Koronabirusa

Saltokietan eta kirol jardueretan neurriak arinduko ditu Nafarroak

Maria Ortega Zubiate
2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak hainbat neurri murriztaile malgutzea erabaki du, eta bihartik aurrera indarrean izango dira saltokien edukierari eta kirol jarduerei eragiten dieten neurri berriak. Horien artean, hauek dira nabarmenenak: supermerkatuak bezalako establezimendu handi eta ertainen edukiera %50era handituko da, eta kirol jardueretan hamabost pertsona arteko taldeak baimenduko dituzte. Kirol jardueretan, hogei pertsona arte biltzeko aukera ere egongo da, kirol eremuak baldintza jakin batzuk betez gero: hala nola kirolari bakoitzeko bost metro koadroko eremua egotea mugikortasun txikiko ekintzetan, eta hamasei metro koadrokoa mugikortasun handikoetan. Gainera, kirol instalazioek une oro aireztatuta egon beharko dute.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak atzo azaldu zuen neurri murriztaileak leuntzeko prozesu «geldo, progresibo eta zuhurraren» parte direla bihartik aurrera indarrean sartuko direnak, eta neurri berriak hartzeko orduan ospitaleetako egoera izango dutela kontuan, ez hainbeste kutsatu kopurua. Gobernuak atzo onartu zuen foru dekretuak baimenduko dituen neurriak batez ere udari begira hartutakoak direla. Sektore anitz ukitu ditu. Igerilekuak izan dira horietako batzuk: horietako eremu berdeetan erabiltzaile bakoitzaren tokia gehienez lau metro koadrokoa izango da. Kanpalekuei dagokienez, ezingo dira 60 lagun baino gehiago elkartu, eta monitore bat izan beharko dute zortzi laguneko, gutxienez.

Gurtza eremuetan 1,5 metroko tartea utzi beharko dute pertsonen artean, eta gehienez 300 lagun egon ahal izango dira. Ostalaritzako ordutegietan ez dute neurri berririk ezarri: barnealdeak 23:00etan itxi beharko dituzte, eta terrazak, 1:00etan. Maskararik ez erabiltzeari buruz ere mintzatu da Txibite, eta azaldu du gizartearen gehiengo bat txertatuta egotean gertatuko dela hori, baina «oraingoz» neurri hori ez dutela hartuko.

Datuak nola, gaua hala

Gainera, Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak eta Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak agerraldi bat egin zuten atzo, Espainiako Osasun Sistemako Lurralde Arteko Kontseilua bildu ondoren. Dariasek jakinarazi zuen Jardunbide Koordinatuen Agiri bat onartu dutela, eta, horren arabera, adibidez, gau klubetan ezingo diotela jardunari berrekin 100.000 biztanleko 50 kasu baino gutxiago eduki arte. Jaurlaritzak ez zuen parte hartu, iritzi diolako Jaurlaritzaren eskumenak urratzen direla eta Labiren Aholku Batzordeak ezarritako neurriekin talka egiten dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.