Koronabirusa

Nafarroak erabaki du hirugarren fasea malguagoa izatea

jon ordonez garmendia
2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak foru agindu bat sinatu zuen igandean, eta martxan da atzotik: hain zuzen ere, astebetez egongo da indarrean, alarma egoera amaitu bitartean. Horrek berekin dakar hirugarren fasea malguagoa izatea. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak, berriz,iragarri du lanean dabiltzala normaltasun berria arautuko duen dekretuarekin.

Haur eskolek %60ra handitu ahal izango dute edukiera, ratio hauek beteta: hezitzaile bakoitzeko 0 eta 1 urte bitarteko bost haur, 1 eta 2 urte bitarteko zortzi, eta 2 eta 3 urte bitarteko hamar. Taldean adin tarte horietako haurrak badaude, batezbesteko batek arautuko du ratioa zein den. Profesional bakoitzak, gainera, egunean osoan haur talde bakarrarekin lan egiten ahalegindu beharko du, eta, ahal dela, leku berean, haurren arteko harremanak eta birusa kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien murrizteko.

Zahar etxeetan eta menpekotasunen bat duten pertsonen zentroetan, koronabirusa ez duten egoiliarrei aire zabalean paseoak emateko baimena emango diete, betiere segurtasun neurriak betetzeko modua badago; esate baterako, segurtasun distantzia mantenduz. Gainera, positiboren bat dagoen zentroetan ere egoiliar bakoitzeko bi bisitari sartu ahal izango dira, eta errehabilitaziorako eta aisialdirako taldeko jarduerak hasiko dira berriro, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.

Ostalaritzari dagokionez, kafetegi, taberna, jatetxe, elkarte gastronomiko eta peñetako barretan kontsumitu ahal izango da, betiere bezeroen edo bezero taldeen artean metro eta erdiko edo bi metroko distantzia mantenduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.