Espetxean hil da Kepa del Hoyo euskal presoa, bihotzekoak jota

Barne Ministerioaren arabera, kirola egiten ari zela gertatu da. Sortuk mobilizazioetara deitu du gaurko, eta manifestaziora larunbaterako
Sorturen Donostiako egoitzan atzo arratsaldean eginiko agerraldia.
Sorturen Donostiako egoitzan atzo arratsaldean eginiko agerraldia. J. C. RUIZ / ARP

Jokin Sagarzazu

2017ko abuztuak 1
Sortzez Galdakaokoa zen (Bizkaia), baina hil handik 700 kilometrora hil da, Badajozko espetxean (Espainia), Kepa del Hoyo euskal presoa; haren hurkoei jakinarazi dietenez, bihotzekoak jota. Berri agentzietara bidaliko ohar batean, Espainiako Espetxeetako Zuzendaritzak berretsi du senideei esandakoa. Azaldu du atzo goizean modulu bereko kideekin kirola egiten ari zela bihotz-biriketako geldialdia izan zuela eta espetxeko sendagileek aurrena eta hara joandako urgentziazko zerbitzuetakoek gero ezin izan zutela suspertu. Eguerdi aldera eman zien heriotzaren berri Badajozko espetxeko zuzendaritzak senideei eta epaileari. Kartzelan hildako hamaseigarren euskal presoa da. Mobilizazioak egin zituzten atzo, eta gehiagotara deitu dute gaurko eta datozen egunetarako. Larunbaterako, «manifestazio nazionala», Galdakaon, 18:00etan.

Hainbat atentatu prestatzeko ETAri informazio ematea leporatuta zigortu zuten del Hoyo. 1998an atxilotu zuten, eta ia hogei urte zeramatzan preso. Hura epaitu eta zigortzeko erabili zuten Zigor Kodearen arabera, gehienez 30 urteko zigorra bete zezakeen, eta, espetxe araudi arrunta ezarrita, nabarmen murritz zezakeen. «Espainiako legedia aplikatuta, kalean behar luke, baina gerra estrategia baten salbuespen legediak mantentzen zuen espetxean», adierazi du Sortuko eledun Arkaitz Rodriguezek, Donostian eginiko agerraldi batean. Han izan dira Antton Lopez alderdi horretako Presoen Batzordeko eleduna, Rufi Etxeberria Gatazkaren Ondorioen Konponbiderako Batzordekoa, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia eta Ernaiko kideak. «Espetxe politikak hil du Kepa», adierazi du Rodriguezek. Sortuko Ekintza Politikoko idazkaria ere badenak azaldu duenez, euskal presoen urruntzeak, sakabanaketak eta bakartzeak «ondorio jakinak» ditu presoen osasunean, eta horiek eragina izan dute Del Hoyoren kasuan ere.

2012an, adibidez, presoak salatu zuen Badajozko espetxeko funtzionario batek iraindu eta mehatxatu egiten zuela. Etxerat-ek jakinarazi zuenez, langile horrek aspalditik zuen jarrera oldarkorra euskal presoekin. Del Hoyok egoeraren berri eman zion espetxeko zuzendaritzari, eta moduluz aldatzeko eskatu zuen, baina ezezkoa jaso zuen.

Gisa horretako egoerak salatu ditu Sortuk, eta Espainiako Estatuaren «gerra estrategian» kokatu ditu. Aldiz, berretsi du beraiek «bake eta askatasunaren bidea» urratzen jarraituko dutela. Horrekin loturik, eragile politiko, sozial eta sindikalei dei egin die «salbuespen legedia amaitzeko bidea elkarrekin egiteko».

Antzera mintzatu da Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, bideo batean. Adierazi du presoak «kaleratzeko» beharrezkoa dela eragileen artean bide orri bat adostea. Elkartasuna helarazi die Del Hoyoren senideei, eta adierazi du atzokoa «dolu eguna» izan dela Euskal Herrian: «Abertzale bat hil dute».

Aralarrek, ohar batean, «larritzat» jo du gertatua, eta adierazi du «inoiz gertatu behar ez zuen gertakaria» izan dela. «Halako egoera batek agerian uzten du Espainiar estatuak indarrean duen salbuespeneko legedia bertan behera uztea ezinbestekoa dela».

Sortu eta EH Bilduko ordezkaritza batek Badajozera egingo du bidaia, Del Hoyoren gorpua Euskal Herriratzeko. EH Bilduren izenean, Julen Arzuaga izango da han, eta Sorturenean, Rufi Etxeberria eta Antton Lopez.

Mobilizazioak

Sortuk, LABek eta Ernaik mobilizazioetara deitu dute gaurko, «herri guztietan», 19:00etan, eta omenaldi bat antolatzen ari dira etziko, Galdakaoko beilatokian. Larunbaterako, berriz, manifestaziora deitu dute, Galdakaon, 18:00etan. Baionan ere egingo dute protesta, gaur, 19:00etan, Espainiako kontsularen egoitzaren aurrean, Sortuk deituta.

AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ere salatu du heriotza, eta elkarretaratzea antolatu du gaurko, Donostiako Bulebarrean, 19:30ean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria