ANALISIA

Prozesua bizirik dago

Joxerra Senar -

2019ko ekainak 8
Aurreko udan, Realera etorriko ziren jokalarien inguruko jakin-mina ezin aserik, Roberto Olabe kirol zuzendariak esan zuen fitxaketen prozesua «izaki bizidun» bat zela. Edozein gertakarik alda zezakeen dena alde batera edo bestera. Nafarroan, gobernua osatzeko prozesua ere izaki biziduna da, adar askoko munstrotzarra. Mundu guztiaren ahoan dabil galdera berbera: zer gertatuko da? Itxuraz, 2007ko abuztuko kolpea errepikatuko dela dirudi, baina tartean hamaika gauza gerta daitezke, eta balantza alde batera edo bestera eraman.

PSN-PSOE agertokiaren erdi-erdian jarri da, eta foku guztiak Nafarroara zuzendu dira. PSN irmo azaldu da solaskideen eta kazetarien aurrean, gobernua osatzeko prestasun osoa duela adieraziz. Baina jada hasi da antzematen bileretako ate azpitik bere hankatxoa: Navarra Sumaren alkatetzak ahalbidetu, tartean Iruñekoa, eta parlamentuko presidentea sozialista izatea nahi du. Badaezpada ere, zer gerta ere. Sozialistek ezarri dituzte joko arauak, eta beste hiru alderdiei konpartsaren rola eman dietela irudikatu dute. Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak zuhur jokatu nahi dute, hasiera-hasieratik pauso oker bat emateko arriskua saihestuz, baina ezinbestean sozialisten jokoan sartuz. Laukoaren kohesioa desegin da ziztu bizian. Izan ere, badirudi PSNk 11 parlamentari baino 23 dituela zuzen-zuzenean. EH Bildurekin mahai batean esertze hutsa marra gorria da sozialistentzat. Espainian botoak galduko dituzten beldur, apartheid politiko bat ezarri dio iazko zentsura mozioaren alde bozkatu zuen EH Bilduri. Espainian higadura jasateko beldur, eurena den arazoa gainerakoen bizkar gainean utzi dute.

Eta asteon etorri da lehen ustekabeko mugimendua. Abstentzio bidez, Sanchezen inbestidura ahalbidetzea proposatu du Javier Esparzak, Nafarroan eskuinak gobernatzearen truke. Biek egonkortasun preziatua eman diezaiokete elkarri, inbestiduran eta legealdian. Eskaintza horrekin, Navarra Suma osatu zeneko akordioa hautsiko luke UPNk; baina harrigarriki, Pablo Casadok (PP) babestu egin du, agerian utziz komenentziako ezkontza bat izan dela dena. Denek dute zer irabazi: Esparzak UPNren eta PSNren arteko ententea berpitz dezake; Nafarroan hilzorian zen PPk bi parlamentari ziurtatuko ditu; eta lurraldean presentziarik ez zuen Ciudadanosek hiru parlamentari ditu, eta akaso gobernuan kargu organikoak eskuratzeko aukera.

PSOEk interesgarritzat jo du eskaintza, baina bere eremura eraman du. Navarra Sumak Espainian independentistak geldiarazi nahi baditu, ahalbidetu dezala Sanchezen inbestidura, eta gero gerokoak. Bitartean denbora irabazten dute, eta, ibiliaren ibiliaz, mapa malkartsu horretan zer bide hartu erabakitzeko aukerak irekitzen zaizkio PSN-PSOEri. Jada lortu dute toki bateko zein besteko arerioak haien doinupean dantzan jartzea. Bidean, mugarri gisa, hainbat esaldi geratuko dira —Alzorriz: «Esparzak goi traizioan ohorezko matrikula du»—. Aurrerago, protagonistaren aurka itzul daiteke. Edo ez. Hartzen den bidearen arabera. Prozesua bizirik baitago.