Pertsonako 142 kilo janari galtzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritzak aztertu du zenbat elikagai xahutzen den urtero. Etxeetan galtzen dira elikagaien %44,7. Irailetik aurrera proposatuko dituzte egoerari aurre egiteko neurriak

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Ingurumen eta Jasangarritasun Sailak aztertu du zenbat elikagai galtzen den urtero elikadura katean. JON URBE / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako janari xahutzea kudeatzeko eta murrizteko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Ingurumen eta Jasangarritasun Sailak aztertu du zenbat janari galtzen den urtean elikadura katean, Elika fundazioaren bitartez. Txostena «aitzindaria» da Europan, Euskadiko Itun Berdea egitasmoaren barruko Elikagaien Xahuketaren Aurkako Euskadiko Estrategiaren parte da, eta atzo aurkeztu zuten, Donostian. Txostenean ondorioztatu dutenez, urtean 311.588 tona janari xahutzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hau da, biztanle bakoitzak 142 kilo xahutzen ditu.

Europako batez besteko datuekin alderatuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritar bakoitzak janari gutxiago xahutzen ditu; izan ere, aurreko azterlanen arabera, Europako biztanle bakoitzak 173 kilo elikagai inguru galtzen ditu alferrik urtean. Bittor Oroz Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen arabera, baina, bi datuak «ezin dira askorik konparatu», besteak beste ez dakitelako zer metodologia erabili duten Europako datua ateratzeko.

Botatako elikagai motak

Xahututako elikagaiak jangarriak diren edo ez bereizi dute txostenean. Horren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan galdutako elikagaien %28 inguru jangarriak dira, eta, beraz, pertsona bakoitzak jan daitezkeen 40 bat kilo elikagai galtzen ditu urtean. «Baliagarriak izan daitezkeen materialak» ere identifikatu nahi izan dituzte ikerketan. Arantxa Madariaga Elika fundazioko zuzendariak azaldu zuenez, haiek asmatu duten kontzeptu bat da hori, eta hasierako neurketatik kanpo gelditzen diren hondakinak hartzen ditu kontuan; horiek, baina, beste zerbaitetarako aprobetxatu daitezke. Horrela, ondorioztatu dute ekoizpen eta eraldaketa faseetan baliagarriak izan daitezkeen 4.332.945 tona material botatzen direla urtero.

Sektoreka aztertu dute galdutako elikagai kopurua. Horrela, ikusi dute 311.588 tonatik %1,5 lehen mailako ekoizpenean galtzen direla; %9,5 hotel, jatetxe eta catering zerbitzuetan; %20,4 banaketan eta establezimenduetan; %23,4 eraldaketan eta enpresetan; eta %44,7 etxebizitzetan. Beraz, etxeetan xahutzen dira elikagai gehien: 139.268 tona elikagai urtean. Txostenean adierazi dutenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxebizitza bakoitzean 63,5 kilo elikagai galtzen dira urtean. Hori horrela, ondorioztatu dute Araban herritar bakoitzak 1,31 kilo elikagai xahutzen dituela astero; Bizkaian, 1,19 kilo; eta Gipuzkoan, 1,20 kilo.

Nola ekin

Orozen arabera, «astakeria» da hainbeste elikagai xahutzea, eta iragarri du irailetik aurrera hasiko direla zehazten eta sektoreari eta gizarteari helarazten egoerari aurre egiteko hartu daitezkeen neurriak. Izan ere, Madariagak ohartarazi zuen egoera konpontzeko eta ekonomia zirkularraren ereduranzko trantsizioa egiteko bidean lan «handia» dagoela egiteko: «Martxan ez jartzea ez litzateke parte onekoa».

Horrela, Elikako zuzendariak azaldu zuen prebentzioa dela xahutzea murrizteko mekanismo nagusia. Egoera prebenitzeko neurketa zehatz bat egitea beharrezkoa dela gogorarazi zuen, egoera zein den jakiteko aukera dagoelako. Gainera, neurketa hori oinarri hartuta egingo dira sentsibilizazio eta kontzientziazio ekintzak. Era berean, Orozek adierazi zuen ahalegin «handia» egin behar dela elikaduran kontsumo kontzientzia «handiagoa» izateko, nork bere elikadura katearekin harreman «iraunkorrago» bat izateko.

Horrez gain, Madariagak adierazi zuen gizarte osoak duela erantzukizuna xahuketan, baina, era berean, herritar bakoitza dela konponbidearen parte. Horregatik, nabarmendu zuen beharrezkoa dela sistema osoan parte hartzen duten eragileak elkarren artean komunikatzea, «etengabe».

2030erako, erdira

NBE Nazio Batuen Erakundeak garapen jasangarrirako 12. helburuan jasotzen duenez, 2030. urterako erdira murriztu beharko da elikagaien xahutzea. Bide horretan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hobetzeko tarte «handia» dagoela ohartarazi zuen Elikako zuzendariak, eta iragarri zuen hemendik lau urtera beste neurketa bat egiteko asmoa dutela. Besteak beste, neurketa horrek balio izango du elikagai gutxiago xahutzeko martxan jartzen diren ekintzen balorazioa egiteko.

Urtarriletik aurrera, enpresek elikagai xahutzearekin lotutako neurri batzuk bete beharko dituzte, eta, besteak beste, elikagaiak kudeatzeko eta xahutzea murrizteko planak izan beharko dituzte. Neurri horiek betetzen lagunduko diete enpresei. Azaldu zuen elikagaiak emateko sare solidario batzuetan ari direla lanean, janari soberakinak ez botatzeko. Eta jakinarazi zuen zenbait elikagai gizakiak jateko nola berrerabili ikertzen ari direla.

Sailburuordeak hizpidera ekarri zuen Ukrainako gerrak eragindako abereen elikadurarako lehengaien krisia ere. Adierazi zuenez, elikagaiak berrerabiltzeko modu bat ikertzen hasi dira, eta, horren bitartez, krisi horri aurre egiteko aukera egongo litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.