Koronabirusa

Enplegu eta segurtasun eske jo dute grebara eskola jangeletan

Sindikatuen arabera, eskoletako jangeletako langileen grebak %60ko arrakasta izan du. Langileek salatu dute ez dituztela aintzat hartu, eta postu asko arriskuan ikusten dituzte

Jangeletako langileen manifestazioa, atzo goizean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Segurtasuna, lan baldintzak eta enplegua bermatzea. Eskaera horiekin hartu zituzten atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletako jangeletako langileek Gasteizko, Bilboko eta Donostiako kaleak. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, greba eguna zuten atzo, eta beste bi greba ere aurrean dauzkate: hilaren 27rako eta 29rako. Sindikatuen arabera, atzoko lanuztean %60koa izan zen parte hartzea.

COVID-19ak eguneroko martxa aldatu du, ikasgeletan ez ezik, baita eskola jangeletan ere. Horren eraginak sumatu dituzte haurrek nahiz langileek. Loreto Kortazarrek, Arantza Kortazarrek, Maribel Alberdik eta Olaia Eizagirrek gertutik bizi dute egoera. Ikastetxeetako jangeletako beharginak izateaz gain, ELAko ordezkariak dira lehenengo biak, eta beste biak, LABekoak.

Ikusten dute arazoaren jatorria ikasturtea hasi aurreko hilabeteetatik datorrela: «Hasi ginen eskatzen Eusko Jaurlaritzari bilera bat gurekin adosteko nolakoa izango zen buelta, gure osasuna eta umeena bermatu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak ez digu erantzun ere egin, ordea», azaldu du Alberdik. Bat egin du Loreto Kortazarrek ere: «Gure iritzia ez da batere kontuan izan; neurri guztiak inposatutakoak izan dira, eta, azken finean, guk nahi genuen gure kezkak eta ikuspuntua ematea, eta ez dugu erantzunik jaso». Alberdik nabarmendu du Jaurlaritzak eskoletako zuzendaritzen esku utzi duela antolaketa, eta ez du uste egokia denik. «Nik ez dut zuzendaritzen aurka egin nahi: nahikoa egin dute». Baliabide gehigarriak ere eskola bakoitzak lortu dituela esan du: «Guretzat hori ez da bidea: ez dago inon idatzia, ez dago inon jasoa, eta edozein unetan atzera egin daiteke».

Denbora da langileek duten behar nagusietako bat. Ikastetxe askotan, distantziak mantentze aldera, txanda gehiago egin dituzte jantokian, eta, beraz, haurrek azkarrago jan behar dute. Alberdi: «Guk aldarrikatzen dugu eguerdiko tarteak lasaia izan behar duela, eta garrantzia eman behar zaiola».

Lanpostuak ere zalantzan ikusten dituzte. «Lankide askok lanpostua galdu dute. Adibidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako jangelak desagertu egin dira. Gure jangelan, esaterako, begirale bat gutxiago dago, eta begirale hori etxean dago», nabarmendu du Eizagirrek. Loreto Kortazarrek kezka du orain lanean ari direnen etorkizunagatik ere: «Beste konfinamendu bat etorriko balitz, kale gorrian geratuko ginateke egun batetik bestera, eta Eusko Jaurlaritzak ez digu esan zein izango litzatekeen gure egoera». Hori ikusita, segurtasuna eskatu du Arantza Kortazarrek: «Eskatzen duguna da segurtasun bat enpleguan eta lan baldintzetan» .

COVID-19a sartu da jantokietan ere. Loreto Kortazarrek, esaterako, azaldu du euren ikastetxean egon zela kasu bat, eta hasieran ez zietela esan nor zen, nahiz eta azkenean jakinarazi zieten. «Gu beti izan gara, eta kasu honetan argi geratzen da, bigarren mailako langileak». Eizagirreri ere tokatu zaio eskolako maila bat konfinatzea, eta, PCRrik egin gabe, jangelako langileek lanean segitu behar izan dute: «Gu lehenengo egunetik lanean ari gara, ez PCR eta ez ezer; hori bai, maskararekin denbora guztian». Halere, Alberdik ez du beldurraren mezua zabaldu nahi: «Langileak profesionalak gara, eta zerbitzuak atera egiten dira. Nahi duguna da duintasunez egitea».

Jaurlaritzaren jokabidea

Grebara deitu zuten sindikatuek ere elkarrizketatuen eskaera eta kezka antzekoak azaldu dituzte, ohar baten bidez. Elkar hartuta daude ELA, LAB, CCOO eta UGT. Salatu dute ikasturte hasiera «ezegonkorra» izan dela, eta itzulera «antsietatez» bizi izan dutela. Sindikatuen aburuz, horrek erantzule bakarra dauka: Jaurlaritza. «Gurekin bildu eta itzulera adostu ordez, beste alde batera begira ibili da, bete ezin diren protokoloak aldebakarrez inposatuz». Hori ikusita, osasuna, enplegua eta pertsonen beharrak aurrekontuen eta kostuen gainetik jartzeko eskatu dute.

Sindikatuek salatu dute Eusko Jaurlaritzak grebarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan direla. Begiraleei dagokienez, 2 eta 3 urteko geletako langileen %100ek joan behar izan zuten atzo lanera, eta 4 eta 5 urteko haurrentzat, berriz, ikastetxeko begiraleen %10ek lan egin behar izan zuten. Eizagirrek, esaterako, lanera joan behar izan zuen, 2 urteko haurrekin aritzen baita: «Ez daukagu grebarako eskubiderik ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.