lortu gutxiengoekin Obamak lortutako babesa eskuratzea: afro-amerikarrena, kasurako. Eta aurreko urteetatik zekarren motxilak uste baino pisu handiagoa hartu dio.

Zatitutako bere alderdi barruan batura sortzen saiatuko da Trump orain. Senatua eta Ordezkarien Ganbera beren eskuetan daude (Obamaren ametsa Trumpen errealitate).

Herrialdea, ordea, bitan hautsita dagoela erakutsi dute hauteskunde hauek. Presidentearen eginbeharra behar luke hori batzea. Nago, kanpainan entzundakoekin, milioika hiritar daudela minduta eta oso kezkatuta. Gaur, miraria dirudi bi aldeak gerturatzeak. Trumpek, ordea, mirariak egiteko gaitasuna erakutsi du. Zain geratzea besterik ez zaigu geratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.