Koronabirusa

Positiboen kopurua ez da milatik jaitsi, eta tasak areagotzen ari dira

1.440 positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian: aurreko egunetan baino gutxiago dira, baina positibo tasa %10etik gora dago. Ospitaleetako egoera larriagotzen ari da

Positiboen kopurua ez da milatik jaitsi, eta tasak areagotzen ari dira.
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Positibo gutxiago dira kopuruei begiratuta, baina joera aldaketarik ez dago oraingoz. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak beste 1.440 kutsaturen berri eman zuten atzo. Kopurua jaitsi egin da aurreko lau egunen aldean —asteburuan 1.700 positibotik gora izan dira—, baina aintzat hartzekoa da zein den joera: hamabigarren egunez jarraian, mila kutsatu baino gehiago atzeman dituzte. Aintzat hartzekoa da positibo tasa ere: PCR proba egitera joandakoen %10,5ek positibo eman dute, atzoko datuen arabera. Egoera larriagotzen ari da erietxeetan: gaixoak pilatzen ari dira.

Aste hauetan Nafarroak eta Gipuzkoak eragin dute kezka berezia, kutsatu kopuru handia pilatzen ari direlako. Hamalau eguneko datua hartzen dute aintzat: bi astean zenbat positibo izan diren 100.000 biztanleko. Nafarroak du tasarik handiena (1.033 positibo 100.000 biztanleko), nahiz eta azken asteetan lehen aldiz eten egin den goranzko joera. Nafarroan ageri da positibo gehien atzoko datuetan ere: beste 500. Kontuan hartzekoa da, gainera, probetara joan eta positibo ematen dutenen ehunekoa bereziki dela adierazgarria Nafarroan: %20ra iritsi da asteburuan, eta atzo %15,8ko datua eman zuten. %5eko erreferentziatik urrun, beraz —OMEren arabera, portzentaje horretatik behera pandemia kontrolpean dago—.

Gipuzkoako intzidentzia tasak ez du goranzko bidea eten: 740 positibo daude 100.000 biztanleko. Hamar egunean bikoiztu egin da tasa —urriaren 15ean, 356 zen tasa—. Atzoko datuetan jaitsi egin da Gipuzkoako positibo kopurua (381), baina urriaren erdialdea baino lehenagoko kopuruetatik oso urrun dago oraindik. Herrialdeko herririk handienetan gainditua dute 500 positiboen tasa, baita hiriburuan ere, Donostian.

Bizkaiko kutsatzeen datuak ere aintzat hartzekoak dira: hogei egun eskasean ia bikoiztu egin da tasa. Urriaren 8an, 217 positibo ziren 100.000 biztanleko, eta orain, 433. Atzo beste 477 positiboren berri eman zuten Bizkaian, azken asteetako kopururik handienetako bat. Araban apalagoa da kutsatuen intzidentzia tasa oraingoz, baina azken egunetan gora egin du han ere: 100.000 biztanleko 349 positibo izan dira bi astean.

Ospitaleratutakoak, gora

Positiboen kopurua etenik gabe ari da nabarmen igotzen, eta ospitaleetako egoera gero eta zailagoa da. Hara: orain astebete, Nafarroan 252 herritar zeuden koronabirusarekin ospitalean; orain, 331. Osakidetzak atzo ez zuen eman ospitaleratuei buruzko daturik, «arazo tekniko bat» izan zuelako.

Kutsatzeak gora, ospitaleetan egoera makurragoa, eta hildako gehiago: beste bi heriotzaren berri eman zuen atzo Nafarroako Gobernuak. Donostiako zahar etxe batean egoiliar bat zendu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.