Koronabirusa

Nafarroa lehen fasean sartzeko eskatu du Txibiteren gobernuak

joxerra senar
Iruñea
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Konfinamendua arintzeko prozesuan, Nafarroako Gobernuak lurralde osoa lehen fasean sartzeko eskatu dio Espainiako Osasun Ministerioari. Hala aurreratu zuen atzo Javier Remirez gobernuko lehen presidenteordeak, eta gaueko bederatzietan jakinarazi zuen ministerioak eskatutako agiriak eta Nafarroaren arintze proposamena aurkeztu zituztela. Erredakzio hau ixteko orduan ez zen ezagutzen gobernuaren proposamen zehatza. Eusko Jaurlaritzak eskaria ofizialki aurkeztu ote duen ere ez zuten jakitera eman bart.

Nafarroa barruan eskualderen batzuk bigarren fasera iragateko aukerarik al dute galdetuta, Remirezek zehaztu zuen hamabost egun geratzen direla, eta orduan aztertuko dutela aukera hori.

Remirezek azaldu zuenez, antigorputzik duten eta ondorioz COVID-19 eritasuna garatu duten atzemateko, test azkarrak egiten dabil egunotan gobernua funtsezko langileen artean. Lehenik eta behin, osasun arloan lan egiten duten profesionalen artean egiten ari dira azterketok. Barne departamenduan babes zibilaren arloan lan egiten dutenei ere egiten ari zaie proba, hala nola foruzainei, suhiltzaileei eta 112 larrialdi zerbitzuetako langileei eta boluntario taldeari.

Refena erakustazokan egiten ari dira test azkarrak, eta ia langile guztiei egin dizkiete. Gobernuaren arabera, helburua da langile horien artean kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien eragoztea. Foruzaingoan, 1.019 test egin dituzte, suhiltzaileen artean 343, eta basoetako suhiltzaileei hamabost egin dizkiete. Foruzaingoan egindako test azkarren artean, hamabostek proba egindako unean positibo eman dute, eta horiei PCR proba egin diete jarraian; soilik hiruk eman dute positibo.

Gaurtik aurrera, udaltzainen artean ere egingo dituzte. Nafarroan bederatziehun udaltzain inguru daude, horien erdiak Iruñean. Nafarroan diren Espainiako segurtasun indarren artean ere egingo dituzte test azkarrak, hala guardia zibilen nola Espainiako polizien artean. Bien artean, 2.000 poliziatik gora dira.

Droneak zaintza lanetan

Iragan larunbatetik, herritarrek ariketa fisikoa egin dezakete. Nafarroako Gobernuak atzo jakinarazi zuenez, drone bidez gainbegiratu dituzte Iruñeko Mendillorri eta Lezkairu auzoak, Goñi bailara, Zarrakaztelu eta Murillo el Fruto. Helburua da jende metaketa handirik ez sortzea. Ikusi zutenez, herritarrek arauak bete zituzten oro har, baina hainbat kasutan foruzainak bertaratu egin ziren ohartaraztera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.