Jaurlaritza prest dago Poliziaren Biktimen Legea defendatzeko

Fernandezi «ulertezina» begitantzen zaio legeari helegitea aurkeztu izana. Hala ere, «oztopoak gainditzeko» modua dagoela dio

gotzon hermosilla
2017ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Kolokan dago Eusko Legebiltzarrak onarturiko Poliziaren Biktimen Legea, Espainiako Gobernuak legearen zenbait atali helegitea aurkeztu ostean. Jonan Fernandez Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusiak agerraldia egin du Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean, EH Bilduk eskatuta, Espainiako Gobernuak jarritako helegiteaz bere iritzia emateko, eta esan du urratsak egingo dituztela legea «irmo» defendatzeko Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aurrean.

Fernandezek uste du Legez Kontrako Errepresio Egoeretan Giza Eskubideen Urraketak Jasan Dituzten Biktimei Errekonozimendua eta Ordaina Emateko Legea —horixe du benetako izena—ez dela Espainiako Konstituzioaren kontrakoa. «Ulertezina» begitantzen zaio horren kontra jotzea, eta, haren ustez, Espainiako Gobernuak erakutsi du, legearen hainbeste atal indarrik gabe uzteko eskatuta, ez duela bat egiten biktimek kalte-ordaina jasotzeko duten eskubidearekin.

Legearen arabera, balorazio batzorde batek ezarri beharko luke, kasu bakoitza aztertu ondoren, nortzuk jo daitezkeen Poliziaren indarkeriaren biktimatzat. Espainiako Gobernuak, aldiz, uste du zeregin hori epaileei dagokiela; argudio hori dago aurkeztu duten helegitearen oinarrian.

Fernandez ez dator bat arrazoibide horrekin, eta uste du legearen edukia bihurritu egin dutela helegitea aurkeztu ahal izateko: «Legeak beren-beregi baztertzen du aukera hori», esan du, «bere garapenak ez baitu inolako ondorio penalik; modu objektibo eta arrazoituan biktimatzat nor jo daitekeen eta horretarako baldintzak nortzuk betetzen dituzten zehaztea du xede. Legearen helburua ez da gertaerak argitzea», zehaztu du.

Gainera, «neurriz kanpokoa» iruditzen zaio Fernandezi Espainiako Gobernuaren asmoa, legearen zenbait atal bertan behera utzita lege osoa indargabetzeko. Heren ustez, Poliziaren indarkeriaren biktimak «modu bidegabean berriro biktima bilakatu» egiten ditu neurri horrek.

Jaurlaritzak uztailaren 4ra arteko epea du alegazioak aurkezteko. Fernandezek iragarri du eskatuko diotela Auzitegi Konstituzionalari legearen zenbait atalen inguruan dagoen behin-behineko indargabetzea bertan behera uzteko. Horrez gainera, giza eskubideen arloan lan egiten duten Euskal Herriko eta nazioarteko zenbait eragileri iritzia eskatuko diote aferaren inguruan.

Neurri horiekin guztiekin, «Espainiako Estatuaren aurreiritziak» indargabetzen saiatuko da Jaurlaritza. Alde horretatik, Fernandez baikor agertu da, eta esan du «oztopoak gainditzeko» modua ikusten dutela, baldin eta alde guztiak «biktimak erdigunean» jartzeko ados paratzen badira.

Auzitegi Konstituzionalak urrira arteko epea du ebazteko legearen zenbait atal behin-behinean indarrik gabe utzi behar ote diren. Gero, bi urteko epea izango du auziaren mamiaz erabakitzeko.

Eskaintza «legezkoa»

Legebiltzarrean agerraldia egin aurretik, elkarrizketa eskaini dio Jonan Fernandezek Euskadi Irratiari, eta han, beste zenbait gairen artean, presoen auzia izan du hizpide. Esan duenez, Jaurlaritzak eskaintza egin nahi die euskal presoei gizarteratzerako bideak jorra ditzaten, baina eskaintza hori «legezkoa, argia eta Konstituzioaren araberakoa» izango litzateke.

Dena dela, Fernandezek nabarmendu du prozesu horietan erabakia ez dagoela Jaurlaritzaren edo Espainiako Gobernuaren eskuetan, «epaileek» erabakitzen dutelako preso bakoitzari gradua aldatzea edo behin-behineko askatasuna ematea.

Fernandezek uste du ETA desagertzeak «eragin garrantzitsua» izango lukeela presoen auzian, eta «aditu asko» bat datorrela iritzi horretan: «Erakunde terroristarik ez badago, juridikoki presoak ez lirateke inongo erakunde terroristako kide», azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.