Koma baten indarra

Pentsioen euskal sistema propioaren aukeraz eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioaz mintzatu dira Eusko Legebiltzarreko ordezkariak EHUko ikastaroetan

Ezkerretik eskumara: Auzmendi, Aiartza, Pinedo, Tejeria, Pastor, Hernandez eta Danborenea, atzo, Donostiako Miramar jauregiaren lorategian. JON URBE / FOKU.
Jon Fernandez.
Donostia
2018ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Puntuazio markak egoki erabiltzeak agerian laga ditzake gezur politikoak, edo, behinik behin, egia erdiak. Anton Danboreneak, Eusko Legebiltzarreko PPko legebiltzarkideak, Espainiako Konstituzioaren artikulu bat irakurri zuen atzo Donostiako Miramar Jauregian, EHUko udako ikastaroetan pentsioez egindako mahai inguruan, argudiatzeko pentsio sistemaren eskumenik ezin dela ekarri Gasteizera. Zehazki, 149. artikuluaren 1.17 puntua irakurri zuen, argi uzteko zer eskuduntza dauden, era esklusiboan, Madrilen eskuetan: «Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintza eta ekonomia erregimena». Pentsioen kutxa, alegia. Ordu erdi geroago erantzun zion Jon Aiartza EAJko legebiltzarkideak, hitza hartu zuenean: «Pena bat da Danborenea jauna koman geratu izana. Geldialdi txiki bat egiteko da koma, ez da puntu bat». Eta irakurri egin zuen 149. artikuluaren 1.17 puntuak nola jarraitzen duen koma eta gero: «[...], erkidego autonomoek alor honetan duten esku hartzea salbu». Hau da, konstituzioaren arabera, nahiz eta pentsioen kutxa estatuaren eskumena izan, erkidegoek kudea dezakete, Gernikako estatutuak jasota daukan eran.

Puntuazio ikur bakar batek argudio politiko bat desegin zuen atzo, baina Eusko Legebiltzarreko bost alderdietako ordezkariak ez ziren ortografiaz mintzatu Miramarren, pentsioez baizik.

Euskal sistema propioa izatearen aukeraz galdetuta, hiru jarrera nagusitu ziren: sistema propioa onuragarri eta legezko ikusten dute jeltzaleek eta EH Bilduk; legez kanpoko eta defizitario PPk; eta egingarri eta mesedegarri Elkarrekin Podemosek eta PSEk, betiere kudeaketa Gasteizek soilik hartzen badu bere gain.

Jose Antonio Pastor sozialistak eta Jon Hernandez Podemosekoak sistema publiko eta duina bermatu beharra nabarmendu zuten. Begi onez ikusten dute kudeaketa Jaurlaritzak hartzea, «erabakigunea herritarrengandik hurbilago legokeelako», baina Espainiako kutxa bakarra apurtu gabe. Bi bertute egozten dizkiote kutxa bakarrari: «Elkartasuna: belaunaldien artekoa, eta lurraldeen artekoa».

Kutxa bakar «ikusezina»

Danboreneak iragarri zuen pentsio sistema propioa eutsiezina litzatekeela. Kalkulatu zuen sistemak 3.000 milioi euroko defizita lukeela orain, kotizazioak eta pentsioen ordainketak kontuan hartuta, eta esan zuen Espainiako kutxa bakarrari esker kobratzen dituztela pentsioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Balizko defizita ukatu zioten Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak eta Aiartza jeltzaleak. Pinedok azaldu zion kotizazioak ez direla sistemaren diru iturri bakarra, eta erkidego guztiak direla defizitarioak, kotizazioen eta pentsioen arteko konparazio hutsa eginez gero.

Aiartzak aipatu zuen faltsua dela kutxa bakarraren eztabaida: «Nik ez dut inon ikusten kutxa bakarra: ez da ageri ez konstituzioan, ez Gernikako estatutuan». Hori bai, «sistemak izaera bateratua izan behar du, eta elkartasunekoa». Eta hori ez litzateke hautsiko pentsio sistemaren kudeaketa Jaurlaritzak hartuta ere.

Aiartzak uste du eskumena «berehala» eskuratu behar dela. «Baina, bien bitartean, berma daiteke 1.080 euroko gutxieneko pentsioa?», galdetu zuen erretiratu batek publikotik.

Erantzun zioten Jaurlaritzak ez duela eskumenik pentsioak osatzeko, baina bai gutxieneko diru sarrerak bermatzeko: DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez. DSBEak, orain, 732 eurora arte osatzen ditu diru sarrerak, baina ez bakarrik pentsiodunenak, baita langileenak ere. Pentsiodunei 1.080ra igoz gero,DSBEa bera 1.080 eurora igo beharko litzateke, denentzat. Egin daiteke, baina kostu bat du. «Aurrekontuetako zer beste ataletik kendu behar da zati hori?», galdetu zuen Aiartzak.

Pinedok ohartarazi zuen tranpa dela jendea pentsioekin beldurtzea. Azaldu zuen sistema jasangarri batek berma dezakeela pertsonen duintasuna. Borondatea egonez gero egingarria delakoan dago, eta EAJren eta PPren pentsioen azken ituna aipatu zuen, adibide: «Argi erakutsi dute hau politika dela: gaur ezinezkoa dena bihar posible dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.