Absoluzioa eskatu dute Askapenako bost auzipetuek epaiketa amaieran

Abokatuek argudiatu dute ez dela ETArekiko loturarik frogatu eta Askapena desegiteak ez lukeela justifikaziorik.Epaiaren zain geratu dira

J. DANAE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2015eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Ez da frogatu ETAk inoiz Askapena zuzendu duenik, ezta bost auzipetuek harekin inolako harremanik izan dutenik ere. Hala baieztatu du Amaia Izko abokatuak Askapenaren aurkako epaiketako azken egunean, eta absoluzioa eskatu du bost auzipetuentzat. Internazionalismoan egindako lanaz «harro» agertu dira Dabid Soto, Unai Vazquez, Walter Wendelin, Gabi Basañez eta Aritz Ganboa, epaimahaiari egindako azken hitzetan. Seina urteko espetxe-zigor eskaera gainean, epaiaren zain geratu dira bostak.

Atzo bukatu zen Madrilen urriaren 19an hasitako epaiketa; fiskaltzak mantendu egin ditu hasierako akusazio eta eskaerak. Kartzela zigorrez gain, Askapena erakundea desegitea eta legez kanpoko izendatzea nahi du Pedro Martinez Torrijos fiskalak. Haren arabera, nazioarteko lana bideratzen zuen «organo komun» bateko kide zen Askapena, eta haren bidez betetzen zituen ETAren aginduak. «Hori existitzen denik ere ez da frogatu», azaldu dio Izkok BERRIAri. «Eta, hori horrela izanik, auzipetuei leporatzen zaizkien egitateak ez dira delitu, eskubide zibilen garapen hutsa baizik».

Bilerak, jardunaldiak antolatzea, nazioarteko kanpainak babestea... Horiek dira epaiketan mintzagai izan dituzten egitateak, eta, Izkok gogora ekarri duenez, halakoen bidez ezin da erakunde armatu bati laguntzea egotzi. Legediak ez ditu aukera gisa ere jasotzen. Eta erakunde armatu bat ez gaitzesteak ere ez du bat laguntzaile egiten, epaileak berak gai horri buruz galdetu dien arren hainbat auzipetu eta lekukori.

Askapena desegiteko eta legez kanpo uzteko eskaerak ere ez du funtsik, abokatuaren esanetan: «Ez da proportzionala, ez da justifikatua». Adierazi du, teknikoki ere, eskaera ez dutela behar bezala egin, auzipetuei leporatzen zaienaren ondorio gisa baizik.

Abokatuek ondorioak azaldu ondoren, auzipetuen azken hitzarekin bukatu da epaiketa. Wendelinek salatu du errespetu falta dela Askapenan egindako lana ETAren aginduz egin zutela esatea, «erakunde baten txotxongilo» gisa hartu dituztelako. Negoziazio politikoa aldarrikatu du Basañezek: «Drama askori kentzen dizkio trabak, sufrimendua arintzen du, eta lehen mailako tresna da gatazkak konpontzeko, Kolonbian, Irlandan, Katalunian edo Euskal Herrian».

Liburu bat, epaileei opari

Vazquezek liburu bat oparitu die epaileei: La década ganada en América Latina (Irabazitako hamarkada Latinoamerikan). Hango egoera aztertzekoa dela esan die: «Prozesu kapitalistei aurre egiten ari gara». «Harro» agertu da Ganboa, «Euskal Herriaren iraupenaren alde» egin dutelako. Akusazioen argudioak arbuiatu ditu Sotok: «Espero dut egunen batean gure bi herriek, Espainiak eta Euskal Herriak, elkar ulertuz, lankidetzan eta esku hartzerik gabe lan egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.