Katalunia. I-27ko hauteskundeak

Gizartearen aldaketarako giltza «independentzia» dela dio LABek

«Irailaren 27an Kataluniako Parlamentua baino askoz gehiago dago jokoan».Nazio Biltzarra egin du sindikatu abertzaleak.EAJ kritikatu du

Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusia, atzo, Donostian JON URBE / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2015eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak irakurritako adierazpen batekin ekin dio ikasturteari LABen Nazio Biltzarrak. Sindikatu abertzaleak garbi du «burujabetzaren aldeko mugimenduak» baldintzatuta datorrela ikasturte berria, eta horri begira lan egiteko asmotan direla. «Independentismoa erreferentzia nagusi izango dugu ikasturte honetan. Katalunian abian den prozesu subiranistak egokiera ematen digu Euskal Herriaren burujabetzaren bidean abiadura bizkortzeko».

«Espainiatik joan nahi dugunok markatuko dugu urte politikoa», nabarmendu du LABek. Alde horretatik, EAJren jarrera gaitzetsi du gogor, «ufada independentistari leihoak itxi eta eztabaida ito nahian» aritzeagatik. «Arrazoi bakarra dago prozesu subiranista ez defendatzeko: aldaketa sozialik nahi ez izatea. Eta, alde horretatik, agerikoa da EAJren borondatea».

«Benetako aldaketa politiko eta soziala» behar dela aldarrikatu du Etxaidek, eta horretarako irtenbidea ez dagoela egun Espainiatik aplikatzen ari diren politiketan. «Konponbidea beste bat da: burujabetzaren alde gaudenon arteko gehiengoak eratzea, zilegitasun politiko sozial eta politikoa duten prozesuetan aurrera egiteko». LABen ustez, Konstituzioa aldatzeari buruz gertatzen ari den eztabaidak emaitza bakarra izan behar du Kataluniarentzat eta Euskal Herriarentzat: «Konstituzio propio bat eratzeko aukera. Eskubide hori ez digu estatuak aitortuko. Herri aktibazioa eta gehiengo sozialaren bidea erabakigarriak izango dira».

LABen Nazio Biltzarrak adostutako adierazpenak dioenez, «Katalunian eta Euskal Herrian estatu propioa eraikitzea posible izango da, baldin eta jendartearen gehiengoak hala nahi badu». Sindikatu abertzaleak argi dauka «independentzia» izango dela gizartea aldatzeko giltza. «Independentzia da tresnarik eraginkorrena kapitalismoaren parametroen aurkako sistema eratzeko. Independentziak erabakitzeko eskubidea berreskuratzea ekarri behar digu langile klaseari eta eremu desberdinetan borrokan diren herri sektoreei. Independentziak ez du berez aldaketa soziala ziurtatzen, baina independentziarik gabe ez dago aldaketarik».

LABen ustez, garai erabakigarria da, eta «gogoeta» egitea dagokie sindikatuei ere, «inplikatzea». «Kataluniak ulertu du herri premiari erantzuteko beharra. Euskal Herrian ordua dugu gure herriaren interesak Madrilgo interes eta aginduen gainetik jartzeko». Irailaren 27an, horregatik, «Kataluniako Parlamentua baino askoz gehiago dago jokoan», LABen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.