Koronabirusa

Intzidentzia 500dik beherakoa da Hegoaldeko lau lurraldeetan

Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Birusaren transmisioaren beheranzko joera berresten ari da egunetik egunera Hego Euskal Herrian; hori ondoriozta daiteke kutsatzeekin loturiko aldagaiei so eginez gero. Batik bat, arintzearen erakusle dira Hegoaldeko herrialdeen intzidentzia tasa metatuak; izan ere, mugarri bat erdietsi da berriki: Hego Euskal Herriko lau lurraldeek 500dik beherako tasa dute, hau da, 100.000 biztanleko 500 positibo baino gutxiago zenbatu dira azken hamalau egunetan. Abuztuaren 18tik, tasak Araban baizik ez zuen gainditzen 500eko langa, eta atzo zeharkatu zuen muga, azkenik. Azken datuen arabera, herrialde horretan 100.000 biztanleko 499 kasu detektatu dituzte azken bi asteetan. Bizkaian, berriz, tasa 437 da; Gipuzkoan, 352, eta Nafarroan, berriz, 327.

Intzidentzia tasetan ez ezik, eguneko kutsatuen kurba ere maldan behera da azken lau asteotan, aski malkartsu. Orain hilabeteko datuekin alderatuta, leuntzea bistakoa da: herenegun 607 kasu positibo zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian egindako probetan. Uztailaren 24an, berriz, 2.077 detektatu ziren; halako hiru baino gehiago, alegia. Halaber, hamar egun joan dira kutsatuen kurbak azken aldiz milakoa gainditu zuenetik.

Positibo tasa: %7,7

Zehazki, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Osakidetzak eta Osasunbideak 7.879 diagnostiko proba egin zituzten, eta, beraz, positiboen ehunekoa %7,7 izan zen Hegoaldean. OME Osasunaren Munduko Erakundeak %5ean du zehaztua izurritea kontrolpean edukitzeko gehienezko muga.

Astelehenean atzemandako kutsatuei buruzko datuak lurraldeka aztertuta, Bizkaian zenbatu zen positibo gehien: 260. Gainera, Gipuzkoan 178 detektatu ziren; Nafarroan, 102, eta Araban, berriz, 60.

Datuek bistan uzten dutenez, halere, oraindik nabarmena da birusak osasun zentroetan utzitako arrastoa. Nekez ari da ospitaleetako okupazioa arintzen. Herenegun beste 53 lagun ospitaleratu zituzten gaitzak jota, eta, horiek aintzat harturik, 410 paziente dira Hegoaldeko erietxeetan sarturik. Zehazki, horietako 106 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dira. Aurreko eguneko datuen aldean, kopurua murriztu egin da: zazpi gutxiago daude.

Gainera, heriotzei dagokienez, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du gaitzarekin eri ziren beste bi pertsona hil direla herrialdean: 76 eta 87 urteko bi gizonezko. Halaber, Bizkaiko Aldundiak ere eman du birusarekin lotutako heriotza baten berri: herrialdeko zaharren egoitza batean bizi zen pertsona bat zendu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.