Espetxe politika aldatzeko asmoa berretsi du Sanchezek Berlinen

Urratsak egingo direla iragarri du Espainiako gobernuburuak, Merkel alboan zuela. Jonan Fernandez izango da Jaurlaritzako mintzaideen burua. EH Bilduk bide orri bat galdegin du

Pedro Sanchez eta Angela Merkel gobernuburuak, atzo, Alemaniako Kantzilertzaren jardinetan dagoen Eduardo Txillida eskulturaren ondoan. CLEMENS BILAN / EFE.
jokin sagarzazu
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazitakoa berretsi du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, eta Madrilek euskal presoei ezartzen dien espetxe politika moldatzeko prest dagoela esan du. Berlinen adierazi du hori, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin batera eginiko agerraldi batean. Sanchez Urkullurekin elkartu zen herenegun, eta agintari jeltzaleak jakinarazi zuen bi gobernuek lantalde bat osatuko dutela espetxe politikaz aritzeko. PSOEkoak baieztatu egin du informazio hori, kazetarien galderei erantzunez. «Gai honetan ez naiz ezkutatzen, oso argi hitz egiten dut. Espainiako Gobernua espetxe politika berriz aztertzeko prest dago, eta hala esan diot Urkullu lehendakariari ere». Zehaztasunik ez du eman, baina.

«Beste era batera aurre egin behar diogu guztiz ezberdina den errealitate honi», esan du Sanchezek. Ez da lehenen aldia agintari sozialistak iragartzen duena euskal presoen alorrean aldaketak izango direla. Gaia aipatu du gobernuburu denetik eskaini dituen bi elkarrizketetan: TVE Espainiako telebista publikoan eta El País egunkarian. Eta antzeko argudioak erabili zituen atzo.

Sanchezek uste du ETAren desegiteak «testuinguru» politikoa aldatu duela. Nabarmendu du erakunde armatuaren erabakia «demokraziaren garaipena» dela, eta, hori aintzat hartuta, uste du garaia dela alderdi politiko denek, eta bereziki Espainiakoek, gaia «zatiketarako elementu» gisa erabiltzeari uzteko. Bestetik, azpimarratu du ekarpena egin dezakeela Euskal Herrian espetxe politika aldatuz. «Argi luzeak jarri behar ditugu; beharrezkoa da Euskadin bizikidetza gehiago normalizatzea, eta ikuspegi horrekin lan egingo du gobernuak».

Antzera mintzatu da Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari ohi sozialista, Espainiako Diputatuen Kongresuan, kazetariei erantzunez. «Espetxe politika desberdin baten alde» agertu da, «ETA desegin delako». Lopezek ziurtatu du PSOEren gobernuak zintzo beteko duela alor horretan legeak dioena, eta ETAren indarkeriaren biktimak gogoan izango dituela emango dituen urratsetan. «Biktimek, dena den, ulertu behar dute ez garela presoak askatzeari buruz ari, hurbiltzeaz soilik ari garela».

Noiz eta nola

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak —ministerio horrek kudeatzen du espetxe politika— Telecinco katean eginiko elkarrizketa batean berretsi du biktimak izango direla «informazioa jasotzen lehenak», eta gobernuak ez duela urratsik egingo «biktimen elkarteen bizkar». Ziurtatu du, halaber, ez dela presoen hurbilketa kolektiborik egongo.

Aitor Esteban EAJko diputatuak ohartarazi du espetxe politika ezin dela egon ETAren biktimen elkarteen esku; gainera, azaldu du talde horiek iritzi ezberdinak dituztela. Sanchezek esandakoen harira, adierazi du, halaber, PPk bat egiten duela ETA «garaitua» izan den ikuspegiarekin, eta gogoratu du alderdi horrek hainbatetan esan duela hori gertatzean legea «zuzen» beteko zuela.

EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiak, berriz, zalantzak ditu Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak sortzea adostu duten lantaldeari buruz, erabakiak «atzeratu» daitezkeelakoan. «Ondo dago batzordeak sortzea, urratsak egiteko badira. Baina ez aztertuta dauden gaiak berriz aztertzekoeta borondate politikoko erabakiak hartzeko». Beitialarrangoitiak Sanchezen gobernuari eskatu dio zehazteko «noiz eta nola» hasiko den espetxe politika arrunta ezartzen euskal presoei.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, ez du zehaztasunik eman bide orri posible bati buruz, «gaiaren zailtasuna eta konplexutasuna» argudiatuz, baina jakinarazi du Jonan Fernandez Bizikidetza idazkaria izango dela Jaurlaritzaren mintzaideen taldeko burua.

Espetxe politikari buruzkoa ez ezik, beste lantalde bat ere sortuko dute Gernikako Estatutuan jaso bai baina Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegora igorri ez dituen eskuduntzei buruz. Horren harira, Erkorekak jakinarazi du Urkulluk sailburuei eskatu diela «lehenbailehen eta azkar» harremanetan jartzeko Madrilgo administrazioko solaskideekin, «finkatutako lanerako ildoak eta adostutako akordioak atzerapenik gabe gauzatzeko eta gizarteak emaitzak ikusi eta antzemateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.