Urkulluk ez du «eztabaida antzurik» nahi lurraldetasunaz

EAEko lehendakariak «erabateko errespetua» agertu dio Nafarroaren erabakimenari, eta oposizioaren jarrera salatu du Barkosek
Barkos eta Urkullu, 2015eko irailean Iruñean eginiko bileran.
Barkos eta Urkullu, 2015eko irailean Iruñean eginiko bileran. IÑIGO URIZ / ARP

Erredakzioa

2018ko urtarrilak 13
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gutun bat bidali dio Nafarroako gobernuburu Uxue Barkosi, herrialde horri eta hango herritarrei dien begirunea azpimarratuz. Adierazi du «antzua» dela Euskal Herriko lurraldetasunari buruz egunotan sortu den polemika, eta azpimarratu du berak eta bere gobernuak «erabateko errespetua» zor dietela hango instituzioei eta horietan hartzen diren erabakiei. «Beti errespetatuko dugu unean-unean Nafarroako herritarrek euren mesederako hartzen dituzten erabakiak», dio Urkulluk, berri agentziek zabaldu dutenez. Bi orri ditu eskutitzak, eta euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago.

Espainiako Gobernuak aste honetan berretsi du abiadura handiko trenaren sareak Iruñea eta Gasteiz lotuko dituela, eta asteartean hiru gobernuetako ordezkariek Iruñean eginiko agerraldian, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak esan zuen horrek balioko duela «Euskal Herriko hegoaldeko hiriburuak» batzeko eta «nazioa eraikuntza» egitea dela hori.

Hitz horiek gogor kritikatu dituzte Nafarroan oposizioan dauden alderdiek, eta azalpenak eskatu dizkiete bi lehendakariei. Herenegun erantzun zuen Barkosek, kazetariek galdetuta. Haren ustez, Tapiak «errespetu osoa» agertu zion Nafarroaren «estatusari» eta erabakimenari, eta «tranpatzat» jo zituen oposizioaren kritikak; gobernua ahultzeko jarraitzen ari diren estrategiaren barruan kokatu zituen.

Urkulluk ez du jendaurreko adierazpenik egin, baina, lehendakaritzak berri agentzien bidez zabaldu duenez, gutun bat bidali dio Barkosi. Urkulluk polemikarako arrazoirik ez du ikusten Tapiak esandakoetan, antzua deritzo eztabaidari, eta adierazi du ezin dela ezbaian jarri Jaurlaritzak Nafarroako erakundeei eta hango herritarrei dien begirunea. Era berean, «euskararen lurraldekoak diren bi erkidegoen arteko» elkarlanaren alde azaldu da, eta AHTa jarri du adibide gisa; «poza» agertu du hiru gobernuen artean elkar ulertzea egon delako.

Manu Aierdi Nafarroako Ekonomia presidenteordearen ustez, «agerikoa dena» berretsi du Urkulluk, eta eztabaida amaitzeko eskatu du. Astelehenean, baina, Tapia sailburua persona non grata izendatzea aztertuko du Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak, PPk eskatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna