Koronabirusa

Hegoaldeko ZIUetan 88 paziente dira birusarekin eri

Uxue Rey Gorraiz.
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Gero eta bistakoagoa da joera: izurritearen laugarren olatuak indarra galdu izanak zuzeneko eragina izan du ospitaleen egoeran, eta birusak gero eta ohe gutxiago ditu hartuak Hegoaldeko zentroetan. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, guztira 218 lagun dira COVID-19arekin ospitaleraturik. Aldagai horri dagokionez, azken asteotan nabarmen malkartsua izan da beheranzko malda: maiatzaren 10ean 677 pertsona ziren erietxeraturik, hau da, paziente kopurua gaur egungoaren hirukoitza zen joan den hilabetean.

Gainera, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan direnen zenbatekoak ere beheraka segitzen du, ia etenik gabe: Hegoaldean 88 gaixo dira unitate horietan gaitzarekin. Hain zuzen ere, beste mugarri bat erdietsi da: abuztu hasieratik, kopurua ez da inoiz izan 90etik behitikoa; atzo arte. Konparazio batera, ZIUetan ere aski handia izan da apaltzea: maiatzaren 10ean 198 eri ziren horietan.

Halaber, azken datuen arabera, herenegun 24 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta; Osakidetzaren ardurapeko zentroetan sartu zituzten horiek guztiak; izan ere, Nafarroan ez zen izan birusari loturiko ospitaleratzerik. Bestalde, azken hamalau egunetako datuak oinarri, Hegoaldean eguneko 32 lagun erietxeratu dituzte batez beste.

Apalago, mantso bada ere

Gaitzaren transmisioari dagokionez, kutsatzearen barealdia ez da eten; Hegoaldean egindako azterketen emaitzei so, bilakaera onbidean da oraindik ere. Herenegun 287 COVID-19 kasu atzeman ziren, Osakidetzak eta Osasunbideak birusa detektatzeko 9.302 diagnostiko proba egin ondotik. Horiek horrela, zehazki, asteazkenean egindako test guztien %3,1ek eman zuten positibo.

Zehazki, herenegun Hegoaldean detektatutako kutsatuen datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian izan zen positibo gehien: 134 izan ziren, zehazki. Gainera, Gipuzkoan 76 kasu atzeman zituzten; Nafarroan, 49 zenbatu ziren, eta Araban, berriz, 25.

Hegoaldeko osasun sistemek egunetik egunera emandako datuez gainera, pandemiaren bilakaera ikusteko argigarri da Hegoaldeko herrialde bakoitzeko intzidentzia tasa metatuei so egitea. Gaur egun, lau lurraldeenak dira 200dik beherakoak. Zehazki, Gipuzkoan 100.000 biztanleko 186 pertsonari atzeman diete gaitza azken hamalau egunetan. Bizkaia da atzetik, koska bat beherago: tasa 184 da herrialde horretan.Araban, 152 da. Maiatzaren 29tik aitzina, Nafarroak du daturik txikiena aldagai horretan: Osasunbideak 100.00 biztanleko 127 herritarri detektatu die COVID-19a azken bi asteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.